Txapela laugarren aldiz irabazteko aukera edukiko du Olaizola II.ak. Partidaren erdia arte lan dezente eman dio Urrutikoetxeak, baina zortzi tanto egin ditu erreskan 10-7tik 18-10ra bitartean, eta hor hautsi du lehia.
Pilotakada askokoa izan da neurketa hasieran, eta Urrutikoetxea aurretik ibili da (0-3 eta 3-5). Baina Olaizola II.a hasi da sakearekin asmatzen, piloteoan dominatzen, eta gainera ez dio kontrarioari oparirik egin. Halere, txinpartarik gabe dabil. Izan ere, ez ditu tanto gehiegi amaitu sake-errestoaren ondoren, eta tantoa bukatzen saiatu denetan ez da beste batzuetan bezain zehatza izan. Halere, ez du bururik galdu eta ondo sailkatu da finalerako.