Lagun Aro GBC. Salgado (3), Vidal (8), Papamakarios (6), Panko (14), Betts (2) —hasierako bostekoa—; Neto (7), Doblas (12), Baron (13) eta Ogide (2).
Cajasol. Satoransky (6), Urtasun (17), Jasen (2), Bogdanovic (2), Triguero (1) —hasierako bostekoa—; Calloway (2), Tepic (2), Davis (27), Rubio eta English (6).
Markagailua. 15-20, 35-32 (atsedenaldian); 48-49 eta 67-65.
Epaileak. Garcia Ortiz, Guirao eta Martinez Fernandez. Ez zuten inor kanporatu.
Bestelakoak. 6.605 ikusle inguru Donostiako Illunbeko pabiloian.
Fedea dute. Konfiantza. Eta dena ondo ateratzen zaie ondo atera behar duenean. Lagun Aro oso gutxitan lortzen den sasoi puntu onean dago, eta bere indarrean sinesten duelako lortu zuen laugarren garaipena jarraian. Sei daramatza dagoeneko, eta sailkapenean postuak igotzen. Kopa urrun samar dago oraindik, baina jaitsiera postuak are urrunago. Bilbon jokatuko du igandean Donostiako taldeak, eta handik garaipenarekin bueltatzeko hautagai dira, gaur-gaurkoz Gescrap Bizkaia baina hobeto baitago.
Lagun Arok partida oso aldats gora zegoenean eman zuen erantzun onena, eta horrelako gauzak fedeak ekartzen ditu. Aurretik lortutako hiru garaipenak, aurkariari erasoan jarritako oztopoak, eta erasoan, zailtasunak zailtasun, beti jokaldi eraginkorra bilatzeko bidea. 50-57 zen nagusi Cajasol sei minuturen faltan, eta Cajasoleko Paul Davis sekulako mina egiten ari zen Lagun Aroren saskipean. Etxekoek ezin zuten haren emana, kalitatea eten, eta zaleak ere bolada ona hiru garaipenekin bukatuko zela pentsatzen hasiak ziren.
Sito Alonsoren hutsarteak, ordea, miraria egin zuen, eta bi minutu eskasetan partida berdindu zuen berriro Lagun Arok. Vidalen hirukoa, defentsa ona, Pankoren bikoa, beste defentsa on bat eta estatubatuarraren beste biko bat. Eta zaleak zoratzen Ilunben. Zailena eginda zegoen, baina Txemi Urtasun nafarrak Cajasol talde ona dela erakutsi nahi izan zuen, eta kalitate handiko bi saskiratzerekin dardara eragin zuen berriro: 57-61. Paul Davisek lau puntutan mantendu zuen Sevillakoen alde polita 90 segundoren faltan, eta zaleak ernegarazi zituen keinu zatarra egin harmailetara begiratuta. Jokalari puska da, baina kantxan eleganteago jokatzen jakin behar da.
Saskiratzea ezinbestekoa zen Lagun Arorentzat, eta berriro, Pankok hartu zuen erantzukizuna. 61-63koa jarri zuen puntu bateko bi jaurtiketekin, eta Vidalek jabetza bereganatu zuen. Salgadok asistentzia ederra eman zion Doblasi, eta pibotak berdinketa jarri. Hazita, Bogdanovicen akatsa behartu zuen Lagun Arok, eta azken jokaldi osoa egiteko astia eduki zuen. Pazientziaz, aukera onena bilatzen saiatu ziren, eta barnekaldi baten ostean, Vidalek Donostian aspaldi ikusi den asistentzia politena eman zion Doblasi, hark saskia txikitu zezan.
3.4 segundo falta ziren, baina partidak ezin zuen ihes egin. Lagun Arok defentsan irabazi dituelako partidak. Cajasolen erasoko jarduna zortzi puntura mugatu zuen partidako azken sei minutuetan, ondo aritu behar denean, eta Txemi Urtasunen hondarreko ahaleginak ez zuen nafarrak nahi zuen fruitua eman. Kantauri Itsasoa astintzen ari den olatuen pare dabil Lagun Aro. Hautsezin, apartsu, indartsu. Olatuen tankeran, aurretik harrapatzen duen guztia irensten du, eta ez dago hura geldituko duen inor.
Lagun Aro GBC 67. Cajasol 65
Olatuaren aparrean
Garaipen handia lortu du Lagun Arok, azken unera arte sufrituz; laugarren garaipena poltsikoratu du jarraian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu