ERRUGBIA. V. MUNDUKO KOPA

Ohiko sailkatuek, ohiko jokoa

DONOSTIA
2003ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
kuskizun handiaren bigarren zatia hasiko da larunbatean, final-laurdenetako kanporaketekin: Zeelanda Berria-Hegoafrika eta Australia-Eskozia, larunbatean, eta, Frantzia-Irlanda eta Ingalaterra-Gales. Oro har, orain arte ikusitakoa ontzat eman daiteke. Berrogei partida jokatu dira, eta lauzpabost neurketa ikusteko modukoak gertatu dira. Pare bat nabarmentzekotan, Ingalaterra-Hegoafrika eta Zeelanda Berria-Gales nabarmendu behar. Emaitza estukoak ere izan dira, eta baita entsegu ugarikoak ere. Espero baino sendotasun handiagoa Hegoafrikak erakutsi du, eta jokoan pixkanaka sartu direnak, berriz, Irlanda eta Gales.

-Ohiko taldeak: Kontuan harturik aitzineko lau mundialak, bost taldeok errepikatuko dute final-laurdenetako kanporaketa: Zeelanda Berriak, Australiak, Frantziak, Ingalaterrak eta Eskoziak. Hortaz, eskarmentu handiko taldeak ariko dira asteburuan. Hegoafrika ez zuten gonbidatu lehen bi mundialetan, arrazakeriagatik. Irlanda, Mundialera sartzeko ligaxkan kanporatu zuten, 1999koan. Galesek bitan huts egin zuen (1991 eta 1995). Samoa bi mundialetan aritu zen (1991 eta 1995). Bestetik, Argentina (1999), eta Kanada (1991) behin sailkatu ziren.

-Ahulei mesederik ez: Munduko Kopa urriaren 10ean hasi zen, eta sailkapen fasea azaroaren 2an amaitu zen. Hortaz, 24 iraun du. Jakina da errugbia kirol gogorra dela gorputzarentzat, eta berez hiru astean goren mailako lau partida jokatzea aski gogorra baldin bada, 14 egunetan are gogorragoa. Hori gertatu zaio hainbat talde ahuli, eta kritikak jaso ditu IRBk (Nazioarteko Federazioa). Tongak, esate baterako, lau partida jokatu ditu 4, 5 eta 5 eguneko tartean. Namibia, Japonia, Uruguai, Italia eta Georgia ere kaltetuta gertatu dira.

-Neurri onean: Mundiala utzi dutenen artean (12 talde), Argentinak espero zen joko maila erakutsi du. Irlandak puntu batez irabazi zion, baina Irlanda IRBren onenen zerrendan hirugarren dago sailkatuta. Hori bai, oso joko sortzaile gutxi erabili du. Samoak Ingalaterraren aurka erakutsi zituen bere dohain guztiak; hots, indarra, joko sortzailea, irrika eta teknika, baina gehiegi nekatu zen Hegoafrikari aurre egiteko bost egunetan. Hurrengorako, Zeelanda Berrian jardun, baina All Blacksekin jokatzeko aukerarik ez duten jokalariak Samoarekin aritzeko uzteko eskatuko dute Samoako agintariek. AEBk ere asko hobetu du, eta nabari zaio urtean zehar jokatzen dituen nazioarteko txapelketak; Pacific Rim, esate baterako. Fiji espero zen neurrian aritu da, Tongari multzo zaila suertatu zaio, eta Italiak bera baino indartsuagoa den Galesek menderatu du.

-Ahulak, oraindik ahul: Georgiak lehen Mundiala jokatu du, eta hiru talde indartsu ukan ditu multzoan: Hegoafrika, Ingalaterra eta Samoa. Hortaz, ezin eska zekiookeen ezinezkorik. Gainera, Tsabadzek, taldeko jokalararik esanguratsuenak, ez du jokatzerik izan, eta, Frantziako Beziers taldean diharduten bi jokalariri ez diote utzi Mundialera joan zitezen. Bere helburua Uruguai menderatzea zen, baina ez du lortu. Uruguaik, Namibiak eta Errumaniak ez dute deus hobetu, eta, Kanada eta Japonia, hor nonbait.

-Joko era: Joko osoa egiten duten taldeak dira Zeelanda Berria, Frantzia eta Irlanda; bakoitza bere neurrian. Frantziak hirugarren lerro indartsuan oinarritu du jokoa, eta ohiko joko erasokorra erabili du, jokaldi konbinatuekin,baina ez du tamainako kontrariorik ukan. Zeelanda Berriak antzekoa darabil, bina gehixeago oinarrituta gibelekoen jokoan. Defentsan hutsuneak antzeman dizkiogu. Irlandak ere horien bien antzeko jokoa darabil, baina gehixeago oinarritua bihotzean. Hegoafrika eta Ingalaterra joko fisikoa erakutsi dute, aitzinlari mardulekin, eta baloiari tinko eutsita. Galesek defentsa bizia eta gogotsua erakutsi du. Bestetik, Polinesiako irletakoek eginiko jokoa desberdina da beti, eta hala erakutsi dute; betiere, Samoarena pitin bat bereizita.

-Adio mundialari: Final-laurdenak jokatuko ez dituzten artean hauexek nabarmenduko genituzke:Hickie eta Quinlan (Ir.), Grewcock (In.), Van Niekerk (Heg.) eta Garbajosa (Fr.).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.