Punta Galeako surf txapelketa

Olatu handienaren esperoan

Nic Lamb estatubatuarra izan da garaile Punta Galeako Olatu Handien Munduko Zirkuituan. Finalean sartuta, bosgarren postuan amaitu du Natxo Gonzalez plentziarrak. Bideoa: txapelketako hainbat  irudi (Ander Gartzia, Berria TB). [berriatb]http://www.berria.eus/berriatb/2278/[/berriatb]

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2014ko abenduaren 12a
10:59
Entzun

Olatuen zain bizi dira surflariak. Itsasoak agintzen die noiz eta non aritu daitezkeen. Olatuak non, haiek han. Eta hala aritzen dira surf lehiaketak antolatzeko ere. Duela bi egun iragarri zuten Punta Galean (Getxon) hamar metro inguruko olatuak espero zirela. Eta argi berdea eman zioten atzo egin zen Punta Galeako Olatu Handien Munduko Zirkuituko txapelketari. Atzera kontaketa hasi zen orduan. 48 ordu izan zituzten olatu handietako mundu osoko surflariek hegazkin txartela hartu eta Euskal Herrirako bidea hartzeko. 24 surflari aritu ziren atzo lehian Getxoko uretan, eta horietatik zazpi izan ziren Euskal Herrikoak. Nic Lamb kaliforniarra izan zen garaile azkenerako, saio bikaina eginda, eta Natxo Gonzalez 19 urteko plentziarrak bosgarren postua lortu zuen.

Iaztik, olatu handien munduko zirkuituetako bat da Getxokoa. Europan egiten den bakarra, alegia. Ikusmina sortu zuen horrek. Ekitaldia 09:00etan hastekoa zen, baina ordubete atzeratu zuten. Arrazoia: lehiaketa streaming bidez emateko arazoak. Horra nazioartean duen jarraitzaile kopuruaren adibide argi bat. Baina Internet ez zen izan surflariak ikusteko bide bakarra. Milaka izan ziren Punta Galeara gerturatu ziren herritarrak. Hotza eta euria ez ziren eragozpen izan. Aterkiekin eta esertzeko aulkiekin joan ziren asko, eta izan zen hotza uxatzeko mantak eraman zituenik ere. Katalosekin gehienak, eta itsasoan zeuden surflarien mugimenduei adi denak.

Itsasoaren egoeraz egindako iragarpenak ez ziren guztiz bete. Hamar metro inguruko olatuak espero ziren arren, zazpi bat metrokoak izan ziren nagusi. Ura ere nahasi xamar zegoen, eta haizea dezente zakartuta. Agian ez ziren txapelketa jokatzeko osagairik onenak, baina beranduegi zen bertan behera uzteko. Pena pixka batekin zegoen David Bustamante surflaria. Punta Galean egin diren txapelketa guztietan parte hartu du bizkaitarrak: «Zaila izan da gaur olatuak hartzea. Ez dira izan espero genituen olatuak». Zoritxarrez, eguraldiari eta itsasoari ezin zaizkio eskatu baldintza jakin batzuk enkarguz.

Itsasoa, zakar

45 minutuko lau txanda egin ondoren, hamabi surflari sailkatu ziren finalerdietarako. Eta horietatik seik lortu zuten finalera pasatzea: Nic Lamb, Pat Gudauskas eta Nathan Fletcher estatubatuarrek, Gabriel Villaran perutarrak, Makua Rothman hawaiiarrak, eta Natxo Gonzalez euskal herritarrak. Lambek lortu zuen lehen postua finalean, eguneko puntuazio onenarekin: balizko 30 puntuetatik 29,77 eskuratu zituen. Bosgarren postua lortu zuen Gonzalezek, finalean aritu zen euskaldun bakarrak. Lortutakoa ezin sinetsita zegoen plentziarra: «Izugarria da. Oso pozik nago. Grant Bakerrek baino puntu gehiago lortu dut lehen txandan. Lorpen eta bizipen hori izugarria da niretzat».

Adur Letamendia zarauztarrak lehiaketa utzi behar izan zuen finalerdietan, ondoezik. Harrotuta zegoen itsasoa, eta eragin egin zion horrek: «Lehenbiziko txandan ondo aritu naiz, baina guztiz zorabiatuta nengoen, eta uretatik atera behar izan dut». Pozik zegoen, hala ere: «Oso polita da Punta Galeako txapelketa. Mundu guztiko surflari trebeenak daude hemen».

Letamendiarekin bat egin zuen Indar Unanue zarauztarrak ere: «Zakar zegoen itsasoa». Taula hankan lotzeko gailua apurtu zitzaion lehen txandan, eta harri artera joan zitzaion. «Oso pozik nago lehiatzeko aukera izan dudalako, baina olatu bakarra hartu dut». Urduri zegoen Unanue: «Garrantzitsua da gaurkoa, eta maila handiko jendea etorri da. Gauzak ondo egin beharraren presioa izan dut».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.