Onenen artean ariko da

Euskaltel-Euskadik World Tourreko azken hiru txarteletako bat eskuratuta ekin dio denboraldi-aurreari

Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak, atzo, Derion hasitako kontzentrazioan. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
2011ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Euskaltel-Euskadirentzat azaroaren 21eko hauteskundeak ziren benetan garrantzitsuak. Atzokoak, alegia. Espainiako Gorteetarako hauteskundeak igarota ere, azken emaitzaren zain jarraitzen zuten atzo talde laranjako ordezkariek. Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunaren (UCI) zain zeuden Euskaltel-Euskadiko arduradunak. UCIk azaroaren 1ean eman zuen World Tourrean ariko diren lehen hamabost taldeen zerrenda, eta bertan ez zen ageri Euskaltel-Euskadiren izenik. Atzo arte, beste hiru izen falta ziren hemezortzi taldeko zerrenda osatzeko, eta hiru txartel horietako bat jaso du Euskaltel-Euskadik. Txirrindulariak eta taldeko agintari eta entrenatzaileak igandean elkartu ziren Derion (Bizkaia), eta han egiten ari dira denboraldiko lehen kontzentrazioa. Goizean, artean, ez zeukaten albistearen berririk, baina itxaropentsu zeuden denak. Iluntze partean iritsi zen baiezkoa. Ag2r-k eta Francaise des Jeuxek jaso zituzten beste bi txartelak, Europcarren kalterako.

Egiari zor, atzo goizeko egonezina ez zen lanean hasteko egoerarik erosoena. Miguel Madariaga taldeko manager nagusiak goizean bertan hitz egin zuen UCIko ordezkarietako batekin, eta hitz onak besterik ez zuela entzun aitortu zion gero BERRIAri. «UCIri dagokionez, alde guztietan primerako harrera egin digute, eta itxaropentsu egoteko bidea irekitzen du horrek. Hori bai, baiezkoa esku artean eduki arte ezin da ezer ziurtatu». Iluntzean UCIren azken erabakiaren berri izan aurretik, Madariagak argi utzi zuen «ezinbestekoa» zela Euskaltel-Euskadi World Tourrean egotea. «Arrisku bat daukagu bestela: txirrindulariak libre geratuko dira, eta talde asko etorriko lirateke eskaintza onak egitera. Horren aurrean ezingo genuke ezer egin». Arriskuari izkin egin diote.

Ag2r, Francaise des Jeux, Euskaltel-Euskadi eta Europcar zeuden azken hiru postuetako bat lortzeko lehian. Geox ere tartean zen, eta ia ziurtatuta zeukan hiru postuetako bat; baina Italiako zapata enpresak taldea babesteari utzi zion azken unean, eta Ag2r-k, Euskaltel-Euskadik eta Francaise des Jeuxek eskuratu dituzte azken hiru txartelak. Hemezortzi taldeen artean, GreenEdgek eta RadioShack-Nissanek beharrezkoak diren dokumentuak aurkeztu behar dituzte oraindik.

Galdeanoren bide beretik

Euskaltel-Euskadiko 23 txirrindularietatik hirurentzat oso berezia izan zen atzoko eguna: Ricardo Garcia, Victor Cabedo eta Adrian Saez de Arregirentzat. Hori bai, Gorka Gerrikagoitia taldeko kirol arduradun nagusiarentzat ere desberdina izan zen eguna. Orain arte kirol zuzendarietako bat zen, baina Igor Gonzalez de Galdeanok kargua utzita, bere esku egongo da kirol egitura guztia. Bizkaitarrak atzo adierazi zuen Galdeanok azken sei urteetan hasitako bideari jarraituko diola. Alvaro Gonzalez de Galdeano eta Iñaki Isasi izango dira beste bi zuzendariak. 34 urterekin, bizikleta uztearekin batera ekin dio zuzendari lanari Isasik.

Euskal Herriko Itzulia, Frantziako Tourra eta Espainiako Vuelta dauzka begiz jota Euskaltel-Euskadik, eta Samuel Sanchez eta Igor Anton izango dira taldeburuak lasterketa horietarako. Talde laranjak Australian ekingo dio denboraldiari, Gorka Izagirre eta Pablo Urtasun taldeburu gisa hartuta. Bertan izango da Romain Sicard ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.