Ez zebilen oker Pablo Orbaiz. Athleticeko erdilari nafarrak datorren denboraldian «ia seguru» talde zuri-gorrian jarraituko zuela aitortu zion atzo BERRIAk eginiko elkarrizketan. «Laster» horren inguruko berriak izango zirela zioen ere. Esan eta izan. Athleticek herenegun gauean jakinarazi zuen Orbaizek beste bi denboraldirako kontratua sinatu duela, 2012ra arte, sasoi honen bukaeran amaitzen zitzaiolako kontratua. Negoziazioak ez dira oso zailak izan, bi aldeek nahi zutelako akordioa iritsi. Orbaizek taldean jarraitu nahi zuen, eta klubak jokalariak jarraitzea. Denbora kontua zen.
Jokalari iruindarrak 30 urte ditu, eta hamar sasoi daramatza Athleticen jokatzen. 2000ko udan iritsi zen Bilbora, Osasunatik. Ordutik funtsezko jokalaria izan da talde zuri-gorrian. Estatistikak dira horren adibiderik garbiena:268 partida jokatu ditu, ia 27 partida denboraldiko. Hamar gol sartu ditu. Partida gehiago joka zitzakeen, baina azken urteetan ez du zorte handirik izan lesioekin.2006-2007 denboraldian, adibidez, hamar partida eskas jokatu zituen, eta sasoi honetan ere bederatzi partidatan bakarrik egon da zelaian -Athleticek hemeretzi partida ofizial jokatu ditu denboraldi honetan; beraz, neurketen erdiak ere ez ditu jokatu Orbaizek-. Bai jokalariak berak, bai Athleticeko entrenatzaile, ordezkari zein zaleek espero dute hurrengo urteetan Orbaizek zorte txarrari behingoz izkin egitea.
Orbaizek beste bi sasoirako berritu du kontratua, 2012. urtera arte
Erdilari nafarrak hamargarren denboraldia du Athleticen, eta 268 partida jokatu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu