Athletic eta Espainiako Kopa elkarrekin doaz. Ezin da ulertu ez bata ez bestea elkarren arteko harremana kontuan hartu gabe. Asko zor diote bata besteari. Kopak ospea eman dio Athletici, baina Athleticek ere ospea eman dio Kopari. Lehiaketaren garaipen zerrendari erreparatu besterik ez dago bien arteko lotura estuaz jabetzeko: talde zuri-gorriak 24 aldiz irabazi du, eta hamahiru aldiz izan da txapeldunorde. 37 final jokatu ditu guztira, Real Madrilek adina. Espainiako taldea, hala ere, gehiagotan izan da txapeldunorde txapeldun baino: hemeretzi eta hemezortzi aldiz, hurrenez hurren. Titulu kopuruan Bartzelona da lehena, 25 irabazi baititu —bederatzi aldiz izan da txapeldunorde—.
Athleticek irabazitako tituluenkontura, hala ere, bada eztabaidarik. 1902ko ekitaldian dago koska. Urte horretan Koroazio Kopa izeneko lehiaketa jokatu zen, Espainiako errege Alfontso XIII.a adin heldutasunera iritsi zela ospatzeko. Bizkaia izeneko taldeak irabazi zuen, finalean Bartzelonari 2-1 irabazita, Madrilgo zalditegiko zelaian. Athleticek askotan eskatu du kopa hori, finala irabazi zuen talde hura Athletic eta Bilbo kluben arteko bat egitearen ondorioa izan baitzen. Espainiako Federazioak, baina, oraindik ez dio eman Kopa hori.
Eztabaidak eztabaida, Athletic beti nabarmendu da Kopan, hastapenetatik gainera. Hala, lehen hamazazpi ekitaldiak jokatuta —Koroazio Kopakoa barne—, zortzi Kopa zituen jada. Ez zen hor bukatu zuri-gorrien uzta. Hurrengo urteetan garaipen zerrenda loditzen eta loditzen joan zen. Zenbait alditan Athletic nahierara aritu zen, eta bata bestearen atzetik kateatu zituen tituluak:1930etik 1934ra jokatutako lau ekitaldiak irabazi zituen, 1943tik 1945era jokatutako hirurak,1955etik 1958ra jokatutako lautik hiru... 1958an jada 21 zituen irabaziak, eta merezita zuen irabazia Kopen errege goitizena.
1958tik aurrera, baina, tituluak tantaka iristen hasi ziren. 1966-1967ko sasoira arte ez zen aritu berriz final batean. Ez zen izan itzulera gozoa, galdu egin baitzuen, Zaragozaren aurka, Santiago Bernabeun (2-0). Beste horrenbeste gertatu zitzaion urtebete geroago: berriro galtzaile Bernabeun, orduan Valentziaren aurka (2-1).
Lehortea beste bi urtez luzatu zen, Elxeri Bernabeun 1-0 irabazi eta 22. titulua eskuratu zuen arte. Lau urte geroago, 1973an etorri zen 23.a, Castelloren aurka (2-0), Vicente Calderonen. Azkena, berriz, 11 urte geroago irabazi zuen Athleticek, 1984an. Tartean final bat jokatu zuen, 1977koa, oroitzapen txarrekoa, talde zuri-gorriak penaltietan galdu baitzuen Betisen aurka. Zazpi urte geroagokoan, baina, zerua ukitu zuen berriro, Bernabeun, Diego Armando Maradonaren Bartzelonari 1-0 irabazita. Endika Guarrotxenak sartu zuen gola, eta partidaren amaieran istiluak izan ziren bi taldeetako jokalarien artean.
Lehortearen ostean, Valentzia
Urtebete eskas behar izan zuten zuri-gorriek berriz final bat jokatzeko. Ordukoan, baina, 2-1 galdu zuten, Atletico Madrilen aurka.Hurrengo itxaronaldia, baina, luzea izan zen, luzeena, 24 urtekoa. Ez da harritzekoa, beraz, Sevilla finalerdietan kanporatu ondoren Bilbon eta Bizkai osoan olatu zuri-gorria zabaldu izana. Handia, ahaztezina izan zen familia zuri-gorriak bi hilabete geroago Valentzian jokatutako finalean bizi zuena. Zer esanik ez Bartzelona ahalguztidunaren aurkako partida hasi etabederatzi minutu eskasera Toquerok gola sartu zuenean. Bartzelonak, baina, buelta eman zion emaitzari, eta nagusitasunez irabazi zuen (4-1). Galdu arren, taldeak eginikoak eta zaleek finalaren aurretik eta finalaren egunean bertan bizitakoak arrastoa utzi zuten, arrasto ezabaezina. Hiru urte geroago, horrekin gozatzeko aukera dute berriz. Martxa honetan, ohitzen hasiko dira berriro.
Ohitura zaharrak berrituz
Athletic Kopako nagusia izan zen urte askoan, baina gero 24 urte luze egon zen finalera iritsi ezinik, 2009an Valentziakoa jokatu zuen arte. Hiru urte geroago berriro iritsi da finalera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu