Athleticek eta Racingek elkarren kontra jokatu zuten azken neurketan Zigicen eta Llorenteren arteko lehia izan zen hizpide nagusia. Euren taldeen jokoaren erreferentzia nagusiak ziren. Golegile onenak izateaz gain, bai euskal taldeak eta bai espainiarrak jokalari horien inguruan oinarritzen zuten erasoko joko guztia. Mutil garaiak eta indartsuak direla baliatuta, luze jokatzen zuten bi taldeek. Orduko lehian Llorente eta, batez ere, Athletic izan ziren garaile. Talde zuri-gorriak 2-1 irabazi zuen, eta aurrelari errioxarrak, gainera, gol bat sartu zuen.
Baina aipatutako kontuak joan den apiril bukaerakoak dira. Hilabete gutxian erabat aldatu da bi taldeen egoera. Zigicek, Racingen elastikoarekin sei hilabete bikain jokatu ostean, Valentziara bueltatu behar izan zuen. Ondorioz, azken denboraldiotan Munitisekin batera garaipen asko eman dizkion jokalaria barik geratu zen Kantabriako taldea. Llorentek, berriz, Athleticen jarraitzen du. Kontratua luzatu berri duenez, pentsatzekoa da 2013. denboraldira arte gutxienez elastiko zuri-gorria janzten jarraituko duela. Baina gaur ez da hasieratik ariko Sardineron. Caparrosentzat taldeko jokalaririk garrantzitsuena da. Horregatik, beste jokolari batzuekin eta postu gehienetan txandatzeak egin arren, errioxarrak beti izan du lekua hasierako hamaikakoan. Baina, espero zen bezala, Llorenteren gorputz handiak eman du lehen abisua. Madeiran jokatutako partidan min hartu zuen eskuin izterrean. Zorionez, garaiz utzi zuen partida, eta, ondorioz, abisu txiki bat baino ez da izan. Deialdian sartu du entrenatzaileak, baina ezuste handia litzateke hasieratik jokatzea.
Llorenteren gorputzarentzat eta buruarentzat ezinbestekoa da atseden hartzea. Baina, era berean, errioxarra zelaian egotea ezinbestekoa da Athleticen jokoarentzat. Ezusterik ezean, zuri-gorriek erreferentzia barik jokatu beharko dute. Izan ere, Toquero ere ez dago jokatzeko moduan. Ondorioz, Caparrosek gehien erabiltzen dituen bi aurrelariak ez dira hasierako hamaikakoan izango. Eta ez dago argi asko gustatuko zaien ikusiko dutena, jokalariak ez eze jokatzeko era ere aldatu egin beharko duelako entrenatzaile zuri-gorriak. Jokatzeko moduan dauden aurrelarien dohainak aintzat hartuz gero, alferrik izango da luze jokatzea. De Marcosek, Etxeberriak eta Iñigo Diaz de Zeriok galdu egingo baitute lehia horretan edozein taldetako erdiko atzelarien aurka. Horrenbestez, beste estrategia bat prestatu beharko du entrenatzaileak. Horretan aritu zen atzo San Mamesen, ateak itxita.
Caparrosen aukerak
Ohiko aurrelarien hutsunea ahalik eta ondoen betetzeko, hiru aukera ditu Caparrosek. Bata, ohiko aurrelarien lekua beste bi aurrelari petorekin betetzea da. Horrela balitz, azkar jokatzea eta aurkariak utzitako zuloak aprobetxatzea izan beharko litzateke zuri-gorrien helburua. Bigarren aukera aurrelari bat eta erdiko aurrelariaren lanak egingo dituen futbolari bat zelairatzea izan daiteke. Baloiaren jabetza bermatu eta azken pasean erraztasuna duen futbolariaren aldeko apustua litzateke. Eta hirugarrena, berriz, zelai erdian hiru euskarri ipintzea da. Erdilari kopurua eta euren lana baliatuz aurkaria eta neurketa kontrolpean izatea izango litzateke helburua.
Jokatzeko era bat edo beste aukeratu eta jokalari batzuk edo beste zelairatu, aurkariaren antsietateaz baliatzen ahalegindu behar dute bizkaitarrek. Mandiak zuzentzen duen taldea ez dabil fin. Jaitsierako postuetatik gertu dabil eta urduri daude.
Oraingoan, dorre barik
Zigicek ez du jokatuko Sardineron, Valentzian ari delako, eta Llorente, berriz, deialdian sartu arren, ez da hasieratik ariko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu