pilota

Olaizola II.ak eta Bengoetxea VI.ak jokatuko dute buruz buruko finala

Aimar Olaizola gailendu zaio Juan Martinez de Irujori (22-15) partida bizi batean. Bengoetxea VI.ak, berriz, uste baino aiseago irabazi zion atzo Urrutikoetxeari eta lortu zuen buruz buruko finalera sailkatzea. Gaur hamabost jokatuko dute finala bi pilotariek.

Oinatz Bengoetxea, garaipena ospatzen, eta Mikel Urrutikoetxea, burumakur, atzo, Labriten. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
Berria
2015eko maiatzaren 31
12:22
Entzun

Airez pilotakada asko izan dira Aimar Olaizola II.aren eta Juan Martinez de Irujoren gaurko partidan. Bizi joan da Gasteizko Ogetan jokatu den norgehiagoka, eta defentsa lan onari esker irabazi du eta lortu du buruz buruko finalerako txartela goizuetarrak. Partidaren une batzuetan bi tantoren aldea soilik eduki dute bi pilotarien markagailuek, baina oro har, Olaizola II.enak egin du lanik onena.  "Gustura" gelditu da Aimar Olaizola gaurko saioarekin.

Gaur hamabost berak eta Bengoetxea VI.ak jokatuko dute buruz buruko finala, oraindik erabakitzeke dagoen frontoi batean. 

Bengoetxea, gozo-gozo

Gidoia idatzi bezala jarri zuen praktikan atzo Oinatz Bengoetxeak, Iruñeko Labriten. Ongi esatea gutxi da. Bikain. Ezin hobeto jokatu zuen leitzarrak, bai taktikoki bai teknikoki, eta uste baino errazago gainditu zuen Mikel Urrutikoetxea: 22-7. Lehen bospasei tantoetan, bai, oreka nagusitu zen, baina handik aurrera nahi zuen guztia egin zuen Bengoetxea VI.ak. Txapela kentzeko moduko erakustaldia eman, eta merezita lortu zuen buruz buruko finalera sailkatzea. Hala, gozo-gozo jarraitzen du, binakako txapela jantzi ondotik, banaka ere balentria bera lortzeko aukera izango baitu.

Neurketak oso izan zuen hasiera gogorra. Lehen tantoa Urrutikoetxeak egin zuen, baina hurrengo hiruretan Bengoetxea gailendu zen. Latz sufrituta, hori bai. 3-1 zirela, partidako tantorik gogorrena jokatu zuten, eta Urrutikoetxeak 3-2koa egin zuen. Hurrengo tantoa ere berak lortu zuen. Hirunakoarekin, ematen zuen luze joko zuela lehiak, eta sasoikoen zegoenak irabaziko zuela. Baina ez. Ustekabean, bizkaitarrak behera egin zuen nabarmen. Lotuta jokatu zuen, bere mailatik urrun. Oso urrun. Horregatik, partida amaitu bitarte nahi eta ezin aritu zen. Erabat etsita.

Bataren sufrimendua zela medio, bestearen erakustaldia hasi zen. Hiruna egotetik, 11-3kora igaro zen partida. Leitzarrak azti jokatu zuen. Maisuki, dudarik gabe. Bere zepoan harrapatuta eduki zuen aurkaria, tanto ia denak aurreko koadroetan jokatu baitzituzten. Urrutikoetxea pilota ezin luzatu ibili zen, eta aukera ez zuen alferrik galdu leitzarrak. Denetariko erremateak egin zituen: gantxoak, horma bikoak, dejadak... Konfiantza hartu zuen, eta geldiezin bilakatu zen. Bizkaitarra ahalegindu zen aurkariaren bolada ona eteten. Eta lortu zuen, 11-3koan. Beranduegi, ordea.

Ordurako ia erabakirik zegoen lehia. Ez emaitzagatik, jokoagatik baizik. Bengoetxea VI.ak bere horretan jarraitu zuen. Aurreko partidetan ez bezala, sufritzen jakin izan zuen. Defentsan eroso egon zen, eta erasoan zer esanik ez. Gainera, sasoi aldetik ere inoiz baino hobeto sentitu zen. Urrutikoetxea gogotik saiatu zen, baina egun okerra tokatu zitzaion. Tantoa amaitzeko aukera izan zuenetan ere ez zuen batere asmatu. Porrotagatik baino gehiago, bere maila eman ez zuelako amaitu zuen minduta. Bengoetxea VI.a, berriz, pozez zoratzen zegoen. «Pentsatuta neukan bezala atera zait dena. Sari izugarria lortu dut. Orain, ezustea eman nahi dut finalean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.