Eibarrek aurreko denboraldian baino talde hobea dauka, eta luzeagoa ere bai; jokalari on gehiago dauzka eskura Jose Luis Mendilibarrek. Onerako pausoa eman du klubak horretan. Baina ez da nahikoa izaten oso jokalari onez beteta dauden taldeak azpiratzeko. Atletico Madril da talde handi-handi horietako bat, eta oso jokalari onak ateratzen ditu partida bakoitzean, eta ez badira ari lan ona egiten, aulkian berdintsuak edo hobeak dauzka Cholo Simeonek. Atzo, Ipuruan, erabakigarria izan zen ezaugarri hori. Bigarren zatian zelairatu zituen Torres eta Correa aurrelariak, eta biek sartu zuten gol bana. Partidako biak.
Oparoa da Atletico Madrilen taldea. Handia. Eta, gainera, opari gutxi egiten ditu. Partida guztietan lehiatzen da behar den bezala, eta ikaragarri zaila da mendean hartzea. Atzo, Eibarrek aurkitu zion zuloa, baina ez zuen denbora luzez erabili ahal izan. Honela estutu zuen aurkaria: erasotik defentsara pasatzeko lanean presioa erabiliz; goian baloia galtzean oso baliagarri egin zitzaion estrategia hori. Baina horretarako, gora iritsi behar izaten da, eta Atletico azkar jabetu zen ez ziola utzi behar etxekoari gora egiten. Bera ere goian presioa egiten hasi zen, eta hantxe itzali zen armaginen hasierako sua. Pixkanaka, Atletico Madril hasi zen Eibar estutzen, eta lanak zeuzkan Mendilibarren taldeak kanpotarren aurreneko presioa gainditzen.
Golak sartzeko aukerak sortzen hasi zen Simeoneren taldea, eta Riesgok lanean hasi behar izan zuen. Ondo bete zuen berea atezainak, eta horrela joan ziren aldageletara bi taldeetako jokalariak. Ematen zuen lotu samarra zegoela partida, eta hala zen neurri batean. Baina Atletico Madrilek erakutsi zuen arriskua sortzeko gero eta erraztasun handiagoa zuela.
Ezina bigarren zatian
Esana zeukan Mendilibarrek oso zitala dela atzoko aurkaria baloia berreskuratu eta berehala. Kontraerasoan ona dela. Erakutsi zuen bai atzo ere. 61. minutuan zen jokoa, eta jokaldi bizi batean, zelai-erditik pase bikaina jaso zuen Torresek area handian. Correarekin ondo josi zuen jokoa, eta azken horren jaurtiketa barrura joan zen, Riesgok baloia ukitu egin bazuen ere.
Hantxe bukatu zen Eibarren partida. Itxura hartuta zegoen hala izango zela. Atletico gainditzea asko ari zitzaion kostatzen, eta gainera, aurretik jarrita markagailuan, jakina da nola ixten dituen neurketak kanpoko taldeak. Maisua da horretan, eta atzo beste ikasgai bat eman zuen. Une batez, Eibar piztu ere egin zen, baina azkar itzaltzeko.
Erabat amatatu zen Torresek bigarren gola sartu zuenean 72. minutuan, area barruan lan dotorea eginez. Oparotasuna edukitzearen aldeak dira horiek. Datorrela hurrengoa Eibarrentzat.
FUTBOLA-Eibar
Oparoak oparirik ez
Eibarrek galdu egin du Atletico Madrilen aurka (0-2)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu