Orain arte, emankorrenetakoa

Lehen Mailako sei taldek guztira sartutakoak baino gol gehiago sartu dituzte Realeko erdilariek denboraldi honetan. Zazpi jokalariren artean hemezortzi gol sartu dituzte, taldeak guztira sartutako golen %62.

Xabi Prieto eta Carlos Martinez, erdilariak Athletici penaltiz sartutako gola ospatzen. Prieto da taldeko goleatzaile nagusia, sei golekin. ANDONI CANELLADA / ARP.
Xabier Lopetegi.
Donostia
2011ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Espainiako Lehen Mailan gol gehien sartu duen bosgarren taldea da Reala, Bartzelona, Real Madril, Vila-real eta Atletico Madrilen atzetik, eta Valentzia eta Athleticekin berdinduta. 29 lortu ditu guztira. Eta erregulartasun handia erakutsi du, gainera, atea zulatzerakoan, bi partidetan baino ez baita gelditu golik sartu gabe: Nou Campen (5-0), eta Iberostar estadioan (2-0). Harritzeko moduko datuak dira, kontuan hartuta historia loriatsua eduki arren, igo berria dela Reala, eta azken urteetan gol eskasia izan dela haren buruhauste nagusia, bai jaitsi zen denboraldian, eta baita Bigarren Mailan eman zituen hiru sasoietan ere. Aurreko denboraldian, esaterako, 53 baino ez zituen pilatu, igoera lortu arren.

Erasoan erakutsitako freskotasuna eta arintasuna izan da, zalantzarik gabe, taldeak sasoi honetan izandako itxuraldaketaren oinarrietako bat. Eta alor horretan, erdilarien ekarpena da nabarmendu beharreko lorpenetako bat. Iragan sasoian ere asko lagundu zuten erdilariek golak sartzerakoan: 53tik 25 sartu zituzten, ia erdiak. Xabi Prieto, Griezmann eta Nsue nabarmendu ziren gehien, zazpi, sei eta bost gol sartuta, hurrenez hurren. Lehen Mailan ere joera horri eutsi ahal izan dio Realak, hemezortzi gol baitaramatzate erdilariek lehen itzulia bukatu denean. Ondo bidean, azken denboraldiko kopurua hobetuko dute, beraz.

Prieto da beste behin gol gehien sartu duena. Sei daramatza jada, eta taldeko goleatzaile nagusia ere bada, Llorenteren aurretik. Baina zerrenda askoz ere luzeagoa da: Griezmann-ek (lau), Aranburuk (hiru), Rivas-ek (bi) eta Zurutuzak, Sarpong-ek eta Sutil-ek ere (bana) badakite zer den denboraldi honetan sarea zulatzea. Getaferen aurka lortutako garaipena gaitasun horren erakusle argia izan zen, erdilarienak izan baitziren lau golak. Prietok eta Griezmannek eman zioten abantaila Realari lehen zatian, eta Aranburuk bi kontraeraso bukatu zituen maisuki, bost minutu eskasetan. Izan ere, halako jokaldietan hobekuntza erakutsi du Realak.

Rivas sailkapenean egoteak ere argi uzten du bolada gozoan daudela erdilariak, dohain ugari eduki arren espainiarra ez baita sekulan erasoan duen talentuagatik edo aurrera asko iristeagatik nabarmendu. Hala, 2003-2004ko sasoitik 2009-2010ekora doan denbora luzean, gol bakarra sartu zuen, Gimnastici, Anoetan. Putzuan zeuden bi taldeak, eta 3-2 irabazi zuen Realak. Sasoi honetan, aldiz, dagoeneko bi gol ospatu ditu Rivasek: Valentziari sartutakoa bata, eta Sevillari bestea. Puntuak lortzeko ez zuten balio, bi partidak galdu zituelako taldeak, baina gol txukunak izan ziren, area ertzetik egindako erremateak biak ere. Bata ezkerrez eta bestea eskuinez.

Elkar ondo ulertzea

Azpimarratu behar da, gainera, klubak erdilari bakarra fitxatu zuela udan: Sarpong. Beste guztiak taldean zeuden lehendik, eta orain arte behintzat bikain egokitu dira Lehen Mailara. Bigarren Mailan ez bezala, Reala ez dago beti ekimena hartzera derrigortuta. Aurkariek ere arriskuak hartzen dituzte, eta defenditzen asmatuz gero, erasoan ia beti sortzen da aukeraren bat. Realak behintzat hala egin du, salbuespenak salbuespen, eta horretan berebiziko garrantzia izan du erdilariak elkarren artean ondo ulertzea. Prieto, Zurutuza, Griezmann, Llorente eta enparauak elkartzen hasten direnean, une gozoak datozela sentitzen dute zaleek.

Gainerako taldeekin konparatzen baldin bada ere, argi dago Realaren zelai erdia goi mailakoa dela oraingoz. Sailkapena egitea ez da erraza, zaila delako zenbait kasutan jokalari bat erdilari edo aurrelari gisa sailkatzea. Punta-erdia eta bigarren aurrelaria ere sarritan nahasten dira. Hala ere, inongo beldurrik gabe esan daiteke Lehen Mailako zelai erdirik emankorrenetakoa duela Realak. Real Madril eta Bartzelonako erdilariak dira Realekoek baino gol gehiago sartu dituzten bakarrak, 41 eta 35. Hori, Messi, Pedro eta Cristiano Ronaldo erdilari gisa hartzen baldin badira. Aurrelari gisa hartzen badira, eta argudioak badaude horretarako, Reala da onena; hamahiru golekin gelditzen da Bartzelona kasu horretan eta hamabirekin Real Madril.

Kontrako muturrean, Levante (hiru gol), Sevilla, Hercules eta Racing daude, azken hirurak launa golekin. Berme handiko aurrelariak dituzte Levantek, Sevillak eta Herculesek, eta eurek pilatzen dituzte gol gehienak: 19 Luis Fabianok, Kanoutek eta Negredok, hamasei Trezeguetek eta Valdezek, eta hamahiru Caicedok eta Stuanik. Racing da, berriz, gol gutxien sartu duen taldea: hamabost. Realeko erdilariek, eurek bakarrik, hiru gehiago sartu dituzte. Almeria, Deportivo, Zaragoza, Osasuna eta Sportingek guztira sartutako gol kopurua ere gainditzen dute erdilari txuri-urdinek.

Realaren atzetik, Getafe, Athletic eta Espanyol datoz. Getafek ere golak ondo banatuta dauzka erdilarien artean, Manu (lau), Pedro Rios (hiru) eta Parejorekin (hiru), besteak beste. Athleticen, Gabilondo (bost) eta Javi Martinez (hiru) nabarmendu dira gehien. Espanyolen, berriz, Luis Garcia (lau) eta Callejon (hiru). Horien guztien gainetik, ordea, Prieto dago. Sei golekin, Lehen Mailan gol gehien sartu duten erdilarietan bigarrena da, Sportingeko Diego Castroren ondoren (zazpi). Goleko paseak ematen, berriz, Messi da itzala egiten dion bakarra. Hamabi pilatu ditu argentinarrak, eta zortzi donostiarrak. Realeko beste erdilariek alor horretan ere lagundu dute, sei goleko paserekin: hiru Griezmannek eta bana Zurutuzak, Sarpongek eta Aranburuk.

Llorente zen erdilarien puzzlea biribiltzeko falta zen pieza. Bost gol eta goleko beste bost pase ditu, eta talde lanean ere ekarpen handia egin du, baloirik eta baloirik gabe. Zenbaiten ustetan, arrisku handiegiak hartu ditu Realak jokoan orain arte. Erdilarien bolada ona ikusita, ezin da baztertu aurrerantzean zuhurrago aritzea, defentsako hegalekoak gutxiago jotzea aurrera eta erantzukizuna goikoen esku uztea. Zaragozako eta Getafeko partidetan behintzat joera hori antzeman zitzaion taldeari. Denborak esango du apropos aukeratutako estrategia den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.