Londresen jokatuko dira Olinpiar Jokoak, uztailaren 27tik abuztuaren 12ra, baina Euskal Herrian ere nabarituko da eragina. Azken urteotan bezala, Euskal Herriko bi proba jokatuko dira denboraldi honetan ere UCI World Tourraren barruan: Euskal Herriko Itzulia eta Donostiako Klasikoa. Eta, hain zuzen ere, bigarren lasterketa hori ohi baino hamabost egun geroago jokatuko da aurten, abuztuaren 14an, asteartean. Uztailaren 28an jokatuko da Londresko Olinpiar Jokoetako txirrindularitzako errepideko proba, eta horregatik atzeratu dute bi astez Donostiako Klasikoa. Philippe Gilbertek irabazi zuen joan den urtean Donostiako proba, eta, ondo bidean, puntu-puntuan iritsiko da aurten ere.
Euskal Herriko Itzulia, berriz, azken urteotan bezala, Aste Santuaren jiran izango da, apirilaren 2tik 7ra. Gueñesen hasi eta amaituko da lehen etapa, eta Gasteizera iritsiko dira biharamunean. Hirugarren etapa gogorra izango da, Ibardin gainean amaituko delako, eta etapa klasikoa izango da apirilaren 5ekoa, Beratik abiatu eta Arrateko santutegian amaituko dena. Eibar eta Oñati lotuko ditu azken-aurreko etapak, eta Oñatin bertan jokatuko den erlojupekoan erabakiko da erabaki beharrekoa.
Horiek izango dira euskal egutegiko bi proba nagusiak, baina beste bost lasterketak ere eutsi diote krisi garaiari. Ez da gutxi. Izan ere, urrutira joan gabe, Euskal Bizikletak Euskal Herriko Itzuliarekin bat egin behar izan zuen 2009an. Eta 2010eko maiatzaren 27an Urkiolako Igoerako antolatzaileek jakinarazi zuten urte hartan jada ez zela lasterketarik izango, diru arazoak tarteko.
Miguel Indurain saria lehena
UCI World Tourretik kanpo dauden lasterketa txikiagoentzat ez da egoera samurra, eta horregatik da pozgarria Miguel Indurain sariaren gisakoek egutegian jarraitzea. Nafarroako proba hori izango da euskal egutegiko lehena, martxoaren 31n. Euskal Herriko Itzulia amaitu eta biharamunean jokatuko da Zornotzako Sari Nagusia, Paris-Roubaix proba sonatuaren egun berean. Ondoren, apirilaren 21ean jokatuko da Laudioko Sari Nagusia.
Donostiako Klasikoaren aurretik, uztailean gozatu ahal izango dute euskal zaleek goi mailako txirrindularitzarekin. Uztailaren 25ean jokatuko da Ordiziako Klasikoa, eta uztailaren 31n Getxoko Zirkuitua, Ricardo Otxoa zenaren omenezkoa. Nazioartera zabaltzen ari den txirrindularitza modernoan, zazpi probarekin jarraituko du Euskal Herriak.
Txirrindularitza. Merkatu berriei begira
Olinpiar Jokoen eragina nabarituko da euskal egutegian
Donostiako Klasikoa azken urteotan baino hamabost egun geroago jokatuko da, abuztuaren 14an, asteartearekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu