ESAIT Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak nabarmendu du euskal selekzioa onartzen duen orok «ofizialtasunaren bidean urratsak egiten» segitu behar duela. «Alderdi politiko, eragile, elkarte eta banakoei jarrita dauden oinarrietatik abiatuta pausoak ematen jarraitzeko eskaera egiten diogu, hori baita ofizialtasuna lortzeko bidea», esan du Martxel Toledo ESAITeko kideak. Izan ere, iritzi taldearen ustez, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Kirolaren Euskal Legea ontzat jo arren, «ofizialtasuna lortzeko, asko dago egiteko».
1998. urtean onartu zuen Eusko Jaurlaritzak Euskal Kirolaren Legea, eta PPk, Espainiako Gobernuan zegoela, helegite bat jarri zuen 16.6 artikuluaren aurka. Auzitegi Konstituzionalak ez du babestu helegitea. Hala ere, ESAITek dio bi erakundeen arteko «koordinazioa» beharrezkoa dela. «Kanpora ateratzean modu bateratuan egin behar dela dio», azpimarratu du Iñigo Santxo abokatuak. Era berean, epaiak egiten duen interpretazioa da federazioek «piramide egitura» dutela eta horren barruan «egokitu beharra» dagoela. «Azpian lurralde federazioak egongo lirateke. Horien gainean, autonomia erkidegoak, eta gorenean, Espainiakoa», dio Santxok.
Auzi hau ez da Espainiako Gobernuaren aurka azaldu den aurrenekoa. Izan ere, TAS Kirola Arbitratzeko Epaitegiak esan du federazioak erakunde pribatuak direla. Hori dela eta, estatuek ez daukate auzi horretan erabakitzeko batere eskumenik. «Interpretazio argia» du horrek abokatuarentzat. «Federazioa batek sarrera eskatzen badu eta onartua bada, ez dago inolako mugarik. Kasu horretan, epai honek duen indarra hutsaren hurrengoa da».
Ildo beretik, TASek arrazoia eman zion Kataluniako Bola-joko Federazioari. Espainiak ez zuen nahi Kataluniako Federazioak nazioartean parte hartzerik. Hori horrela eta helegiteak tarteko zirela auzia TASek emandako epaiarekin bukatu zela adierazi du Santxok: «Espainiak erabaki horretan ez daukala eskumenik erantzun zion ebazpenean».
Epaiarekin hainbat ondorio atera dituzte ESAITeko kideek: «Lehenik, 16.6 artikulua berretsita, berriz jar daiteke artikulu hori euskal federazio guztien estatutuetan. Bigarrenik, Auzitegi Konstituzionalaren erabakia mugatua da, nazioarteko federazioari lehiatzeko eskaria egin eta hark onartutakoan. Hirugarrenik, federazioek Espainiakoaren barruan egotea komeni zaien edo ez eztabaida dezakete».
«Oinarriak jarrita urratsak egiten segitzeko garaia» dela dio ESAITek
Iritzi taldeak dio federazioen egitura dela-eta «denen arteko koordinazioa» beharko dela lehiatzeko orduan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu