Patxi Frances. Zierbenako entrenatzailea

«Onena eta txarrena egiteko gai gara»

Aitor Manterola Garate.
2012ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Esperientzia luze zabalean dauka Patxi Francesek (Donostia, 1958). Arraunlari ona izana, hamaika garaipen lortutakoa, entrenatzaile lanetan ere emaitza onak ditu. Azken urteetan dabil Zierbenan, «pausoz pauso taldea egiten». Iaz jo zuen goia, mailaz igota.

Zein da Zierbenaren helburua?

Mailari eustea. Horretarako, bi ontzi laga beharko ditugu atzean.

Begiz jota al duzu borroka horretan ibiliko den aurkaririk?

Egia esatera, ez dut inor ikusten. Gu gara lanik zailena daukaguna. Aurreko denboraldietan, beti egon izan da talderen bat oso atzean geratu dena: Camargo iaz, Laredo 2008an... Baina aurten, ez dut inor ikusten, gu ez bagara.

Oso ezkor antzematen zaitut.

Errealitatea da. Badakigu non gauden eta zer daukagun. Oso argi daukagu oso zaila izango dela helburua lortzea. Urteetan pausoz pauso joan gara taldea egiten, eta osatua geneukanean, non eta San Miguel ligan aritzeko, iazko bost arraunlari titular joan egin zaizkigu. Lau ababor aldekoak ziren, eta ontzia berriz osatzeko lanetan gabiltza. KAE 1 ligan ibiltzeko kuadrilla ona litzateke oraingoa, baina San Miguel ligarako... Herri txikia da Zierbena, eta inguruan dauzkagu Kaiku eta Portugalete erraldoiak.

Berezkoak diren arraunlari asko ez dauzkazue. Hori ere kalterako, ezta?

Bai. Lege hori aldatu beharra dago. Ezin da klub denentzat berdina izan, denok ez dauzkagulako baliabide berberak. Guretzat ia ezinezkoa da harrobia lantzea, Zierbena herria, berez, adineko jendearen bizileku delako; oso gazte gutxi dago. Eta lehen esan bezala, inguruan klub handiak baditugu, esango didazu nola ari garen moldatzen.

Denboraldi-aurreko emaitzak nola baloratzen dituzu?

Neguan, lau jaitsieratan aritu ginen. Bitan lan ona egin genuen, eta beste bitan oso txarra. Izan ere, onena eta txarrena egiteko gai gara. Ez dugu orekarik, eta gorabehera handiak ditugu. Oraindik ez dugi arraunketa hartu. Eta azkeneko estropadetan ere ez gara ondo moldatu.

Arazo horiek nola konponduko dituzu?

Borroka egin behar dugu estropada osoan. Azkeneko bi luzeetan pott egiten dugu, eta ezinbestekoa izango zaigu hori zuzentzea. Lan osoak egin behar ditugu, ez erdiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.