Athleticen ez dago erdibiderik. Egia esan, futbol talde guztien gaitza da. Zuria edo beltza. Baina talde zuri-gorrian gainerako talde gehienetan baino argiago ikus daiteke alde hori. Zaleek duten pasioak asko laguntzen du egoera hori agertzen. Gauzak hotzean aztertuz gero, Europako Ligarako txartela eskuratzea lorpen handia da. Athleticeko jarraitzaile ez direnek hala ikusten dute. Zuri-gorriek duten mailarekin txalotzeko moduko lorpena dela iritzi diote. Baina hori Athleticen ingurutik kanpo daudenek pentsatzen dute. Athletic «familia» osatzen dutenetatik askok gehiago eskatzen diote Caparrosen taldeari. Eta, gaur egun, Txapeldunen Ligarako trena hartzea da aurrerapauso bat ematea. Antza, Vila-real mendean hartuta, lau onenen artean sartzeko moduan egongo litzateke Athletic. Hala izango ote da?
Hasiera batean, gaitza dirudi. Jokalariek ere jakin badakite hori. Eta, badaezpada, asteon taldearen inguruan dagoen euforia baretzen ahalegindu dira. Batetik, urrun ikusten dituztelako Txapeldunen Ligako postuak eta, bestetik, ia ezinezkoa dirudiena saltzen hasiz gero asko ez direlako Europako Ligarako txartelarekin konformatuko. Lortuz gero ez litzatekeela merezi den moduan baloratuko, alegia. Egoera nahi baino gehiago nahastu aurretik, zuhurrak izateko eskatu dute Athleticen aginte makila duten lagun bik: Pablo Orbaizek eta Andoni Iraolak oinak lurrean izan behar dituztela gogoratu dute. «Nire ustez, oso gaitza izango da Vila-real harrapatzea. Garridok talde ona dauka bere aginduetara. Eta, gainera, guk baino puntu gehiago pilatu ditu orain arte. Guk baino lan hobea egiten ari dela esan gura du horrek», adierazi zuen erdilari nafarrak. Iraolak ere antzeko iritzia dauka: «Guk oso ondo egin beharko ditugu gauzak, eta aurkariak huts egin beharko du».
Athletic baino talde hobea da Vila-real. Eta egoera goitik behera aldatu ezean, talde zuri-gorriaren aurretik amaituko du denboraldia. Hala ere, horrek ez du esan gura San Mamesetik jokoan dauden hiru puntuak eramango dituenik. Besteak beste, Caparrosen taldea indartsua delako etxean. Garridorenak, berriz, nahi baino gehiago huts egiten du kanpoan. Europako Ligan erantzukizun handiko neurketak ari da jokatzen, eta bi txapelketatan indarrak gastatu behar izanak kalte egin dio Ligan. Antza, nekea nabari zaio talde horiari. Talde bakoitzak duen nekea eta konfiantza alde batera utzita, futbolean jokatzeko bi era ikusiko dira Katedralean. Athletic erritmo handiko joko zuzena baliatzen ahaleginduko da. Vila-realek, berriz, apurka-apurka menderatzen du kontrarioa. Joko landua eta dinamikoa erabiltzen du horretarako. Ikusi egin behar gaur zein estilo gailentzen den.
Caparrosek aldaketa bi egingo ditu gehienez hasierako hamaikakoari begira. David Lopezek Susaetaren lekua hartuko du erasoko jokoan. Euskarri postuan, berriz, baliteke Orbaizek jokatzea, Gurpegi kapitainaren ordez. Bestalde, De Marcos izango da Llorenteren ondoan jokatzeko aukeratutako futbolaria.
Oinak lurrean
Athleticek Europako postua sendotzeko asmoz garaitu nahi du Vila-real, Txapeldunen Ligan pentsatu gabe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu