Olentzero eta hiru erregeak

Baskoniak opari asko egin dizkio Estudiantesi azken bi minutuetan, eta zer hobetua baduela erakutsi du berriro

Andoni Urbistondo.
2011ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Ume koadrila batengana joan eta zenbat opari egin dizkieten galdetzea bezain sinplea da ariketa. Bat, bi, hiru, lau, asko... denetarik erantzungo dute. Baskoniako entrenatzaileari galdetuz gero, azken aukeraren alde egingo luke. Izan ere, zenbatu ezinak izan baitziren Ivanovicen jokalariek partida hondarrean egindako opariak. Ernegatzeraino, azken bost erasoetatik lautan baloia galdu baitzuten. Kontu bat da jaurtiketa bat huts egitea edo aurkariak defentsa on bat egin ondoren kale egitea, baina beste bat baloi inozoak galtzea eta irabaz zitekeen partida bat pikutara botatzea.

Honatx azken bi minutuetako kontakizuna: Huertasek emandako baloia Baraci indarrik gabeko baloia eman ondoren. Teletovicen beste opari bat bizkarrez jokatzen egoskortu ostean. San Emeterioren beste bi opari saskipean, horietako bat errazena baloia jaso eta saskiratzea zenean. Horrelako hutsekin, ezinezkoa da garaipena. Ivanovicek hilabete atzera esan zuen Baskoniak ia beti izan duen gaitasun garrantzitsua galdu duela: partidak erabakitzeko ahalmena. Bere horretan dirau gaitzak, jokalariek azken minutuetan asmatu ezinik jarraitzen dutelako.

Arrazoi posibleak dira hauek: Marcelinho Huertas ez dago. Hirugarren laurden txukuna egin zuen, baina bestelakoan, galduta dabil brasildarra. Splitter berarekin gogoratzen etengabe, Baracekin egiten dituen blokeo eta jarraipen gehientsuenak emandako baloietan bukatzen direlako. Huertasek lau baloi galdu zituen; Baskoniak, hemeretzi. Olentzerok eta hiru erregeek batera egin ditzaketenak baino gehiago. Arrazoi gehiago. San Emeteriok 36 minutu jokatu zituen, eta Teletovicek, 38. Leher eginda iritsi ziren bukaerara, eta arnasestuka zaudenean, ezer ez da ondo egiten.

Jokatzen ez dutenen artean ere zerbait esan behar. Loganek bederatzi minutu bakarrik jokatu zituen, baina jokatu zuen tarte txiki horretan egindako okerrengatik izan zen. Berekoi jokatu zuen estatubatuarrak, sistemei muzin eginez, eta jokaldi asko berak bukatzea erabakita. Emaitza txarrarekin: -2ko balorazioa eta huts egindako hiru hiruko. Pau Ribas ere pattal dabil. Atzo eta aspaldian. 15 minutu eta puntu bakarra. Pape Sowri ezin askorik eskatu, hilabeterako baitago. Baraci buruz ere bi hitz. Epaileekin tematuta jarraitzen du. Bukaeran adierazi zizkioten falta bi zalantzazkoak izan ziren, baina nahikoa izan ziren kroaziarrak kontzentrazioa galdu, eta taldearentzat zama astuna bihurtzeko.

Orain ondo, orain gaizki

Baskoniaren jarduna ulertu edo azaltzen asmatzen duena, aberats. Onartzeko moduko lehen laurdena egin ondoren, burua galdu zutelako bigarrenean. 12-17 bukatu zen lehen laurdena, eta defentsa ona egin zuten arabarrek, Estudiantesen saskirako bidean oztopo asko jarriz. Bigarrenean lan on horri segida emateko unea zen, baina Baskonia Madrildik osteratxoa egitera joan zen.

Estudiantesek igerileku bat bezain handi bilatu zuen saskia ia eraso guztietan. Bi arrazoi daude horrela gertatzen denean. Jokalariak bikainak dira, edo defentsa txar-txarra izan da. Egin apustu bigarren aukeraren alde. 29 puntu hartu zituen Baskoniak, eta German Gabrielek ageri-agerian utzi zuen Stanko Baracen ezina kanpoko lerrotik mugitzen diren jokalari garaiekin. Hamabi puntu saskiratu zituen Malagakoak, eta ernegatu egin zuen Barac. Barrutik, kanpotik... Hamabi punturen aldea lortu zuen Estudiantesek, eta eskerrak atsedenaldia iritsi zela, Baskonia sekulako txakalaldiarekin baitzegoen.

Aldageletatik bueltan taldeak zer itxura erakutsiko zuen, zalantza. Zalantza, edo beldurra. Zorionez, gauzak ondo egiten dakien Baskonia hori kantxaratu zen, eta San Emeteriok, Baracek eta Huertasek eurengandik espero zen neurria eman zuten. Defentsan ere lau puntura mugatu zuten Estudiantesen erasoko jarduna laurdeneko zazpi minututan, eta Baskonia partidan sartu zen berriro, markagailuan puntu bat azpitik jarraitu arren: 56-55.

Laugarren laurdena ondo hasi zen Baskoniarentzat, Estudiantes berehala sartu zelako bonusean. Estudiantesek, ordea, partidako minuturik onenak jokatu zituen Jayson Grangerren eskutik, eta 68-63 aurreratu zen. Arabarrek norgehiagoka berdindu zuten Baracen lau punturi esker, baina azken bi minutuetan... agur partidari. Caner-Medleyk eta Jasenenek puntu bateko lau jaurtiketa huts egin arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.