«Aurkari txikirik ez dago» esaldia hamaika aldiz erabili da kirolean, baina ez du gaurkotasunik galtzen. Multzo polita egokitu zaio Tau Baskoniari Euroligako lehen fasean, maila handiko talderen aurka lehiatu beharko duen arren. Top 16rako sailkatzen arazo handirik ez du izan behar Baskoniak ustez, baina horretarako lan serioa egin beharko du.
Zerrendaburu izanda maila goreneko bi aurkari saihestu ditu, baina, talde oso indartsuen kontra arituko da. Olympiakos, Efes Pilsen eta Climamio Bologna dira, hasiera batean, goiko postuetan egoteko lehian izango diren taldeak Baskoniaren ondoan. Horien artean banatu beharko lituzkete sailkapeneko lehen postuak. Dena den, Euroligan lehen parte-hartzean ezustekoa eman nahi duen talderik dago ere. Dinamo Moskuk Top 16an sartu nahi du, eta diru eskerga eman du taldea indartzeko.
Top 16ra heltzea du helburu Tauk, aurreko denboraldietan bezala. Helburu hori lortzea eskura du, nahiz eta lehen unetik serio jardun beharko duen arren. Egutegiaren hasierak ez dio mesede handirik egin. Olympiacos eta Dinamo Mosku. Aurkari ezerosoak dira, eta udan izugarri indartu dira biak. Euroligan parte hartzen duten taldeen mailak gora egin du azken urteetan, eta huts txikienak eragina izan dezake sailkapenean. Olympiacos eta Dinamo horren erakusgarri dira, Baskonian haien onena eman duten jokalariekin indartu baitira, besteak beste.
EGUTEGI GOGORRA. Atenasen hasiko du Euroliga Tauk, txapela janzteko irrikan dagoen talde baten kontra, Olympiacos. Aurreko denboraldiko taldea izugarri indartu dute, aulkitik bertatik hasita. Pini Gershonek, Maccabiren azken urtetako teknikariak, jokalari sorta bikaina du talde sendoa egiteko. Penn, Macijauskas....kalitate handiko jokalariak heldu dira taldea indartzeko. Pragako Lauko Finalean sartzetik gertu egon zen azken Euroligan, eta azken pausua eman nahi dute Atenasen izango den Lauko Finalean egoteko.
Dinamo Mosku da kontuan hartzeko taldeetako bat. Petroleoa saskibaloi taldeetara heldu da Errusian, egitasmo izugarriei bide emanez. Monya, Popovic, Fotsis, Papadopoulos, Chatman... Jokalari handiak ditu eskura Dusan Ivkovicek, Top 16ra aise heltzeko modukoa. Bigarren jardunaldian neurtuko da Tau Dinamoren kontra Gasteizen, gerora begira erabakigarria izango den partidan. Hori gutxi balitz Hansenen itzulera ekarriko du partidak, Baskoniako jokalari ohia Moskun baitago.
Efes Pilsen eta Climamio, aurreko bi taldeak baino gutxiago indartu diren arren, maila handiko taldeak dituzte ere. Europako hamasei talde onenen artean sartuta daude bi talde horiek, eta, ezustekorik ezean, bertan jarraituko dute. Efes Pilsenen defentsa deserosoarekin eta Climamioren kalitatea eta bizitasunarekin kontu handia izan beharko du Baskoniak ezustekorik ez izateko.
Rhein Energie, Prokom Trefl eta Le Mans dira A multzoko ustezko talde ahulak, horrelakorik esatea arriskutsua den oso. Aurreko urtean Bambergek ezustekoa eman zuen Top 16ra helduz, eta hiru talde horiek gauza bera lortzen saiatuko dira. Prokom da hori lortzeko aukera gehien duena. Talde polita osotu du Poloniako txapeldunak Europako onenen artean sartu ahal izateko.
Euroligako A Multzoa gogorra bada, B Multzoa beldurtzeko modukoa da. Top 16tik kanpo zein talde gelditu daitekeen ezin da aurreratu, denek aukera garbiak baitituzte. Maccabik, Unicajak eta Panathinaikos beste bost taldeen gainetik daudela esan daiteke, Olimpija, Partizan, Joventut, Ciboa eta Roma, oreka handia den . C Multzoa da argien dagoena. CSKA, Bartzelona, Benetton, Fenerbahce Ulker eta Zalgirisek aurrera egin beharko lukete. Aris, Pau Orthez eta Napoliri dagokie ezustekoa ematen saiatzea.
Okerragoa izan zitekeen
Zorte ona izan du Tau Baskoniak, eta multzo polita egokitu zaio Euroligako lehen fasean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu