FUTBOLA ETA GEHIAGO (Jose Mari Amorrortu)

Oihala jaitsi

2010eko ekainaren 7a
18:15
Entzun
Munduko Kopako obra hau amaitzear dago. Eta handikiro agur esango du. Partida handia jokatuko dute bi aktore nagusiek. Arriskatuz irabaz daitekeela erakutsi diguten horiek. Irakurketa baikorra eta sortzailea da, eta luzaroan irautea espero dut. Benetako selekzio horiena, non taldearen indarra bakarlarien gainetik dagoen. Izan ere, ideia jakin batek bateratzen ditu jokalari guztiak.

Gehiago edo gutxiago asmatu duten beste aktore batzuek agur esan dute dagoeneko. Batzuk gustura, ekarpenen bat egin dutelako; beste batzuk, espektatibei erantzunez; eta azkenik, izan dira estatusarekin soilik aurrera egin nahi zutenak, baina porrot egin dutenak. Izarren porrota da; talde bat ondoan izan gabe bizirik iraun ezin izan dutenena. Horrek erakusten digu egitasmoek bateratzaileak eta balore sortzaileak izan behar dutela.

Ongi zaindu dute muntatzea, baina berrikuntzaren falta sumatu dugu. Batez ere egoera zailei irtenbidea ematerakoan. Munduko Kopan ere garai berrietara egokitzen jakin behar da. FIFA hausnarketa sakona egitera behartuta dago.

Eta, azkenik, agertokia, herrialdea. Miresgarria da hangoen nortasuna. Ea egun hauen ondoren mendebaldea bere Olinpotik jaisteko eta Afrikak dauzkan benetako beharrei irtenbidea emateko gauza den.

Gu, bitartean, saiatu gara futbolaz eta gehiago hitz egiten. Plazera izan da.

---

Trofeoa (uztailak 10)

Bihar Ikerren besoetan egingo du distira, eta mundu guztia poztuko da horregatik. Baina ziurrenik jendeak urrezko jainkosaren jatorriari buruzko zalantzak izango ditu, jokalari guztiek horren gau berezian beso artean izan nahi duten jainkosari buruzko zalantzak.

Jules Rimetek burua altxatuko balu ez luke ez unea eta ez tokia ezagutuko, baina harro egongo litzateke. 1920ko hamarkadan futbolak liluratutako abokatu frantses haren burutazioa Afrikaraino iritsi delako harro. Guztientzako moduko txapelketa antolatzeko borrokatu zen FIFAko presidentearen butakatxotik, eta Uruguaien lortu zuen helburua, 1930ean. Trofeoa falta zitzaion, eta Abel Lafleur eskultore eta lagunarengana jo zuen, Victoriari forma emateko. Izen hori hartu baitzuen Nike jainkosa greziarra gorpuzten zuen zilarrezko garaikur hark. 1938ko Munduko Koparen ostean iritsi zen gerra, eta, nazien beldur, Erromako Bankutik atera -han izaten zuten gordeta- eta Ottorino Barassi FIFAko presidenteordearen etxera eraman zuten. Eskerrak. Naziak bankuan sartu ziren. Baina ez zuten kopa topatu. 1970era arte Jules Rimet izena hartu zuen, eta 1974an aldatu zuten. 53 diseinuetatik Silvano Gazzanigarenak irabazi zuen, gaur egungoak.

Trofeoaren abenturak. Espainiara iristen bada ez dezala inork lapurtu, bestela nire lagun Antxelen zakurrari, Txuskiri, deitu beharko zaio. Londresen lapurtu zutenean, hura aritu zen bila.

---

Eskailera (uztailak 9)

Gaztetxoen mailetako denboraldi-aurreko partida eta torneoak ikusi ondoren, Atletico Madrilen izan genituen laneko lehen bileretan, Bartzelona eskaileraren amaieran ikusten nuela esaten nien beste entrenatzaileei, eta gainontzekoak eskaileran gora ari ginela. Ordutik, adierazpen hori erabili izan dugu harrobien sasoia neurtzeko.

Futbolean, era askotara joka daiteke. Gola sartzea eta kontra alerik ez jasotzea da helburua. Hori bai, ez dezagun ahaztu hori interpretatzen duten hamaika jokalari daudela eta taldean egiten dutela, hor dago gakoa. Eta hor Bartzelonak bere filosofia dauka, bere jokalarien jarreran, jokoa ulertu eta garatzeko duten moduan eta lehiaketari aurre egiteko duten eran gorpuzten dena.

Espainiako futbolaren harrobiek urte asko daramatzate lanean, geroz eta dedikazio handiagoarekin, eta euren jokalariei jokoan oinarritutako kontzeptuak proposatzen dizkieten entrenatzaileekin, euren lana biziki maite duten entrenatzaileekin. Horren isla da gazteen mailan irabazitako torneoen zerrenda, eta horren isla eta adierazpide gorena igandeko finala.

Formazioko futbola beste inork ez bezala ulertu duten bi herrialde ariko dira elkarren kontra final handian. Joko ikuskerari eta jokalarien garapenari dagokienez zigilu propioa dutenak. Itxaropentsu egoteko garaia da. Eskailera mailak igo dituztenek irabaziko dute.

---

Vicente (uztailak 8)

Aitortzen dut harreman pertsonal ona dudala Vicente del Bosquerekin. Harrobiko teknikari gisa, urtea joan eta urtea etorri pasatu ditugun une on horietan guztietan oinarritutakoa. Ez da horren zaila 17 urterekin Real Madrilera iritsi eta arrakasta lortu zuen salamancar hori hitz gutxitan definitzea. Bere ibilbideak definitzen du profesional egonkor eta konprometitu gisa. Arlo pertsonalean, gehitzeko pertsona gisa hartzen dut, ezagutzea eta lagun gisa izatea merezi duten horietakoa.

Futbola maite dutenentzat eta atzera begiratuta, jokalari gisa gogoratu behar da Vicente. Zelai erdian agintea zeukan, eta jokoari abiadura ematen zion abiadan jokatu baino gehiago, ez baitzen jokalari azkarra lasterka.

Jokalari gisa erretiroa hartu zuenean, etxe zurian jarraitu zuen klubeko gizon gisa, Molownyren estilora -hari buruzko oroitzapen onak zituen berak-. Boladaka taldearen ardura hartzea ere tokatu zitzaion, eta sekulako konfiantza hartu zuen orduan, bere aginduetara lortu baitzituen Real Madrilek zazpi titulu -tartean Europako Kopa belarri handiduna-. Hura joan zenetik, entrenatzaile errenka izan da han, ia alferrik.

Gure Vicenteren esku dago Espainiako selekzioa. Ezin zen bestela izan, eta jokalari handien taldea inor gutxik bezala daki gidatzen, urrats sendoz eta zalapartarik gabe, jokalariei lan egiten utzita. Hori baita Vicenteren estiloa.

---

Txalogarria (uztailak 7)

Estilo eta iragan ezberdinak dituzten bi taldek neurtu zituzten indarrak atzo. Eta, horrez gain, bada galdera bat; hobeto esanda, miresmen bat: nolatan 20 milioi biztanle baino ordezkatzen ez dituzten bi herrialde aritu diren Munduko Kopako finalerdi batean.

Ajaxen faktoriara egindako lehen bisitan, duela urte asko ez, hango teknikariek euskal futbolaz eta Athleticen filosofiaz itaundu gintuzten. Co Adriaanse zen orduan prestakuntzako arduraduna, eta aitortzen zigun geneukan meritua, horren Liga profesionalizatuan gure ezaugarriekin duintasunez lehiatzen ginelako. Agurtzerakoan, zera esan zidan: «Beharrak eraginda ateratzen duzue indarra, nortasun berezia ematen dizuen bertutea». Hitz haiek gogoan gelditu zitzaizkidan betiko.

Hausnarketa hura datorkit burura eta topatzen ditut Herbehereekin eta Uruguairekin berdintasunak. Herbehereen freskotasuna batetik, lanaren kalitatean oinarritutako bidea aukeratu eta mugaraino eraman duelako, eta Uruguai zaharkitua bestetik, mendearen lehen erdian mundua harritu zuena eta iraganaren arrastoek beti berriro sortzeko indarra ematen diotena.

Erakutsi digute, nortasuna eta fedea balio betierekoak direla erronkak jarri eta lortzeko. Bietako bat kanpora gelditu da. Jada, ordea, ez gaituzte inoiz utziko, eta beren aztarna utziko dute etorkizunean historia egiten eta eredugarri izaten jarraitzeko.

---

Lionel (uztailak 6)

Larunbat gauean, kasualitatez, Messiren hastapenei buruzko erreportaje bat ikusi nuen. Newels Old Boysen gazte mailetan nola harritzen zituen guztiak, eta haren familia nola zegoen kezkatuta mutilaren kirol bilakaerarengatik ez ezik bilakaera pertsonalarengatik ere. Hazkuntzari eragiten zion hormona falta zeukan, eta injekzioak behar zituen gabezia hori estaltzeko.

River Plateko abentura iritsi zen gero, bere klubak tratamendua ezin ziolako ordaindu. Bartzelonara egindako bidaiaren ezinegona ere bai, Charly Rexachek baiezkoa eman eta ahozapi famatu hartan kontratu sinboliko hura sinatu zuten arte. Pompeya Tenis Klubean izan zen hori, eta plaka bat jartzekotan dabiltza han, egun hura gogoratzeko.

Bi Messi daude: Bartzelonakoa eta Argentinakoa. Une batez, aurpegira begiratuta, elastikorik gabe ikusiko bagenu, berehala jakingo genuke norekin ari den. Sasoiko iritsi da Munduko Kopara, herrikideek haren jardunaren inguruan sortutako zalantzak isilaraztera. Eta lehen egunetik aritu da bere selekzioaren izpirituarekiko konpromisoz, jokorik gabe jokatzen duen talde bateko abiapuntu eta amaiera izan nahian. Tamalez, talde ideiarik gabe batera eta bestera ibili den selekzio baten premiak harrapatu du. Lionel -horrela deitzen dio amak-, bere ohiko tokitik kanpora aritu da, Bartzelona handian duen toki horretatik kanpora. Han, jaun eta jabe da.

---

Ukiezinak (uztailak 4)

Ez naiz ari Brian de Palmaren film bikainari buruz, Elliot Ness eta ausart multzo txiki batek boterearen makineriari aurre egiten dionaz. Pelikulan gorazarre egiten zaio fedez eta irmoki euren xedea lortzen duten pertsonei, hala euren interesei kalte egin arren.

Brasil eta Herbeheren arteko partida ikusi eta aztertu, ondoren egiten dut aipamen hau. Eta bereziki izenarekin eta estatusarekin bakarrik bilakaera lortzen ez den kirol bati buruz ari garenean. Horretarako, kirolaren erroetara jo behar da, eta hertsiki lotu.

Brasilek herenegun gol bat aurkitu zuen, eta, hortik aurrera, bere burua, eta jokalari guztiena, lainotu egin zen, altxor bat zutela sinetsi zutelako. Altxor hori gorde nahiaren poderioz sortzeari utzi baino ez zuten egin, eta, bide batez, historia egiten jarraitzeko eta aurreko belaunaldiek utzitako ondareari fidelak izateko aukera bikaina galtzen hasi ziren.

Zelaiaren beste aldean Herbehereek ilea askatu zuten bigarren zatian, eta 1974ko espiritura joz, aurkariei gogoratu zieten, atzo bezala orain, futbolean fedez jokatu behar dela, eta burua tente, bilakaerarekin gelditu gabe jarraitzeko. Erronka ondo irten zitzaion, eta partida irabazteaz gain, lozorroan zuten sinesgarritasuna berpiztu zuten.

Egun handi hartan bezala, bi titanen arteko borrokan egotziriko jokalariekin bukatu zuen, nola ez, brasildarrak, oraindik ez baitute ametitu elastikoarekin bakarrik jada ezin dela irabazi.

---

Inflexio puntua (uztailak 3)

Espainiako selekzioaren historiari errepaso bat eginez gero, 60 urte dago atzera egin beharra horrelako abantaila egoera batekin topo egiteko. Maracana eder hartan, Ramallets handiaren taldeak, Piru Gainza eta Telmo Zarra gure lehoienak, zeresana eman zuen, eta txapeldunen fasean aritzeko txartela lortu zuen Ingalaterraren kontrako partida gogoangarri hartan. Matias Pratsen ahotsa gogoan dut oraindik, Pitxitxiren gol handi haren berri eman zuenean.

Etsipen egunak iritsi ziren gerora. Jokalari onak bai, baina partida garrantzitsuei eusten asmatzen ez zutenak, presio mediatikoak benetan zituzten aukeren aurretik jartzen zituelako beti. Espainiak berak antolatu zuen txapelketan hartu zuen kolperik handiena.

Gaur, ordea, bestelako jokalari taldea ikusten dut nik. Zertara ari den dakiena, nazioartean eskarmentua duena, eta gazteen mailan jokatutako Munduko Kopetan bere indarraren berri eman duena. Moralez gainezka datoz Eurokopa irabazi ostean, eta taldearen oinarria inoiz futbolaren erreinuan izan den talderik onenak jarri du, Bartzelonak.

Harrobia izan da aldaketaren motorra. Lan sistema berritzaileen eta denboraren irakurketa egokiaren fruitua izan da guztia. Eta horretan guztian, euskal futbola ongi ordezkatua dago. Nortasuna duten mutilekin, konfiantza ematen dutenekin, alde guztietatik. Gaur da eguna; bidea ongi marraztua dago.

---

Hanka puntetan (uztailak 2)

Herbehereak Munduko Kopetako sailkapen historikoko zortzigarren postuan ageri dira, eta hori De Meer estadio zaharrean mamituriko jokamolde ikusgarriaren fruitua da. Ajaxen zelai zaharraren erraiak izan ziren futbol horren iturburua, eta Rinus Michels, liderra, futbolak inoiz ahaztuko ez duen entrenatzailea.

Alemaniako Munduko Kopari buruz mintzo naiz, eta Herbehereak 70 eta 80. hamarkadetan Europako dominatzaile izandako Ajaxaren oinarriarekin iritsi ziren. Talde haren erabateko futbola nazio mailan zabaldu zenean laranja mekanikoaren izengoitia jaso zuen, eta futbolaren garai berrietarako mugarri bat izateko osagai guztiak zituen. Brasil eta Argentina irrigarri utzi zituen Municheko finalean, Beckenbauerrek kaiser postutik zuzen tzen zuen Alemania haren aurka amore eman aurretik.

Nortasun zantzu horiek beti berretsi ditu eta zain gaude Herbehere handiek titulu bat irabaz dezaten. Heldutasun falta eta estilo gehiegikeria egotzi bazaie ere, beti izan dira harrapakin erraza emaitza lehenesten duten taldeen aurka, onartu behar zaie euren futbolaren oinarriek mundu osoaren errespetua irabazi dutela.

Hegoafrikan selekzio zuhurrago bat ikusi dugu eta orain arte inork ez du estutu, beraz, fresko iritsi da. eta beste batzuetako presiorik gabe. Aurrean canarinha du zain, bere arma guztiak prest dituela, eta beste behin bere hegemonia erakusteko gogoz.

---

Agurrak (uztailak 1)

Balantze txiki bat egiteko garaia da final-zortzirenen ostekoa. Beste zortzi talde joan zaizkigu Munduko Kopatik, eta zapore ezberdina izan dute haien agurrek: gozoa, garratza eta gazi-gozoa.

Gozoen artean dago Eslovakia. Serbiaren kontra irabazita, haien historia laburrean, tamainako partida jokatzeko sailkatu ziren. Ez zen sartzen haien aurrekontuetan ere. Beste horrenbeste esan daiteke Japoniari buruz. Defentsa lan bikainean oinarrituta, final-laurdenetara sailkatzekotan izan zen. Penaltietan egin zuten huts haiek, eta ate aurrean huts estatubatuarrek.

Gazi-gozoa izan da Mexikoren eta Txileren agurra. Joko antolaketan eta baloiari emandako tratuan proposamen erakargarriak egin dituzte puristentzat, baina area barruan indar gutxi erakutsi dute, eta erabat eragin die horrek biei azken emaitzan. Hego Koreak ere gehiago ematea espero genuen, baina beldurra sartu zitzaien Uruguairen kontra jokatu zuten egunean.

Azkenik, tragorik garratzenak Portugalek eta Ingalaterrak edan dituzte. Lehenek, iberiarren hitzordura beldurrez agertu zirelako, ez galtzera bakarrik jokatu zutelako. Bigarrenek, aitzakiak baino ez dituztelako jarri. Baloia lehenengo eta epailea ondoren. Autokritika falta nabarmena erakutsi dute. Ez dute asmatu euren partidetan hiru pase jarraian ematen. Eta, noski, horrelakoetan, debalde ematen dizute etxera bueltatzeko txartela.

---

Belatz begiak (ekainak 30)

Ziur naiz joan den igandean Paul Hawkinsen etxean izango zutela ezintasun sentimendu bat. Euren herrikideak final-zortzirenetan joan ziren etxera, nahiz eta Lampardek gola sartu eta markagailuan azaldu ez. Ingeniari ingeles hori da Belatz Begia sistemaren sortzaileetako bat, tenisean zalantzazkoak diren pilota horiek erabakitzen dituen sistemaren jabeetako bat.

Joan den igandea, izan ere, historiara pasatuko da epaileek egin zituzten huts larriengatik. Eta, pentsatzen jarrita, sekulakoak dira Munduko Kopetan golen inguruan sortzen diren eztabaidak. Baliorik gabe utzitakoetan, balekotzat emandakoetan eta, batez ere, gol arraroetan. 1966an Wembleyn izan zen gol haren ingurukoak dira lehen tituluak. Orain, 44 urte geroago, historiak gol hura kobratu dio Ingalaterrari; hain justu, teknologiaren garaiotan. «Egiaztatzeko aukera izan banu...», pentsatu zuen une batez Larrionda epaile uruguaitarrak.

Beste horrenbeste pentsatuko zuen Argentinaren partidako marrazainak ere, bere lana egin eta banderatxoa altxatu behar zuela konturatu zenean. Haren begirada ikustekoa zen: ezin zuen atsekabea ezkutatu. Historiara pasatu da, 2002an Espainia-Hego Korea partidako Ragoonath marrazain famatua bezala.

Gertakari gehiegi dira. FIFAk, Blatter jauna buru hartuta, egin beharko luke ahalegina huts zaparrada hori eteteko, beste hainbat kirolek egin dutela onartuz. Ikusiko ote dugu aldaketa?

---

Harrotasuna, zauritua (ekainak 27)

Porrot mingarria izan zen 1966ko Munduko Kopako finalekoa, eta horrek errebantxa sentimendu bat eragin zuen Alemaniako futbolean. Sentipen hori barneratu zuten, eta praktikara eraman dute. Alemaniako selekzio laudatuak Ingalaterrakoari irabazi dizkion partiden abiapuntua izan zen uztailaren 30 hura.

Sentipen hori bizirik mantentzen duen arrazoia aurkitzeko, jatorrira jo behar da; Geoffrey Hurst West Hameko aurrelari izandakoak sartutako golera, hain zuzen. Berdindu ezinezko partida haren luzapenean izan zen. Mundu guztiak bat egin zuen gol haren onarpenak eragindako polemikarekin. Ohoratzen duen zintzotasunarekin, urte batzuk geroago zera bota zuen Hurstek telebistako tertulia batean: «The ball never crossed the line».

Mexikon, 1970ean, bi selekzio handi horiek elkarren kontra jokatu zuten berriro. Partida ahaztezina hura ere. Leonen jokatu zen, oinetakoen hirian. 0-2 ari zen irabazten Ingalaterra atsedenaldian, baina alemaniarren nortasuna azaleratu zen gero, eta bihotza eskuan hartura, berdindu. Luzapenean, 108. minutuan, Mueller Torpedoa agertu zen, goleatzaile petoa, eta 2-3koa. Esperotako rache-a gauzatu zen ('errebantxa' alemanieraz).

Oraindik Wembley Tor famatuaz hitz egiten da egun. Alemaniaren aldekoa da historioa. Ingalaterraren kontrako lehia bakoitzean sutsu jokatzen du, egun hartako espirituan inspiratuta.

---

U ru guai tar (ekainak 26)

Diego Forlanen autobiografiaren izenburua da, eta Calderongo harmailetan gol bat sartzen duen bakoitzean entzuten den oihua. Alaitasun adierazpen hori errotu egin da, eta partida bakoitzean, denok une horren zain egoten gara, Diegok bere taldekideak besarkatu eta erkide batengana korrika abiatzen denekoa bere herrialdeko bandera eguzkiduna hartzeko.

Diego futbolari sendikoa da. Juan Carlos aitona selekzio urdin-argiaren zuzendari teknikoa izan zen 1962ko Munduko Kopan. Bere aita, Pablo, jokalari bikaina izan zen, eta 1966an munduko txapeldun izan zen Peñarolekin, Real Madril ahalguztiduna garaituz. Bere anai nagusia ere, Pablo, futbolari profesionala izan zen, lege zaharreko atzelari zentrala, eta Uruguaiko txapeldun izan zen Defensor Racingekin.

Anaia Diego baino zaharragoa da, eta maiz hitz egin dugu. Hunkituta kontatzen dit nola bizi den futbola bere herrialdean, eta nostalgia sumatzen dut harengan; hitzetan nabaritzen diot betiko jokalarien kuraia estimatzen duela, selekzioa bi aldiz Munduko Kopako txapeldun izatera eraman zuten izaera eta kasta hura.

Gaur amets egiteko eguna da. Uruguai final-zortzirenetan da 2002ko bide laburraren ondoren. Nazioa zeru kolorez jantziko da jokalariak bultzatzeko; eta alaitasuna bueltatuko dion eta iragan irrikatua berpizteko balioko duen garaipen bat lortzeko. Pablorekin bat nator, nik ere sumatzen dut polita izan daitekeela.

---

Hirutik bi (ekainak 25)

H multzoko gaurko jardunaldiak zalantza mordoa eragiten du. Espainiako eta Suitzako selekzioek, baldin eta emaitza onak lortzen baldin badituzte behintzat, Txile kanporatu dezakete, Munduko Kopan ezustekoa ematen ari direnetako bat.

Espainiako selekzioaren inguruko giroa ez da on-ona, eta jada azaldu dira ohiko zoritxar-iragarleak. Zalantzan jartzen hasi dira orain gutxi arte goratzen zituzten jokalarien balioa. Dela estiloa, dela hamaikakoa...Den-dena jartzen dute zalantzan; izena bera ere bai. Gaur jasango duten presioa heldutasun proba bat izango da etorkizunera begira. Eta Txileri irabazten baldin badiote, ekaitz giroa dezente apalduko da.

Suitzak goi mailan azaleratzen ari den futbola ordezkatzen du. Zarata handirik atera gabe, oinarrian lan bikaina egin dute, eta, hala, azken urteotan jokalari lehiakor dezente agertzen ari dira. Nigeriari haren etxean irabazita 17 urtez azpikoetan munduko txapeldun direla gogoratu beharko genuke. H multzoan bi faboritoen artean sartu dira, eta horrek beste bizitasun bat emango dio gaurko jardunaldiari.

Eta, azkenik, Txile, Bielsa Zoroaren aginduetara. Hautagaia dela erakutsi du, modu alaiean eta eraginkor jokatuz. Gainera, beren herria sentitzen dute; areagoa lurrikara gogor batetik onik atera ondoren. Hiru talde daude, hortaz, bi txartel lortzeko. Emozioa, behintzat, ez da faltako.

---

Capelloren eragina (ekainak 24)

Denboran atzera egingo dut gure pertsonaia definitzen duen bitxikeria bat kontatzeko. Fabio Capellok bere herrialdean, Italian, osatu zuen bere kirol ibilbidea; Juventusen batez ere. Vecchia Signora-rekin hiru aldiz irabazi zuen Scudettoa. Gero Milanekin fitxatu zuen, eta han aritu zen erretiroa hartu arte.

Irudi bat berreskuratu dut nire memoriatik, eta uste dut horrek argi asko azaltzen duela Capelloren nortasuna. Athletic txapeldunordea izan zen 1976-1977ko denboraldiko UEFA Kopan, eta kanporaketarik gogoangarrienetakoa Milanen kontra jokatutakoa izan zen. Gau ahaztezina izan zen, eta 4-1 irabazi genuen San Mamesen, Capello lagunak berak 0-1ekoa sartu arren. Itzuliko lehia San Siroen jokatu zen 1976ko abenduaren 8an, eta gure pertsonaia ez zen aritu. Halere, ezin Capello ahaztu: han, aldageletatik zelairako tunelean, ardi larruzko beroki marradun bat jantzita, eta bere taldekideei sutsuki mintzatzen.

Entrenatzaile itxurako morroi bat ikusi nuen, artean jokalaria zen arren. Leundugabeko gizon bat zen, beldurra ematen zuena, bere taldekideei kanporaketa iraultzeko behar zuten indarra transmitzen ziena. Orduan hasi zen nortasun gogorreko gizonaren fama zizelkatzen. Ingalaterrara heltzean komentario mordoa egin ziren haren inguruan; onak gehienak. Selekzioak garai zaharrak gogoratu nahi ditu bererakin. Kondairak bizirik dirau.

---

=b'Au revoir la France'=b (ekainak 23)

Ez dabil haize onik Knysa urmaelaren inguruan. Han du kuartel nagusia Frantziako selekzioak. Plettenbergeko badiaren inguruan dagoen toki eder hori famatu egin da, les bleus-i buruzko polemika guztien gune bihurtu delako. Eta guztien erdian, Raymond Domenech, Hegoafrikako jarduna erraz ahaztuko ez duen mutil taldearen lider eztabaidagarria.

Jokalarien formazioan erreferentea izan delako nabarmendu da beti Frantzia. Formazio zentruen egitura bikaina dauka -Lehen Mailako talde bakoitzak du berea-, eta etorkizuneko jokalari gazteak zentru horietan izaten dituzte kontzentratuta. Azken hamarkadetan, harrobiko politika horrek nazioarteko fama eman dio, eta 1998ko Munduko Kopa irabazita eta 2006koan txapeldunorde izanda gauzatu da. Mestizajea famatua eta bertako teknikaren balio tradizionak ongi uztartuz lortu da hori.

Inmigraziorako eta Nortasun Nazionalerako ministro Eric Bessonek nortasun nazionalari buruz eztabaidatu beharra nabarmendu du egunotan. «Atzerrian mundu guztia ari da gure bizkar barre egiten», esan du. Selekzioaren «giro gaiztotua» ahaztu, eta zera eskatu die jokalariei: zelaira bueltatu, eta baloiarekin joka dezatela.

Errealitatea da jokorako filosofiarik gabeko taldea ikusi dugula, iparrik gabe azken urteen zama izan duena, nahiz eta jokalari adituak izan, banaka sekulako gaitasuna dutenak.

---

Gijongo lotsa (ekainak 22)

Alemaniak eta Austriak 1982ko ekainaren 25ean Gijongo Molinon zelaian kirolaren izpirituari egindako erasoari buruz ari naiz. Aurretik Aljeriak jokatu zuen; bi puntu ateratzen zizkion Alemaniako talde sendoari. Austria sailkatuta zegoen bi gol baino gehiagorengatik galdu ezean. Kartak markatuta zeuden.

Horst Hrubesch Hanburgoko erraldoiak lehen zatian sartutako gola nahikoa izan zen partida hoztu eta elkarri ez erasotzeko hitzarmena muturreraino eramateko. Egun horretan eta hurrengoetan ere jokatzen jarrai zezaketen, baina emaitza berbera izango zen.

Versaillesko tratatuak 1918an debekatu zuen hura; Anschluss famatua, bi nazioen arteko batasun politikoa, Gijongo arratsalde sargori hartan izan zen. Ikuskizun negargarri bihurtuta gainera, final-laurdenetara sailkatzearekin amesten zuten milaka aljeriarren ametsak zapuztuz.

Egun hartan futbolari egin zitzaion kaltea sekulakoa da, eta, orduan sortu zen iskanbilaren eta kritika zaparradaren harira, araudia aldatzea erabaki zen multzo bakoitzeko azken partidak egun eta ordu berean jokaraztera behartuz.

Gaur hasiko da azken partiden dantza, eta bikote bakoitza hurrengo faserako sailkapena lortzeko hasiko da dantzan. Zalantzaren itzala agertuko da partida bat baino gehiagotan. Memoria ona dutenak ez ote dira akordatuko Gijongo arratsalde harekin.

---

Matxinada (ekainak 20)

Ez daude kolorea emateko soilik. Munduko Kopa honetan selekzio batzuk historikoen pare jarri dira. Ezarritako ordena aldatu nahi dute, eta selekzio ukiezin horietan sute txikiak eragiten ari dira. Gainera, kolpeak hartu dituzten talde horien inguruan dabiltzan kritikoei mihia zorrozteko bazka ederra eman diete.

Ez dira konpartsa hutsak. Gogotsu daudela erakutsi nahi diote munduari; gaitasuna badutela, antolatzeko gai direla. Pixkanaka kontuan hartu beharko genituzkeela, alegia.

Selekzio horien arrakasta eta haien jokalarien garapena elkarrekin bat doaz. Gainera, agerian utzi dute hasiera batean porrot egin dutenen zikoizkeria. Aurreneko multzoan sartuko nituzke Mexiko, Txile, Hego Korea, Suitza, Ghana eta Boli Kosta; eta bigarrenean, berriz, Frantzia eta Ingalaterra.

Lehiaketa honetara indartsu iritsi dira. Gogaitarazteko prest daude, eta betiko harraparien artean lekutxo bat egin nahi dute. Betikoek, baina, begi-bazterrez begiratzen diete, hasiera indartsua zirrarak eragindako kontua dela pentsatuz. Hurrengo egunak zalapartatsuak izango dira, eta tentsioa nabari da jada. Hurrengo egunetan, beharbada, urak bere ubidera itzuliko dira, eta matxinada anekdota hutsa izango da. Hori bai, ni Munduko Kopa honetan ari diren ontzien patroia izango banintz, matxinoak serio hartu.

---

Jakintsuak okerrak zuzentzen (ekainak 19)

Hasi besterik ez gara egin, eta ari da urduritasuna agertzen esperotako emaitzarik lortu ez duten selekzioen inguruan. Izarren ego-ak agertzen dira, euren herrialdeko kritiken jomugan ikusten dutelako euren burua, eta arriskuan euren prestigioa.

Ez daukat memoria asko astindu beharrik partiden ostean parean harrapatutako lehen mikrofonoari heldu eta entrenatzaileari buruz sekulakoak esan izan dituzten jokalariez akordatzeko. Kritika horiei, gainera, sinbolo zaharragoenak gehitzen zaizkie. Haien garaian gauzak hobeto zihoazela esanez, entrenatzaile lanetan hasi eta jarduneko entrenatzaileari egurra banatuz, eta jakintsuen aholkuak emanez. Deco eta Zidane sartzen ditut hor.

Beste ilustre batzuk, lehen garaipenaren ostean puzten dira. Lehen izandako izar berbera zela erakusteko eta bere eskuak, bere esku famatuak, taldea arrakastara daramala argi uzteko. Maradonaren kasua da hori.

Bigarren zatia zuzenketena izan ohi da. Ez zidatela ongi ulertu, ez nuela hori esan nahi; azken finean, atzera egitea. Zuzentzea jakintsuen dohaina dela diote.

Aintzinako Greziako Socrates filosofoari egozten diote esaldi horren jatorria, eta hasiera batean «jakintsuak bakarrik dira gai zuzentzeko» omen zioen. Inondik ere, zalantzan jartzen du horrek Luis Aragones Gorria-ren hautatzaile ohiaren, jarduna. Ikusiko dugu benetan dioten bezain jakintsua den.

---

Armarria (ekainak 18)

Munduko Kopak pasioarekin eta gartsu bizi ditu Alemaniak. Izan ere, hutsik egiten ez duen talde bat da. Halere, azkeneko lehiaketa handien atarian iragarleek esaten zuten joanak zirela, edo amaitzen ari zirela, selekzioaren garairik onenak.

Lehiaketaren batean Alemaniako talderen baten kontra jokatu duenak ondotxo daki oso zaila dela haiei irabaztea; nekeza dela oso. Eta selekzioen arteko lehiaketa handien historiari begiratu azkar bat emanez gero, nire ikuspegia ulertuko duzu, irakurle.

Arreta jarri, mesedez, selekzioaren armarrian. Hiru izar dauzka grabatuta; eguzkiak beste distira egiten duten hiru izar. Haien zigilua da. Horrek esan nahi du beste horrenbeste Munduko Kopa irabazi dituztela. Eta, tira, beste bost final jokatu ditu. Ezer gutxi...

Partida hasi aurretik jokalarietako bakoitzak elastiko hori janzten duenean, ziur nago ordezkatzen duen horretan pentsatzen duela, gorakada bat sentitzen duela barruan. Une ahaztezinak etorriko zaizkio gogora, eta amets egingo du kondairari jarraipena emango diola. Zerbait berezia sentituko du, banakoaren dohainen gainetik dagoena.

Zigilu horrek ezberdintzen du selekzio jori. Balio batzuk ordezkatzen dituena; futbolean beti aurrez aurre jokatzen duena. Eta Munduko Kopa honetan, gainera, gazte sorta bat aurkeztu digu. Ziur ilusionatu egingo gaituela bere proposamenak.

---

Itzulinguruka (ekainak 17)

Boxeoko argotean erabiltzen den hitza da. Borrokako lehen minutuetan aritzen dira horrela bi boxeolariak, kontrarioaren mugimendu bakoitza aztertuz. Aurpegira begiratuta atzematen da zain egotea dela taktika, ahultasunik erakutsi gabe. Itzulinguruka.

Eta Munduko Kopa honetan itzulinguruka hasi dira talde beldurti asko. Badirudi helburu bakarra ez galtzea dela, eta horren ondorioa da erakutsi duten erritmo pobredun jokoa. Hutsik ez egitea baino ez dute buruan jokalariek, eta mugatu egiten ditu horrek. Kontuz ibiltzea da nagusitu den joera. Ez da ezustekoa ere. Lehiaketa mota honetan talde handiek euren burua kontrolatzen dute eta helburu bakarra final-laurdenetarako sailkatzea dela badakite.

Ez litzateke bidezkoa, hala ere, salbuespen batzuk aipatu gabe uztea. Alemaniaren kasua da erreferentzia. Jokalari gazteekin aurkeztu da, futbolari ohore egiteko gosez eta grinaz dauden gazteekin. Ea horrela jarraitzen duen. Selekzio txikiagoek ere merezi dute aipamena. AEBek, Ghanak eta Txilek, atzo, bere grinarengatik. Eta, azkenik, ezusteko galanta Durbanen. Suitzak, ongi antolatutako taldeak, Espainiari irabazi dio. Emaitzak ez du adierazten talde batek eta besteak erakutsitako nagusitasuna, baina defentsan izandako zalantza batek eman dio Suitzari ametsetan jarraitzeko aukera.

Dena dela, ez ondorio asko atera. Itzulinguruka ari dira.

---

=bBielsa 'Eroa'=b (ekainak 16)

Eurodisneyk Paris inguruan daukan hotelean geunden. Botxotik joanak ginen Athleticeko kadeteekin, Premier Cup Nike multinazionalak antolatutako torneoko azken fasea jokatzera.

Finalerdietako partida jokatu ondoren, eta behin afalduta, hizketalditxoa egin genuen gure kontrarioekin; argentinarrak ziren, Newell's Old Boys taldekoak. Gure esperientzien berri eman genion elkarri, eta orduan hitz egin zidaten aurreneko aldiz Bielsari buruz. Kadeteen talde hartako teknikariek maisuak erabilitako metodo berriez hitz egiten zuten etengabe. Bai, maisua deitzen zioten, amultsuki.

Onartu beharra daukat hitz haien oihartzuna betiko gorde dudala, eta esperientziak partekatzeko aukera izan dudan bakoitzean, beti interesatu izan zait zer-nolako bilakaera eduki duen.

Haren ibilbidearen laburpen bat egin behar bagenu, ematen duen pauso bakoitzean transmititzen duen perfekzionismoa nabarmenduko nuke; dogma bihurtutako perfekzionismoa. Posizio futbolaren eta proposamen erasokor anitzeko jokoaren defentsa sutsua egiten du, era berean, eta bide eta erronka berriak bilatzen ditu. Jakina da zintzoa eta koherentea dela, errespetuz jokatzen duela, errespetu handia diotela, eta balio batzuk negoziaezinak direla berarentzat. Orain Txileren interesak defendatzen ditu, eta jokalariek jarraitu egiten diote, nora doazen galdetu gabe. Berarengan sinesten dutelako.

---

Familia kontuak (ekainak 15)

Kasu bitxia Eslovakiarena. Herrialde independentea da 1992tik, eta 1918tik Txekoslovakiakoa izan zen. Jokalari handiak zeuzkan Txekoslovakiak, eta harro janzten zuten selekzioaren elastikoa. 1934ko eta 1962ko Munduko Kopetan txapeldunorde izan ziren.

Futbolzaleak dira Eslovakian, baina herrialdea izotz hockeyan daukaten mailagatik da batez ere ezaguna; nagusi dira kirol horretan. Dena den, herrialde osoak ospatu zuen Munduko Koparako sailkatu izana; multzoko lehenak izanda, eta txekiarrak, haien bizilagunak, mendean hartuta, gainera.

Demagun Bratislava hiriburutik paseatzen ari garela, eta pertsona bati Vladimir Weisen inguruan galdetzen diogula. Ba, pertsona horri begiak piztuko zaizkio, eta maitasunez zein mirespenez hitz egingo dizu saga horretaz. Herritarrak harro daude haietaz. Ez da harritzekoa. Izan ere, Eslovakiaren egungo hautatzailearen aita eta semea Danubio ibaiak zipriztindutako hiri eder horretakoak dira, eta historia egin behar dute, bi herrialderekin hiru Munduko Kopetan parte hartuta. Argi asko ikusten da talentua, eta zerbait gehiago transmititzen dela belaunaldiz belaunaldi. Eta ez da kasu bakarra Munduko Kopa honetan. Bob Bradley AEBetako hautatzailearen semea da Michael jokalaria. Aguero, berriz, Maradonaren suhia da, Van Bommel Herbehereetakoa Van Marwijkena den bezalaxe.

---

Kasta serbiarrekoa (ekainak 13)

Bulgaria hegoaldeko herrixka batean egindako denboraldi-aurreko egonaldia gogoratzen dut. 1978ko abuztua zen, eta Zaragozarekin fitxatu berritan nengoen, Athleticen bost denboraldi pasatu ondoren. Ebro ibarreko bero jasangaitzetik alde egiteko, Vujadin Boskov entrenatzaileak Bulgariara eraman gintuen. Ekialdeko herriek gabezia asko zituzten orduan, eta saihetsezina zen konparaketak egitea.

Bazkaltzen ari ginen, eta gazte indartsu eta altu bat sartu zen jangelan. Fenerbahce Turkiako taldetik zetorren. Segituan integratu zen taldean, eta handik gutxira bera zen dotoretasunez eta nortasun handiarekin taldearen defentsa zuzentzen zuena. Denboraldi bukaeran Pirri handiarekin lehiatu zen Ligako defentsa onenaren saria irabazteko.

Bere nortasuna, profesionaltasuna eta, batez ere, hobetzeko grina nabarmenduko nituzke. Horregatik entrenatu ditu talde handiak -Real Madril, Atletico Madril eta Bartzelona-. Serbiako selekzioak 2008ko Olinpiar Jokoetan porrot egin zuen; gainera, aski ezagunak ziren aurreko hautzailearen eta federazioko presidentearen arteko tira-birak. Hortaz, bera izendatu zuten hautatzaile. Hor daude emaitzak.

Gaurkoa da askotan amestu duen egun hori, eta ziur bere herrialdea ordezkatzeaz harro egongo dela. Haren historia, azkenaldian gatazkatsua izan den historia hori, gizendu nahiko du. Zorte on, Radomir.

---

Jenioak (ekainak 12)

Argentinak jokatuko du gaur. Herrialde oso batek jokatuko du; larritasunek estututako eta agintariek balantzaka darabilten herrialde batek. Solasean bizi den eta aberastasun kalkulaezina daukan lurralde zoragarriak.

Eta hori egingo dugu: solastatu. Futbolak Argentinan ordezkatzen duenari buruz hitz egin. Messi fenomenoaz. Maradonaren eraginaz. Jenioak.

Argentinako jokalari dezente ezagutzen ditut, eta jokalari ohi batzuekin gauza asko partekatzen ditut: German Burgos Mono-rekin, Claudio Arzeno Polaco-rekin... Nire lagun Angel Capparekin ere bai. Haien herrialdeko futbolari buruz hitz egin dugu askotan. Pasioz mintzo dira selekzioaz, hango futbolaz, baina arduratuta nabaritzen ditut taldearen kudeaketarekin, eta Munduko Koparen ondoren gertatuko denarekin. Kezkatuta daudela esango nuke, konfiantza gutxirekin.

Eztabaidaia da ea bi Messi ote dauden: Bartzelonakoa eta selekziokoa. Argi dago klubarekin eta Argentinarekin transmititzen duena ez dela berdina. Uste dut inguratzen duenagatik ez duela berdin jokatzen batean eta bestean. Baina ohituko da. Izan dezagun konfiantza.

Eta, azkenik, Maradona, El Diego. Idoloa. Kultuen inspiratzailea, Napoliko laikoen patroia. Haren nortasunak jokalariak baldintzatzen ditu. Munduko Kopan beharrezkoa den lasaitasuna transmititzeko gai izango al da?

---

Hasiera da (ekainak 11)

Munduko Koparako multzoen zozketa egin zenean Hegoafrikaren kontra jokatzea tokatu ez zitzaiela ikusita Argentinako selekzioko kideek lasaitua hartu zutela kontatu didate. Kolpe gogorra hartu zuten 1982ko inaugurazio partidan Belgikaren kontra galduta, eta are latzagoa izan zen 1990ekoa, lehen partida hartan Kamerunen kontra ere porrot egin zutelako. Halakoak ez dira erraz ahazten.Bilardo zen hautatzailea 1990ean, eta sutan zegoen lehia amaituta. Jokalariei esan zien ea ez ote zeuden lotsagorrituta, hurrengo hegaldian itzuli beharko zuketela etxera.

Frantziak, berriz, bazirudien sekulakoa egin behar zuela 2002koan, eta inaugurazio partidan Senegal ezezagunarekin galdu zuen. Gerora, ez zuten lehen fasea gainditu. 1974 eta 2006 artean azken txapeldunak jokatzen zuen lehiaketako lehen partida. Baina ordura artekoak kontuan hartuta, argi dago arriskutsua dela. Orain antolatzailearen selekzioari ematen zaio 'sari' hori.

Bafana-Bafanek Sprinboks-en espiritua biziberritu nahi dute. Soccer City estadioan jokatuko dute, Sowetotik gertu, eta futbolzale sutsuak dira hangoak. Hegoafrikarentzat oso garrantzitsua litzateke irabazten hastea. Mexikoren burua Javier Aguirre gurea da. Sasoiko daude, baina bihar 11 jokalariri baino zerbait gehiagori aurre egin beharko diote. Gainera, lau inaugurazio partida jokatu ditu, eta bakarra ez du irabazi.

---

Afrikan gaude (ekainak 10)

Azken urteotan dezentetan egon naiz Afrikan, Senegalen batik bat, eta han zer-nolako futbol giroa dagoen probatu ahal izan dut. Hondartza amaiezin horiek, non umeek futbolean jolasten duten eskolatik atera ondoren; lana bukatuta jokatzeko biltzen diren lagun taldeak... Eta horrelakoak Afrikako herrialde gehienetan errepikatzen dira.

Gustatuko litzaidake pentsatzea arrazoi horiengatik jokatuko dela Munduko Kopa Afrikan, baina beldur naiz ez ote dituen FIFAk bestelako motiboak eduki herrialde hori aukeratzeko orduan: alegia, beraien marka ezartzeko beste kontinente bat topatu nahi izan dutela.

Baina herrialdean bil dezagun gure arreta. Ortzadarrarena deitzen diote, arraza eta kultura aniztasun handia daukalako, eta gizartean tamaina berekoak baitira desberdintasunak. Apartheid-ak eragin zuen hori guztia, eta nazioartetik bakartuta bizi izan zen 1990 arte. Gero prozesu bat abiatu zen, aurreneko hauteskunde demokratikoak egin, eta Nelson Mandela atera zen presidente. Pertsonaia errepikaezina da Mandela.

Hegofrikan ilusioz daude. Munduari erakutsi nahi diote ekitaldi handi bat antolatzeko gai direla, eta beltzen eta zurien arteko integrazioa benetakoa dela. Futbol selekzioa, Bafana-Bafanena da horren isla garbia. Nork imajinatuko zukeen orain 20 urte? Iritsi da momentua; hastera doa. Zirraragarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.