Carlos Vela aurkeztu zuen Realak atzo, datorren sasoirako fitxatu duen bigarren jokalaria. Nabari zen ez zela nolanahiko fitxaketa, zale ugari bildu baitzen Anoetan mexikarra berriro txuri-urdinez jantzita ikusteko. Eta nabari da Realak ordaindu beharreko diru kopuruan ere: hiru milioi euro emango dizkio Donostiako taldeak Arsenali. Realarentzat «diru asko» da hori, Jokin Aperribai presidentearen ustez, baina adierazi zuen «merezi» duela.
Une oro irribarretsu eta «oso pozik» agertu zen mexikarra, Donostiara itzultzea zelako bere «hasierako nahia». Oso gustura sentitu zen iaz, «lasaitasun eta egonkortasun berezia» topatu zuelako. Taldekideen eta zaleen babesarekin «etxean bezala» sentitu zela azaldu zuen aurrelariak. Datorren denboraldian, «zenbaki historiko bat» eramango du bizkarrean, Mikel Aranburuk zeraman 11 zenbakia: «Ohore eta erantzukizun handia izango da, oso jokalari garrantzitsua izan delako». Horregatik, hark utzitako «hutsunea betetzen» saiatuko da Vela.
Realera etortzea bere «lehenengo aukera» izan zen, beste talde batzuek ere fitxatu nahi zuten arren: «Espainiako Ligako hainbat talderen eskaintzak izan nituen, baita beste herrialde batzuetakoak ere». Baina lehentasuna Realari eman zion. Dena den, onartu zuen beste eskaintzak ere «begiratu» dituela, Donostiara etortzeko aukera bertan behera gera zitekeelako. Hala ere, azaldu zuen Realera etortzeko oztopoa ekonomikoa zela: «Futbolarekin zerikusirik ez duten kontuak ziren arazoa».
Denboraldi berriari begira, gogor lan egingo duela ziurtatu zuen. Oraingoz ez dabil sasoi onean, ez baita entrenatzen hasi. Donibane Lohizunen lagunartekoa jokatuko du Realak gaur (18:00), Seaskaren aldeko partida. Mexikarra, baina, ez da ariko: «Olympique Lyonen aurka jokatuz gero, beharbada hil egingo nintzateke». Hortaz, prestaketan aurrera egin ahala ikusiko du gorputza nola dagoen, «taldearen dinamikan sartzeko».
Aurreko sasoian lortutakoa gainditu nahi du hurrengoan, beti «hobetzen» saiatzen den jokalari bat baita: «Onenen pare egotera iritsi nahi dut, nire mailarik onena eskuratuta». Gainera, uste du presio pixka bat ere izango duela, Realaren zaleek badakitelako «nolako jokalaria» den, eta «zer egiteko gai». Horregatik, jendearen aurreikuspenak betetzeko asmoz, «gogor» lan egingo du, Realari ahal duen guztia laguntzeko.
Taldea «lan ona» egiten ari dela uste du, eta lanaren emaitza partidetan erakusten saiatuko dira, «sasoi on bat» egiteko. Espainiako Liga Bartzelonaren aurka hastea «polita» iruditzen zaio: «Motibatu egiten nau talde onenetako baten aurka hasteak». Sasoi berrirako, «erasorako talde polita» osatu dute txuri-urdinek. «Orain, entrenatzailearen arazoa izango da nork defendatuko duen», esan zuen Velak, txantxetan. Edonola ere, uste du «talde bat» direla eta «oreka» bilatu behar dutela.
Aurrelari mexikarraren fitxaketaren xehetasunak eman zituen Aperribaik. Azaldu zuen hiru milioi euroan lortu zutela akordioa Arsenalekin. Hala ere, jokalaria berriz erosteko aukera izango du Londresko taldeak, lau milioi euro ordainduta. Hurrengo hiru denboraldi amaieretan izango du aukera hori. Dena den, berrerosketa klausula erabiliz gero, Vela lehen taldean izan beharko du Arsenalek, eta ez beste inon utzita.
Arsenalen asmo ona
Realak jokalaria hurrengo lau urteetan salduz gero, irabazien erdiak eman beharko dizkio Ingalaterrako taldeak, hiru milioi euro baino gehiago lortuz gero. Negoziazioa «oso luzea» izan dela esan zuen presidenteak, apirilaren 19an jarri baitziren Arsenalekin harremanetan lehenengoz. Londresko taldeari eskerrak eman zizkion, Realaren «egoera ulertu» zuelako: «Gure lehen eskaintza hiru milioikoa izan zen, eta negoziatzea onartu zuten».
Aurrelariari onena opa dio presidenteak, eta Donostian «zoriontsu izatea» espero du. Taldera itzultzeko jarri duen gogoa eskertu zion, «hasieratik esan zuelako Realean jokatu nahi zuela».Gainera, eskatu zion taldean «enblematikoa den dortsala» ohore handiz eramatea eta ahal duen «mailarik onena» ematea.
Bestalde, «ia ziur» taldearen azkeneko fitxaketa izango dela adierazi zuen Lorenzo Juarros Loren kirol zuzendariak: «Beti izan daitezke ezustekoak, baina printzipioz ez da iritsiko beste jokalaririk». Dena den, mugimenduak izango dira oraindik ere, Vadim Demidov eta Jeffrey Sarpongentzat beste talde bat bilatzen ari baita Reala. Haatik, bi jokalarien lekua betetzeko ez du inor fitxatuko talde txuri-urdinak.
«Onenen pare» egon nahi du
Realean aurkeztu berritan, bere «mailarik onenera» heldu nahi du Carlos Velak, bere «nahia» bete baita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu