Ez da nahi bezain fin aritu Reala Anoetan orain arte. Ez, behintzat, Lasarteren aroan bezain fidagarri puntuen bilketari dagokionez: hemezortzi puntutatik sei oraingoz, joan den sasoian hamabost pilatu zituenean beste hainbeste partida jokatu ondoren. Batez besteko eskasegia aparteko sufrimendurik gabe mailari eutsi nahi badio. Egiari zor, nortasun handiko arerioak igaro dira. Hala nola Bartzelona, Athletic, Real Madril. Gaurko arerioa ere ez da edozein, Malagak bere aurrekontu aberatsak agintzen dion jomuga baitu: Txapeldunen Liga. Eta goiko postuen usainpean dabil hasierako zalantzak uxatu ostean. Txuri-urdinak, aldiz, helburu bikoitza gauzatzeko asmotan zelairatuko dira, biak elkarloturik baitaude. Garaipenak, jokalariek eta Montanierrek berak aho batez adierazi moduan, bolada ezkorra behingoz atzean uzteko balioko luke eta, bide batez, Anoetako bihotz taupada biziak berreskuratzeko.
Joko sistema edo marrazki ezberdinak albo batera utzita, Realaren joan-etorriak lehen 13 partidatan garbi erakutsi du ezin dezakeela zelai erdia besterik gabe gal. Hori egin duen bakoitzean gorriak ikustera kondenatua egon baita. Lagun bat gehiago sartuta erasoko nahiz defentsako lana indartu nahi izan duenean frantziarrak, taldea desorekatu egin da, pitzatu, eta aurkariak nahi eran jokatu izan du. Urrutira joan gabe, azken bi lehiak jar litezke mahai gainean adibide moduan: Espanyolen aurkako bigarren zatia Anoetako jarraitzaileek aspaldian ikusitako makalena izan zen, eta Betisen egunean larrutik ordaintzeko zorian egon zen entrenatzailea Demidoven aldaketa medio. Horregatik, zaila izango litzateke bestelakorik argudiatzea eta Sevillan lan txukuna egin zutenei segida ez ematea.
Xabi Prietok aldarazi dezake hamaikakoa. Beharbada, aulkian eserita ekingo dio norgehiagokari, edo, agian, hamaikakoan. Ezin da ahaztu taldeko jokalaririk garrantzitsuena dela. Giharretako arazoak gainditu berri ditu, baina jokatzeko irrikaz dago. Alde horretatik, ez da erraza ezer baieztatzea. Dena den, behetik gora egin nahi duen entrenatzaile gehienen joko arauak argi azaltzen du zer egin halakoetan: behar bezala funtzionatu duena ahalik eta gutxien ukitu. Garbi dagoena da jokamoldea finkatzeko aukera ona izango duela horren baitan taldeak esperotako aurrerapausoa eman dezan. Sevillan arnasa hartu zuten, eta gaur irabaziz gero sekulako bultzada izango litzateke Realarentzat gorako bidean.
Orain, bigarrenaren bila
Sevillan hasieratik aritu zen hamaikakoari segida emango dio Montanierrek Malagaren aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu