Aimar Olaizolak oraindik ezin du ziurtatu lau t'erdiko finala abenduaren 4an jokatuko duen ala ez. Litekeena da baietz, zantzuak baikorrak direlako eta pilota egutegia oso estu dagoelako, baina goizegi da baieztatzeko. Atzo arratsaldean saio arina egin zuen Bilbon, Bizkaia pilotalekuan, medikuak neurrira eginiko plastikozko titareak probatzeko. Ondo sentitu zen, baina ezin izan zuen ezer argitu: «Nik ez dut 11n jokatzearen inguruko ezer esan; ez dakit nola irten den. Goizegi da ezer esateko;hatza hobeto dago, baina oraindik min ematen dit. Nik ahal dudan guztia egingo dut 4an jokatu ahal izateko».
Olaizolak proba arina egin zuen bi lodieratako titareekin, bitik bira jokatuz. Larunbatean egingo du hurrengo proba, gogorragoa, eta hor minari ondo eusten badio, asteartean egingo du azkena. Egunez egun hatzak hobera egin duela sumatu du, eta horregatik ez du behin betiko erabakirik hartu nahi. «Hatzak itxura hobea du, hantura jaitsi da, eta oraindik hamabi edo hamahiru egun ditut hobera egiteko, eta azken unera arte baliatu behar dut. Horregatik harritu nau orain erabaki behar izate horrek. Gainera, ez luke zentzurik izango orain proba gogorra egiteak».
Erabakia hartzeko epea noiz bukatuko den ez daki, ezta noiz egin beharko lukeen azken proba ere, baina hurrengo astean uxatuko ditu zalantzak. «Hurrengo asteko proban ikusiko dut jokatzeko moduan nagoen ala ez. Gero, erabakia hartzeko eguna iristen bada eta ezin badut jokatu, ikusiko dugu zer egin, baina nire asmoa ez da atzeratzea».
Pilotariaren arazoa mina da, eta, azaldu zuenez, pilota jotzean mina sentitzen du. Hatza hautsita dauka, eta titareak mina arintzen du, baina ez guztia. «Beste batzuek jokatu dute, baina hatza hautsi eta lau egunetara ez zuten minik. Nire kasua desberdina da: zortzi egun pasa dira eta oraindik min dut». Finala 4an jokatzeko ahalegin horretan, pilotariak beste tratamendu bat hasiko du gaur Mikel Sanchez doktorearekin.
Bizkaia torneoa
EPELek bost koadro eta erdiko binakako Bizkaia torneoa aurkeztuko du ostiralean Bilbon. Finalerdiak abenduaren 3an hasiko dira, eta finala, 10eko asteburuan. Partidak pilatzen ari zaizkie enpresei, eta asko zailtzen du lau t'erdiko finala beste astebetez atzeratzeko aukera. Binakakoa, gainera, ate-joka dago.
Olaizola II.ak ez ditu argitu zalantzak
Medikuak eginiko bi titareak probatu ditu, eta hurrengo asteko saio batean erabakiko du finala 4an jokatu ala ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu