Ez errazenetakoa, baina zailenetakoa ere ez. Erdibideko aurkari bat egokitu zaio Athletici Europa ligako final-hamaseirenetan: Olympique Marseilla. Frantziako taldea aurkari zaila da, baina inondik inora ez Athletic baino zailagoa. Talde historikoa da —1993an Txapeldunen Liga irabazi zuen—, baina azken urteetan nabarmen egin du behera. Adibidez, ordutik lau titulu besterik ez du irabazi: Frantziako Liga bat eta Frantziako hiru Ligako Kopa. Aurten ere ez du irabaziko Frantziako Liga, hirugarren postuan baita, Paris Saint-Germain ahaltsuarengandik hamahiru puntura. 26 partida jokatu ditu: hamasei irabazi ditu, zazpi berdindu, eta hiru galdu.
Sasoi honetan, Athleticek bezala, bi kanporaketa gainditu behar izan zituen Europa ligako ligaxkan aritzeko. Aurrenekoan, Oestende Flandriako taldea kanporatu zuen (4-2 eta 0-0), eta bigarrengoan, Domzale Esloveniakoa (1-1 eta 3-0). Ligaxkan, berriz, bigarren izan zen. Zortzi puntu lortu zituen, Salzburgok baino lau gutxiago —Austriako talde horrexek kanporatu du Reala—. Turkiako Konyaspor eta Portugalgo Vitoria Guimaraes ere izan zituen multzokide. Final-hamaseirenetan, berriz, Portugalgo Sporting Braga kanporatu du. 3-0 irabazi zion etxean, eta 1-0 galdu zuen, atzo, Bragan.
Athleticek eta Olympique Marseillak 2015-16ko sasoiko Europa ligako final-hamaseirenetan jokatu zuten elkarren aurka. Joanekoan, 0-1 irabazi zuten zuri-gorriek, eta itzulikoan bana egin zuten San Mamesen. Orduko hartan ere istilu larriak izan ziren bi taldeetako jarraitzaileen artean. Alde horretatik pentsatzekoa da ezinegona egotea.