"Puntako pilotak entrenamendu pertsonala eskatzen du; gero eta biziago jokatzen da, ikuskizuna bilatzen da, eta ikuskizuna erritmoan dago. Nik mendiko entrenamenduak jada ez ziola balio azaldu nion". Aritz Altadill da, Barañaingo Zentrum prestaketa fisikoko zentroko teknikaria, Oinatz Bengoetxeaz hizketan.
Prestaketa molde klasikoak baztertu ditu Bengoetxeak, eta eredu teknifikatuagoen eragina nabaritu du. Leitzarra astean bitan joaten da, eta gustura dago lanaren emaitzekin. "Nabaritzen da, gogor entrenatzen gara. Enborreko muskuluak asko lantzen ditugu, eta pilotariak nabaritzen du, hor baitago indarra; gantxoa sartzean nabaritzen da indar hori".
Sufrituz iritsi da finalera Bengoetxea. "Bai, baina hemen denok sufritzen dugu", narbarmendu du. Final-laurdenetatik aurrera ez du partida erosorik izan, eta asko egin du korrika. Bere defentsak zaleak harritu ditu. "Kilometro asko egitea ez da seinale ona, hobe da kilometroak aurkariak egin ditzala".