Mendia

Oh Eun-Sun korearrak iritsi du Annapurnako gailurra

Horrenbestez, 14 zortzimilakoak igo dituen lehen emakumea da. Edurne Pasaban tolosarrak helburu bera zuen, baina korearrak hartu dio aurrea. Zoriondu egin du.

2010eko apirilaren 27a
18:22
Entzun
Euskal Herrian goizeko hamaikak eta laurden pasatxo zirela zapaldu du Oh Eun-Sun 44 urteko mendizale korearrak Annapurnako gailurra, beheko kanpalekutik abiatu eta 13 ordura. Hala jakinarazi du Yonhap agentziak, eta Hego Koreako KBS telebistak zuzenean eman du iritsiera. Ondorioz, korearra da 14 zortzimilakoak igo dituen lehen emakumea.

Edurne Pasaban tolosarrak ere helburu bera zuen, baina Oh Eun-sunek hartu dio aurrea. Hain zuzen ere, une honetan Shisha Pangman da Pasaban, gailurrera igotzeko prestaketa lanetan. Atzo iritsi zen tolosarra beheko kanpalekura. "Oh Eun-sunek nik baino aukera handiagoa zeukan lehenago egiteko. Zoriontzekoa da egin duten lana", esan du gaur eguerdian Pasabanek Euskadi Irratian.

"Poz hau Hego Koreako herriarekin partekatu nahi dut. Eskerrik asko", adierazi du Oh Eun-Sunek. Urrian ere saiatu zen Annapurna igotzen.

1997ko uztailean lortu zuen aurreneko zortzimilakoa: Gasherbrum II (8.035 metro). Munduko gailurrik handiena -Everest, 8.848 metro-, 2004an igo zuen.

Bi kirolariek lehia gogorra izan dute 14 zortzimilakoak lortzeko azken txanpan, eta elkarrenganako zalantza eta mesfidantzak ere agertu izan dituzte. Hain zuzen ere, Pasabanek zalantzan jarri zuen joan den astean aurkari korearrak Kangchenjunga igo zuela.

Gizonezkoetan Reinhold Messner izan zen 14 zortzimilakoak igotzen aurrena. Lehendabizikoa, 1970ean: Nanga Parbat (8.125 metro). Azkena, 1986an: Lhotse (8.516 metro).

Pasabanen zortzimilakoak

Igo dituenak

- Everest (8.848 metro). 2001eko maiatzaren 23an.

- Makalu (8.465). 2002ko maiatzaren 16an.

- Cho Oyu (8.201). 2002ko urriaren 5ean.

- Lhotse (8.516). 2003ko maiatzaren 26an.

- Gasherbrum II (8.035). 2003ko uztailaren 19an.

- Gasherbrum I (8.068). 2003ko uztailaren 26an.

- K2 (8.611). 2004ko uztailaren 26an.

- Nanga Parbat (8.125). 2005eko uztailaren 20an.

- Broad Peak (8.047). 2007ko uztailaren 12an.

- Dhaulagiri (8.167). 2008ko maiatzaren 1ean.

- Manaslu (8.156). 2008ko urriaren 5ean.

- Kangchenjunga (8.586). 2009ko maiatzaren 18an.

- Annapurna (8.091). 2010eko apirilaren 17an.

Falta zaiona

- Shisha Pangma (8.027). Han dago, eta aurki egingo du igotzeko saioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.