«Lehenik eta behin, taldeari eskerrak eman nahi dizkiot, aste osoan lan bikaina egin dugulako. Oso ondo kudeatu dugu lasterketa». Hitz horiekin hasi zuen Andreas Kloedenek (RadioShack) Euskal Herriko Itzulia bigarrenez irabazi ondoren emandako prentsaurrekoa. «Beroarekin» sufritu du alemaniarrak gehien. «Gogoan daukat orain bost urte elurra ere egin zuela. Baina euria baino nahiago dut eguraldi hau, nahiz eta etxean 15-16 gradurekin aritu naizen entrenatzen». RadioShackekoak atzo azaldu zuenez, «tropeleko txirrindulari guztiek» sufritu dute asko tenperatura altuekin. «24 kilometro besterik ez zeuzkan, ordea, gaurko [atzoko] etapak, eta ez dut arazorik izan». Ez zuen arazorik izan, Zallako erlojupekoa «oso egokia» zelako beretzat. «Banekien bi igoera zeuzkala, eta Johanek [Johan Bruynnel, taldeko zuzendari nagusia] eta Josek [Jose Azevedo, kirol zuzendaria] une oro eman dizkidate erreferentziak». Erreferentzia bikainak.
Tony Martin baino zazpi segundo azkarrago zihoan Kloeden Bezi gainean. «Baina jaitsieran haizeak gogor jotzen zuen saihetsetik, eta, saiatu naizen arren, ez dut lortu Tony Martin bezain indartsua izatea». Gustura zegoen alemaniarra, baina prentsaurrekoan ez zuen gehiegi kanporatu poz hori. Izaera kontua da, azkenean. «Tropelean ere ezkutuan joatea gustatzen zait». Alberto Contador, Lance Armstrong, Jan Ullrich, Aleksandr Vinokurov... Urteotan guztietan txirrindulari handien ondoan egoteko aukera izan du. Baina inor ez zuen jarri nahi izan besteen gainetik. «Denei diet errespetu eta miresmen handia».
Kloedenek 24 urte zituenean irabazi zuen lehenengoz Euskal Herriko Itzulia, eta, neurri batean, hura «garaipen errazagoa» izan zela onartu zuen atzo. «Oso gaztea nintzen, gehienentzat ezezaguna, eta gogoan daukat Laurent Jalabertek lan handia egin zuela aste guztian». Aurten gogorragoa izan da dena. «Guztiek ezagutzen naute, eta bazekiten ondo ibili nintzela Paris-Nizan eta Nazioarteko Kriteriumean».
Aitortu zuen txirrindulari bati ziola bereziki errespetua itzuli honetan: «Samuel Sanchezi. Banekien hemengo aldapa motzetan erasoa jo zezakeela, igoera horiek egokiagoak direlako beretzat». Horren jakitun, etapa bakoitzean «denborarik ez galtzen» saiatu da RadioShackekoa. «Eta hanketan indarra neukala sentitzen nuenez, horretan kontzentratuta egon naiz».
«Zaintzea» da gakoa
35 urterekin irabazi du Kloedenek itzulia. «Eta erakutsi dut jarrera onarekin eta zainduta helburuak lor daitezkeela». Chris Horner taldekidearen adibidea jarri zuen jarraian. «40 urte betetzera doa!». Hori bai, aste osoko lanak ez du barkatzen. «Eta Trentinoko Itzuliari ekin aurretik, hamar eguneko atsedena hartuko dut orain». Tourrarekin hazita, orain bi urteko neguan «gehiegi» entrenatu zen Kloeden. «Baina freskoago nago aurten, eta ondo iritsi nahiko nuke Tourrera». Kontuz alemaniarrarekin.
Euskal Herriko Itzulia. Adierazpenak
«Ondo kudeatu dugu itzulia»
Aste osoko beroarekin dezente sufritu dutela onartu arren, oso gustura azaldu da Andreas Kloeden garaipenarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu