Iraupena. 40 minutu.
Pilotakadak. 360.
Sakez. Olaizola II.ak bat, eta Aritz Lasak alerik ez.
Markagailua. 0-2, 1-2, 1-3, 7-3, 7-4, 8-4, 8-5, 9-5, 9-6, 11-6, 11-9 eta 14-9.
Bestelakoak. Jende ugari bildu zen Iruñeko Labrit pilotalekuan. Partida hasieran dirua gorri atera zen, doblean.
Ordezkoak ere min hartu
Kontu bitxi ugari egongo dira idatzirik pilotaren historiako lerroetan. Mota guztietako istorioak, ziurrenik. Baina baliteke atzo Iruñeko Labrit frontoian gertatu zena ez azaltzea. Alegia, beste inoiz ez gertatu izana. Pascualek Zubietaren ordezko lanak egin zituen Aritz Lasarekin, eta min hartu zuen. Partida 14-9 zegoela gerrian ziztada bat sentitu zuen Abartzuzakoak, eta denbora baino lehen hartu behar izan zuen aldageletarako bidea. Saiatu zen kantxara itzultzen, baina lesioak ez zion utzi, eta, noski, 22-9 izan zen azken emaitza —araudiak hala dioelako—. Bitxia izan zen, baina egia. Min hartuta dagoen baten lekuan sartu eta, hara, bera ere lesionatu. Kirolean gutxitan tokatzen omen dira zorte txarrak. Bada, atzo horietako egun bat izan zen.
Pena. Pena izugarria izan zen. Batetik, inoiz ez delako albiste ona kirolari batek min hartzea; baina, batez ere, Aspekoak espero ez zen lekuan ari zirelako arrautzak erruten. Olaizola II.a eta Beroiz ziren faborito, dirua ere doblean atera zen haien alde, baina Aritz Lasa eta Pascual ezin hobeto jokatzen ari ziren. Urretxukoa lotsagabe, eta Abartzuzakoa oso sendo. Markagailuan bost tantoz atzetik izan arren, irabazteko aukera zuten. Partida alerik galdu gabe daude Asegarcekoak, eta gehitxo esatea izango litzateke atzo izango zutela estreinakoa. Baina, tira, sufritu behintzat, egin zuten.
Norgehiagokak hasiera elektrikoa izan zuen. Lasa inspiratuta kantxaratu zen, eta harenak izan ziren lehen hiru tantoak. Zein baino zein ederragoak. Laster esnatu zen Olaizola II.a, eta partidari buelta ematen hasi zen, bere ohiko jokaldi ederrei esker. Aurreko koadroetan tanto apartak ikusi ahal izan ziren hasieran (4-3). Beroizek ez zion beste batzuetan bezain ongi ekin lehiari. Akaso, Pascualek une oro bizkarra erakutsi ziolako.
Partida aurrera joan ahala, aldea lortzen hasi ziren gorriak, batik bat Olaizola II.ak errematatzen asmatu zuelako. Mota guztietako tantoak egin zituen. Lasak, ordea, kale edo bale jokatzeko erabakia hartu zuen, eta ez kalterako. Defentsarik onena erasoa omen da, eta horixe egin zuen. Ezker airez zein horma bikoz, kalitate handiko tantoak egin zituen. Hori bai, aurkariak gertu izan arren, Aspekoek ez zuten lortzen dema orekatzea (11-9).
Erdialdetik aurrera, gogortzen hasi zen neurketa, eta liderrak bost tantoz aurretik ipini baziren ere, sorpresaren bat gerta zitekeela pentsatuko zuen batek baino gehiagok. Unerik erabakigarrienean, baina, Pascualek min hartu zuen, eta hortxe bukatu zen urdinen itxaropena. Partida galtzeaz gain, tanto aldea ere eskasa geratu zitzaien, eta komeriak izango dituzte helburua lortzen. Olaizola II.ak eta Beroizek, aldiz, poltsikoan daukate finalerdietarako txartela.
Gaur, Logroñon eta Gernikan
Lehen itzulia amaitzeko bi partida besterik ez da falta, eta gaur jokatuko dira. Titin III.a eta Merino I.a errioxarrak etxean arituko dira, Arretxe II.aren eta Beginoren aurka; azken horiek ez dute punturik lortu. Merino I.ak bere anaia ordezkatuko du. Gernikan, berriz, Xala-Laskurainek eta Bengoetxea VI.a-Apraizek jokatuko dute. Asegarcekoek, irabaziz gero, ihes egingo dute sailkapenean.
Olaizola II.a-Beroiz 14. Aritz Lasa-Pascual 9
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu