Oklahoma, NBAko finalera lehen aldiz

Duela lau urte sorturiko taldeak 107-90 irabazi dio San Antoniori Mendebaldeko finaleko seigarren partidan

Erredakzioa
Donostia
2012ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Oklahoma City Thunderrek NBAko finala jokatuko du lehen aldiz. Duela lau urte sorturiko taldea izan arren, jokalari belaunaldi bikaina elkartu du, eta titulurako lehiarako sailkatu da.Herenegun irabazi zuen Mendebaldeko Konferentziako seigarren partida (107-90), eta 4-2 hartu du mendean San Antonio Spurs. Aurkaria Bostonen eta Miamiren arteko kanporaketatik irtengo da, eta bart gaueko partida jokatu bitarte Boston zen aurretik (3-2).

Seattle Supersonics taldearen errautsetatik jaio zen Oklahoma City Thunder, eta Sam Presti managerraren ezagutzak NBAko eraztuna irabazteko atarira eraman du. San Antonioren aurkako finalerdian Oklahomak ahal fisikoa baino gehiago duela erakutsi du, eta lehen bi partidak galdu ondoren, azken laurak erreskadan irabazita egin du aurrera.

Seigarren eta azkenekoan Kevin Durant Oklahomako izarra nabarmendu zen beste behin, 34 puntu eta hamabost errebote lortuta. Taldearen lau garaipenetan bera izan da onena, eta herenegun ere, gauzak okerren zeudenean agertu zen. San Antonio 48-63 iritsi zen aurretik atsedenaldira, Tony Parker eta Tim Duncanen lanari esker.

«Durant da NBAko jokalari onena». Hala laburbildu zuen Greg Popovic San Antonioko entrenatzaileak aurkarien izarrak bigarren zatian eman zuen erakustaldia. Haren alboan Rusell Westbrookek (25 puntu) oso ondo bukatu zuen partida, lehen zatian Parker gelditu ezinik ibili bazen ere. James Hardenek ere hamasei puntu sartu zituen. San Antonioren aldetik, Manu Ginobilik partida eskasa egin zuen, eta taldeak haren falta sumatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.