REALA 0. AT. MADRIL 4

Oker hasi, oker bukatu

Realeko zelai erdiak ez dio aurre egin Atletico Madrilen presioari, eta bi zatietako lehen minutuetan jasotako golak zama izan diraLehen itzulia 21 punturekin amaitu dute txuri-urdinek, jaisteko postuetatik gertu

Imanol Agirretxe, etsipenak jota, belauniko, atzo Anoetan Atletico Madrilen aurka jokaturiko partidan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
Donostia
2012ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Golak: 0-1: Falcaok penaltiz (3. min.).0-2: Adrianek (47. min.). 0-3: Falcaok (83. min.). 0-4: Falcaok (91. min.). Epailea: Muñiz Fernandez. Txartel horiak: Realeko Demidov, Zubikarai, Aranburu, Elustondo eta Mikel Gonzalezi; eta Atletico Madrileko Mario, Miranda, Gabi, Filipe Luis, Juanfran, Diego eta Falcaori. Bestelakoak: 24.640 ikusle Anoeta estadioan. Gogotik egin zuen euria partida guztian.

Orain bai. Orain ez. Gaur bai. Bihar ez. Valentzian bai. Atzo ez. Nora ezean dabil Reala. Batzuetan ongi, baikor egoteko moduan. Besteetan gaizki, buruarekin ezetz egiteko moduan. Norberak atera ditzala ondorioak, baina ez da erraza txuri-urdinen jardunari usaina hartzen. Orain astebete zelairik zailenetako batean hiru puntu lortu zituzten, Mestallan. Atzo, berriz, esku-hutsik geratu ziren Atletico Madrilen aurka, Anoetan. Itxura kaskarra emanda, gainera. Zazpi egunen buruan txanponaren bi aldeak ezagutu ditu Philippe Montanierren taldeak, eta ez da sasoi honetan gertatzen den lehenengo aldia.

Gaizki hasten dena gaizki bukatzen omen, eta atzo, behintzat, halaxe izan zen. Oker hasi, eta okerrago bukatu. Lo ekin zion Realak lehiari. Eta ez behin, bi aldizbaizik. Profesional mailan gutxien barka daitekeen bekatua egin zuen: oker bera bi aldiz egin zuen. Iratzargailua bi minutu beranduago jarrita dauka, nonbait, Donostiako taldeak. Lehen zatiko bigarren minutua betetzerako atzetik zen markagailuan, Falcaok penaltiz egindako gola zela eta. Gero, hainbestean aritu ziren etxekoak. Baina bigarren zatia hasi orduko, hara Atletico Madrilen gola. Eta kasu horretan ez penalti baten ondorioz, aurrelariak defentsa baino askoz bizkorrago ibili zirelako baizik.

Zertarako dira partida aurreko sermoiak? Eta atsedenaldiak? Zer egiten du entrenatzaileak hamabost minutu horietan? Zer esaten die jokalariei? Zerbaiterako balio beharko balu, jokalariak motibatzeko behar luke izan. Bada, ez. Realean ez da horrela gertatzen. Ezta etxean jokatzen duenean ere. Aurkariei kosk egiteko garaian, erraztasunak eman zituen, eta larrutik ordaindu gero. Atletico Madril bezalako talde on bati opariak eginez gero, jai dago.

Futbolaz gutxien dakienak ere badaki hankak beharrezko direla kirol horretan jokatzeko. Eskuek, ordea, behar baino presentzia gehiago daukate. Eta ez atezainen kasuan soilik. «Demidoven esku madarikatua», pentsatuko du batek baino gehiagok. Ez du arrazoirik faltako. Partida hasi eta lehen minutuan, hortxe zoritxarra. Adrianek erdiratu, eta erdibidean Demidoven eskua jo. Penaltia. Falcaok jaurti, eta barrura. Arratsari ekiteko modu ezin txarragoa.

Okerrak zuzentzeko garaiz zegoen Reala, baina atzokoa ez zen egun ona tokatu. Zelai erdia Atletico Madrilen presioari aurre egin ezinik aritu zen; gol aukerak sortu ezinik, beraz. Aipagarrienak azken bost minutuetan izan zituen, Griezmann eta Agirretxeren eskutik. Madrildarren defentsa, ordea, ez zegoen errukitzeko.

Bigarren zatia lehenengoa bezalaxe hasi zen. Adrianek ongi baliatu zuen etxekoen atzeko lerroaren akatsa, eta 0-2koari buelta emateko miraria behar zuen gertatu. Montanierrek azkar egin zituen aldaketak. Cadamuro, Estrada eta Agirretxe kendu,eta aurrean min egin dezaketen hiru jokalari zelairatu zituen: Prieto, Ifran eta Llorente. Halabeharrez, erasoaren aldeko apustua egin zuen entrenatzaileak.

Aldaketek etekinik ez

Mesede baino kalte gehiago egin zioten aldaketek Realari. Zulo ugari utzi zituen atzean, eta Atleticeko Madrilek ongi baliatu zituen aukerak. 82. minutuan lehenik eta 90.ean ondoren, Falcaok Bravoren atea zulatu zuen. Kolonbiarrak hiru gol sartuta joan zen aldageletara. Anoetara bildu ziren zaleek, berriz, haserre aurpegiarekin etxekoa. Partida amaieran txistu hotsak entzun ahal izan ziren.

Lehen itzulia 21 punturekin amaitu du Realak, iaz garai honetan baino lau gutxiagorekin. Jaitsiera postuak gertu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.