Bukatu da Munduko Kopako lehen fasea, eta aipa daitezke ondorio eta kontu txiki batzuk.
1. Messi, Rooney eta Robben ez dira azaldu. Messi, Rooney eta Robben izan dira denboraldi honetan Europako ligetako jokalaririk onenak; golak erruz, arriskua galanki. Hirurak ez dira orain arte azaldu mundialean. Baina: Messik ondo jokatu du -azkenekoan salbu-, golik sartu ez arren; Rooneyk ez du ondo jokatu eta ez du golik egin; Robben, lesioagatik, hogei minutuan baino ez da aritu -azkenekoan-, eta Herbehereek nabaritu zuten, onerako.
2. Hasi dira ametsa gorpuzten. Amerika aldean hasi dira hizketan nonahi eta noiznahi: ea finala Brasil-Argentina den. Kanporaketen koadroak 'uzten' du. Ez dira inoiz tokatu mundialeko final batean. Brasilek bidean lukeen koska: Herbehereak. Argentinak koska bat baino gehiago ditu: Alemania edo Ingalaterra eta ziurrenik Espainia. Baina: Maradona entrenatzaile bezala prestatuta al dago tamaina horretako partidak prestatzera? Komeni harentzat 1986ko mundialeko Maradona izatea Messi aurtengoan. Horregatik ari da mimatzen; lehen aldiz mimatzen -atzo mutilak 23 urte, eta selekzioaren hoteletik irteten utzi eta familiarekin ospatzeko baimena eman zion-. 1986ko hartan, Argentina txapeldun izan zenean, Bilardo zuten hautatzaile, eta gaurko Maradona baino gehiago zen Bilardo hura aulkian, bere zuhurkeria eta guzti.
3. Taldea behar. Brasilek du atezain onena: Julio Cesar. Defentsa ere bai: Maicon, Lucio, Juan, Silva eta Melo euskarrien lana... Espainiak du zelai erdi onena, korapiloa ezin askatuta jokatu duten arren: Busquets -Del Bosquek dio haren bezalakoa izan nahiko zukeela gaztetan-, Alonso, Xavi, Iniesta, Cesc... Argentinak aurrelari kuadrila onena: Messi, Higuian, Tevez, Aguero, Milito... Baina: talde onena? Taldea behar da, selekzioa baino gehiago. Brasilek eta Espainiak daukate talde orekatuena, menturaz.
4. Zorte kontua ere bada. Kanporaketaren koadroari so egin, eta: Uruguai, Hego Korea, AEB edo Ghana finalerdietara iritsiko dira, eta Argentina, Mexiko, Alemania edo Ingalaterrak haietako baten aurka jokatuko du finalaurrekoan. Mundiala zorte on kontua ere bada. Baina: egoten dira ustekabeak. 2002koan, esaterako, hirugarren Turkia izan zen, laugarren Hego Korea.
5. Honda ondo... orain arte. Jokalari interesgarria Honda japoniar erdi-punta hori: azkarra, teknikoa, kalitatekoa... Danimarkaren aurkako hirugarren golean primerako jokaldia egin zuen. CSKA Moskun jokatzen du eta 24 urte ditu. Baina: mundialeko ondorengo partidan / partidetan zerbait handia egin beharko du futbol munduan zerbait izaten hasteko; bestela, play station-eko jokalaria emango du.
6. Cannavaroak, Gattusoak... Italiak 2006an mundiala irabazi zuen. Pirlo, Totti, Del Piero edota Toni kalitateko jokalariak izateaz gain, bazituen Zambrotta, Cannavaro edota Gattuso ere, eta sasoian. Orain lehen fasean, kalera. Cannavarok eta Gattusok jakinarazi dute selekzioa utziko dutela. Baina: Italiak ba al ditu antzeko jokalari liderrak gaur egun? Ezin dira gutxietsi mota horretako ostikolariak. Dena ez da Pirloak edukitzea ere.
7. Pique, zentral dominatzailea. Urteetan zegoen Europa zentral dominatzaile bat atera gabe. Irten da: Pique 23 urteko katalana. 17 urterekin Bartzelona utzi eta Manchester Unitedera joan zen. Hor ere ezin nabarmendu, eta Zaragozan aritu zen utzita denboraldi batean. Atzera Manchesterra, harik eta Begiristainek eta Guardiolak fitxatu zuten arte Bartzelonarako. 2008ko gabonetan hasi zen konfiantza hartzen, eta gaur egun zentral dominatzailea da. Ondo ibiltzen da goitik (1,92 metro), behetik ere bai, teknika du, azkarra da, kokapena, eta zentral handiek (izan) dutena: baloia atzetik ateratzen ona da. Txileren aurka eman du azkeneko lezioa Espainiako selekzioko katalan independentista horrek. Baina: lantzean behin txoratu egiten omen da. Halakoetan Guardiolak sartzen du arrastoan, baita prentsaurreko batean zerbait esan behar badu ere Piqueri berari zuzenduta. Guardiolak, ordea, hedabideekin prentsaurrekoetan baino ez du hitz egiten -eta Joseba Etxeberriari buruzko ETBko erreportajean...-, eta Guardiola oporretan da orain.
8. Afrika, kritika. Ameriketako Estatu Batuetan 1994an izan zen lehen aldiz mundiala. Afrikan orain aurreneko aldiz. Antolatzailearen herrialdean bertan futbola indartzeko ere balio omen du Munduko Kopak -aurtengo kasuan, Hegoafrikan ez ezik, kontinenteko beste zati batzuetan ere bai-. Emaitzak ez dira, ordea, berehalakoan izaten. AEBetako mutilak 2002an final-laurdenetara iritsi ziren, baina orain ari dira, selekzio bezala, zeozer egiten: iaz Konfederazioen Kopan bigarren, orain Hegoafrikan bere multzoan aurrena -Ingalaterrari aurrea hartuta-. Afrikako taldeak aurten behintzat, gaizki; seitik Ghanak baino ez du egin final-zortzirenetara -AEBen aurka ariko da, gainera-. Gerora zer egingo duten? Gaia izan badute; gorputza, batik bat. Baina: ez dute konfiantza handirik ematen, diziplina handirik ez daukate mutilek, eta ez dira amorratzen euren buruarekin -gose falta-.
iritzia (e. esnaola)
Ondorio eta kontu txiki batzuk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu