Ordena, pitzadurei aurre egiteko

Betisen aurkako porrotak min egin dio Athletici, eta kolokan jarri du Marcelo Bielsaren proiektua

haritz gallastegi
Bilbo
2011ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Kolpe itzela hartu zuen Athleticek joan den igandean San Mamesen Betisen aurka galduta. Baina hiru puntuek ihes egin izana baino askoz kezkagarriagoa izan zen zuri-gorriek emandako itxura. Ez da erraza gogoratzea Athleticek horren maila eskasa eman zuen aurreko partida noiz izan zen. Ezinean aritu zen. Kezkagarria izan zen eman zuten itxura. Jokalariek Marcelo Bielsa eta bere lantaldea eguneroko lan saio luze eta gogorretan erakusten ahalegindu direnaren ezer ez dutela ulertu ikusi zen. Athletic pitzaduraz betetako taldea izan zen.

Hiru egunean zuritik beltzera pasatu dira zuri-gorriak. Europan ilusioa sortzetik ligako etsipenera pasa dira zaleak. Gai izango al da Athletic beste hiru egunen buruan beltzetik zurira pasatzeko? Ez dirudi lan samurra. Maila hobea dago Espainiako Ligan Europakoan baino. Eta gaurko aurkaria talderik indartsuenetakoa da.Diru askorekin egindako taldea da Malaga. Aurreko sasoian ez zuen neurria eman, baina azken txapan eman zezakeenaren lehen zertzeladak eskaini zituen. Denboraldion lerro guztietan egin ditu fitxaketak, gehienak goi mailakoak. Eskatu duen guztia ekarri diote Manuel Pellegriniri.

Athleticen esperantza bakarra da maila ertaineko taldeen kontra egiteko gai izan ez dena maila hobea dutenen kontra eskaintzea. Ilusioa eta esperantza ezin baitira galdu. Gainera, gauza bat dauka ona egungo Athleticek: bai etxean bai kanpoan berdin jokatzen duela. Txarto? Ez, ausart. Beraz, konfiantza hartuz gero, aurkariak estu hartzeko gai izan daiteke. Baina horretarako ezin da oparirik egin. Hamaikakoari dagokionez, San Jose eta Ekiza ariko dira defentsaren erdian. Ez da berritasun bakarra izango. Zerbait moldatu beharra dauka Bielsak.

MALAGA-ATHLETIC

Malaga. Caballero; Jesus Gamez, Demichelis, Mathijsen, Eliseu; Joaquin, Duda, Toulalan, Cazorla; Baptista eta Van Nistelrooy.

Athletic. Iraizoz; Iraola, San Jose, Ekiza, De Marcos; Gurpegi, Susaeta, Javi Martinez; Susaeta, Llorente eta Muniain.

Epailea. Teixeira Vitienes.

Lekua. Rosaleda (28.000 ikusle).

Ordua. 20:00 (C+).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.