Opari zakua. Bartzelona garaitzea oparia delako. Zer esanik ez garaitzeko modua. Defentsa zorrotzarekin, Ivanovicek gustuko duen bezala. Oparia, Gasteizen aspaldi ikusten ez zuten pick&roll-a, blokeoa eta jarraipena ikusi zelako. Protagonistak, Prigioni eta Heurtel joko antolatzaileak eta Milko Bjelica pibota. Prigioni eta Luis Scolaren garaietan bezala. Opari ederra Lagun Arok errenkadan lortutako bigarren garaipena, eta opari ona Gabonak lasai pasatzea. Zer esan Baronen erakustaldiari buruz, Vidal eta Salgadoren lan bikaina ezkutuan utzi badu ere. Opari ona, era berean, Bilbo aldean, jokatu gabe ere Kopa orain astebete baino gertuago baitu Gescrap Bizkaiak. Partida gehiago atzeratzeko eskatu beharko lukete. Aurkariek garaipenak lortu gabe jarraitzen duten bitartean... Tradizioak dio Olentzerok opariak Eguberri egunean banatzen dituela, baina euskal saskibaloiaren kasuan astebete aurreratu da.
«Partidak defentsan irabazten dira». Ehunka prentsaurreko emango zituen Ivanovicek Gasteizen, eta horietako gehienetan lerroburuko mezu hori errepikatzen da gehien. Ligan defentsan ondoen dabiltzan bi taldeek neurtu zituzten indarrak Iradier Arenan, eta puntu gutxiko norgehiagokan arabarrak nagusitu ziren. Meritu handikoa da Bartzelonaren erasoko jarduna hamabost puntutik behera uztea hiru laurdenetan, kantxan Navarro egon edo ez. Europan talentu handiena duen taldea baita Xavi Pascualena. 60 puntu hartu zituen, baina gutxiago ere izan zitezkeen. Etziko partida erabakigarriari buruko indar handia emango dio garaipenak, Bartzelona menderatzea gauza handia delako. Baskoniaren bilakaeran funtsezkoa izaten ari da defentsa, baina baita Milko Bjelicaren itzulera ere. Hamazazpi puntu lortu zituen herenegun, eta blokeo eta jarraipenean min handia egin. «Taldea otsailean ondo egoteko ari gara lanean», bota zuen Ivanovicek ez aspaldi. Gerturatzen ari dira. Asko.
Ongi etorri, Jimmy! Bai, ez da justua jokalari bakar bat goraipatzea eta erabakigarriak izan diren besteak bigarren mailan uztea. Baina Baronek egin zuena ez du inork egin hamalau urtean! Hamabost hiruko bi partidatan, eta hogei minutuan, seitik sei Illunben. Jaurtitzaile aparta da, baina ez du lan onik egin orain arte. Une gozoa aurkitu duela dirudi, eta hala irauten duen bitartean, askoz arriskutsuagoa izango da Lagun Aro. Lasaitu ederra hartu zuen Sito Alonsok: «Zaleei pozen bat emateko gogoa genuen, Gabonetan lasaiago egon daitezen. Hainbeste sufritu dute». 4-8 da balantzea oraindik, baina laino beltzak Donostiatik aldendu direla dirudi. Kanaria Handian dute hurrengo norgehiagoka. Handik garaile bueltatzeak hauspo handia emango lioke taldeari, eta urte bukaera ona ez, oso ona izango litzateke. Abenduaren 4an Cajasol ahaltsua etxean hartzeko motibazio berezia.
Mundua, aldrebes. Partidarik jokatu gabe orain astebete baino gertuago dauka Kopa Gescrapek. Ulertzen zaila da, baina azaltzen erraza: beste taldeen emaitzek ere zeharo baldintzatzen dute sailkapena, eta, zorionez, Bizkaiaren aurkari gehienek galdu egin zuten hamabigarren jardunaldian. Denek ezin zuten galdu, Valentziak eta Cajasolek elkarren aurka jokatu zutelako, baina hor ere aldeko emaitza, komenigarriena Sevillako taldearen garaipena zelako. Fuenlabradak ere galdu egin zuen, Donostian, eta Manresak ere bai, Madrilen. Garaipen bakarrera du orain Kopa, baina aurretik duen egutegia ez da erraza: Caja Laboral 2011. urteak berea egin aurretik, eta Zaragozara atzeratutako partida jokatzera joan aurretik, Unicaja Malagan, eta Lagun Aro Miribillan, euskal derbia. Zazpi talde daude borrokan hiru postutarako, baina Cajasolek ziurtatua du ia-ia postua.
Zonakako defentsa
Olentzero goiztiarra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu