Patxi Eugi. Martinez de Irujoren botileroa

«Olaizola II.a sasoi betean dagoela oso argi dugu»

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2011ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Zer moduz joan da aukeraketa?

Arazorik ez. Bakoitzak bere gustuko pilotak ditu. Alde handia dago, halere, bi sorten artean.

Zer-nolako sasoian dago Irujo?

Ondo, erritmoari eutsi dio. Sasoi onean dago, hamabost egunek ez dute zertan eragin. Azken entrenamenduan ez zen hain gustura gelditu, baina aurrekoak onak izan ziren.

Itxaronaldia nola eraman du?

Berak ondo azaldu du; lesio serioa zegoela jakinda, hobe izango zen hasieratik hamabost egunez atzeratu izan balute finala. Lehen egunetik esan balute 11n jokatu behar zela, denentzat hobeto. Baina, tira, astebete baino ez da.

Olaizola II.aren lesioak Irujoren jokatzeko modua aldatuko al du?

Ez, Juan berdin irtengo da, beti bezala jokatzera. Guk argi dugu Olaizola sasoi betean dagoela, eta ez duela ahulunerik.

Nolako finala espero duzu?

Partida gogorra izango da, eta oso orekatuta. Ez dut uste hautsiko denik. Ligaxkan ikusi zen edozeinek irabaz dezakeela. Nik uste tanto ilarak izango dituen partida izango dela, eta finalista bakoitza bere jokatzeko moduan inposatzen saiatuko dela. Nire ustez, pilotalekuan tokia hobekien aurkitzen duenak irabaziko du. Lau t'erdia tanto sorta askokoa izan da betidanik, agintzen duenak abantaila handia duelako.

Irujok esan du zuk asko lagundu diozula lau t'erdian. Zertan, zehazki?

Nik partida asko jokatu nituen lau t'erdian, eta nire esperientziatik aholku ematen saiatzen naiz, dakidana irakasten. Gero, nabarmentzekoa da aurten asko entrenatu duela lau t'erdian, inoiz baino gehiago, eta horrek ere eragin positiboa du.

Irujok irabaziz gero, harrapatu egingo zaitu lau t'erdiko txapelen zerrendan. Adarra jo al dizu horrekin?

[Barrez] Aizu, hori gauza oso serioa da txantxetan hartzeko! Duen adinarekin hartu eta pasa egin nazake. Hori gutxienekoa da, garrantzitsuena finala da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.