Orain, pilota motelak

Hamabost pilotari arituko dira trinketeko buruz burukoan, eta ez da ligaxkarik egongo finalerdietan

Imanol Magro Eizmendi.
2012ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Pilota motelak, hara Frantziako Pilota Federazioaren konponbidea buruz buruko txapelketa orekatzeko. Igandean hasiko da, eta pilota motelagoak jarriko dituzte Agusti Waltaryren nagusitasunari aurre egiteko. Hala onartu zuen atzo Philippe Karrikart federazioko esku-huskako arduradunak, txapelketaren aurkezpenean. Baionako Masters torneoan, nonbait, nahita pilota motelak jarri zituzten eta ikuskizuna hobea izan zen. Trukean, sake marra zortzi metrotara jarriko dute, duela bi urte bezala, iazko hamahiruen aldean. Hori izan iaz kubatarraren nagusitasunari oztopoak jartzeko federazioak eginiko saioa, baina ez zen eraginkorra izan.

Waltary da faborito handia, azken lau urteetako txapelduna. Final-laurdenetan sartuko da txapelketan, iaz finalerdietako ligaxkara iritsi ziren lau pilotariak bezala, bakoitza adar batean. Berritasunetako bat hor egongo da, aurten ez baita ligaxkarik egongo, eta txapelketa osoa kanporaketa bidez jokatuko da.

Txapeldunaren adarrean, atzetik, Alfaro dago, eta hark Xabier Lanbert eta Lazkanoren arteko partidako irabazlearen aurka jokatuko du. Partida hori urtarrilaren 22an jokatuko da, Luhuson. Bigarren adarra Bonebeltxerena da, eta atzetik partida bakarra jokatuko da, Ezkurra II.aren eta Larretxearen artekoa. Aurretik ez da besterik egongo, Etxetok jokatzeari muzin egin diolako.

Beste bi adarretako lehen bi partidekin hasiko da txapelketa, eta biak igandean jokatuko dira, Lohizunen (Zuberoa). Arizmendiren adarrean, Ozafrain sartuko da final-zortzirenetan, eta azpiko mailan Agirrek eta Jeannotsek jokatuko dute.Azkenik, eta Kurutxarriren adarrean, Laurent Lanbert sartuko da final-zortzirenetan, eta Ducassouk eta Etxeberrik neurtuko dituzte indarrak lehen kanporaketan.

Finala, ohi denez, Baionako Modernean jokatuko da, otsailaren 25ean, baita bi finalerdiak ere, otsailaren 12ko asteburuan. Bestalde, herenegun buruz buruko beste final bat jokatu zen, Superprestigio torneokoa, Donibane Garazin, eta Kurutxarrik ustekabeko handia eman zuen, Waltaryri 40-34 irabazita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.