Final-zortzirenetako azken jardunaldia jokatu da BERRIA Txapelketan, eta ez zen oraingoan ezustekorik izan. Zazpi Iturri eta Zugarralde zerrendaburuek ez zuten kale egin. Gipuzkoarrek Igorre kanporatu zuten haien frontoian, eta nafarrek Ezkarai Hernanin.
ZAZPI ITURRI66
IGORRE 39
KADETEAK: Gallurralde-Arratibel22
Gomez-Izurieta 11
GAZTEAK: Sukia-Arzelus 22
Arrese-Martin 12
NAGUSIAK: Elurbe-Legarreta22
Atutxa-Lekue 16
Kadete indartsuak dauzka Amezketako Zazpi Iturri taldeak. Haiek ziren lehen partida irabazteko faboritoak, eta ez zuten hutsik egin. Ongi aritu ziren bi atzelariak, baina Arratibel Izurieta baino indartsuago. Aurreko koadroetan egon zen alde handiagoa. Asko arriskatu zuen Gomezek, baina ez zuen asmatu. Gallurraldek ederki baliatu zuen bere atzelariaren lana, eta 12 tanto egin zituen.
Gazteen partidak oreka gehiago izatea espero zen, baina hasieratik ikusi zen oreka gutxi izango zela han. Zazpi Iturrikoak partidan oso sartuta irten ziren eta azkar hartu zuten aurrea. Hasi eta bukatu berdin aritu ziren irabazleak. Sukia eta Arrese aurrelariek lehia polita izan zuten, baina Sukiak etekin gehiagoa atera zion sakeari. Onena, dena dela, Arzelus izan zen.
Nagusien partida hasterako, gipuzkoarrek bazekiten tanto bakarra egitea nahikoa zutela kanporaketa gainditzeko. Bi zati nabarmen ezberdinak izan zituen lehiak: Igorrekoentzat izan zen lehenengoa -Lekueren jokoari esker 4-11 hasi ziren aurretik- eta Amezketakoentzat bigarrena -Legarreta pilota baztertzen hasi zen, eta Elurberi erasora jokatzeko aukera eman zion-.
ZUGARRALDE 49
EZKARAI 42
KADETEAK:Loban-Iraola 22
Oscar-Victor 9
GAZTEAK: Jaunarena-Pazos 5
Gorka-Merino II.a22
NAGUSIAK: Iraola-Landiribar 22
Matute anaiak11
Egia da Zugarraldek kadeteetan bikote indartsuagoa daukala Ezkaraik baino, baina errioxarrek oso urduri jokatu zuten lehen partida hori. 13 huts egin zituzten, eta 35 minutuan partida aurrera aterata zuten Zugarraldekoek.
Gazteen partidari begira zeuden guztiak. Jokatu zuten lau pilotarietatik hiruk kontratuak hitzartuta dituzte enpresa profesionalekin, eta lehia gogorragoa espero zen. Ezkaraiko bikoteak, ordea, ez zien kontrarioei batere aukerarik eman. Gorkak eta Merinok osatzen duten hori da ziurrenik maila horretan ari direnen artean bikoterik indartsuena. Merino Pazos baino gehiago izan zen atzean -ez zuen pilota bakar bat ere galdu eta berak ezarri zion erritmoa partidari-, eta aurrean Gorkak ongi asmatu zuen tantoak amaitzen.
Nagusien partidan 19 tanto behar zituzten errioxarrek sailkatzeko, baina hasieratik ikusi zen ez zituztela lortuko. Zugarraldeko Iraola eta Landiribarrek partida dotorea jokatu zuten.
Oraingo honetan ez dute hutsik egin
Zazpi Iturri eta Zugarralde zerrendaburuak sailkatu dira BERRIA txapelketako final-laurdenetarako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu