Lehenengo denboraldia du aurtengoa Demetrio Lozanok Iruñean. Hasieratik jokalari garrantzitsua izan da Francisco Javier Zupo Ekisoainen taldean, eta egindako lanaren saria jaso nahi du Ademarren kontrako partidan.
Ciudad Realen kontrako partida ahaztea lortu duzue?
Ahaztu dugu, Ademarren kontrako partidan inolako eraginik izan ez dezan, baina gogoan ditugu joan den larunbateko norgehiagokan egindako hutsak. Ezin ditugu huts horiek errepikatu Leonen.
Zerk izan zuen eragin gehiago Ciudad Realen kontrako porrotan, presioak eta urduritasunak, edo aurkariak?
Nik uste dut elementu horiek guztiak nahastu egin zirela. Jokalarion urduritasuna sumatu zen pistan, eta, ondorioz, ez genuen neurria eman. Baina argi dago Ciudad Real ez dela nolanahiko taldea. Jokalari onak ditu eta partida ona egin zuen. Gauzak ongi atera zitzaizkion, eta bi puntuak eskuratu zituen.
Ciudad Realen kontrako aukera galduta, garaipenak baino ez du balio Leonen aurka.
Bai. Badakigu Ademar Leonek ez digula lana erraztuko, inondik inora, baina gogoz gaude. Guretzat final bat da Leongo partida. Dena dago jokoan guretzat. Denboraldian egin dugun lan ona baliatu behar dugu Leonen kontra konfiantzarekin jokatzeko eta partida irabazteko. Urte osoan onenak izan garela erakutsi behar dugu.
Azken bi denboraldietan Portlandek irabazi du Ademar Leonen pistan. Halako estatistikek zer erratekorik dute Ademarren kontrako partidaren gisako baten atarian?
Nik uste dut estatistikek ez dutela deustarako balio. Partida bakoitza hutsetik hasten da, eta partida bakoitzan gogor egin behar duzu lan baloia lortzeko eta irabazteko. Ea Ademar Leonen kontrako partida erabakigarri honetan lan horrek isla duen markagailuan.
Ademar Leonen aritu zara hainbat urtez; nolako oroitzapenak dituzu etapa horri buruz?
Oso garai polita izan zen niretzat. Gaztetan ailegatu nintzen ni Ademarrera. Orduan hasi zen oraingo taldea sortzen. Lagun asko utzi nituen han, oraindik ere lagun dudan jendea. Zaleen harrera, halaber, oso beroa izan zen.
Zaleak, hain zuzen ere, bere alde baliatuko ditu Ademarrek norgehiagokan.
Normala da aurkariaren zaleen presioari aurre egin behar izatea. Argi dago pabiloia lepo beteko dela, eta Ademarrek presio handirik gabe jokatuko duela. Guretzat, hala ere, dena dago jokoan, eta hori jakiteak sortzen digun tentsioa baliatu behar dugu, hain zuzen ere, aurkaria baino indartsuago jokatzeko.
Nolako partida espero duzu Leongo pabiloian?
Indar handiko norgehiagoka espero dut nik. Konfiantzari eutsi behar diogu, eta partidako une erabakigarrietan hutsik ez egin. Horiek izango dira gakoak.
ASOBAL LIGA. DEMETRIO LOZANO. PORTLANDEKO JOKALARIA
«Onenak izan garela erakutsi behar dugu»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu