Iraupena. 49 minutu.
Pilotakadak. 229.
Saketik. Gonzalezek bi; Merinok bat.
Markagailua. 1-1, 4-2, 5-4, 7-5, 8-6, 9-7, 9-10, 10-10, 15-11, 19-11, 19-12, 20-13, 21-14 eta 22-14.
Bestelakoak. Erdia baino gutxiago beste zen Bilboko Bizkaia pilotalekua. Apustuetako dirua Gonzalezen alde irten zen.
Sebastian Gonzalez serio itzuli da manomanistara. Azken hiru urteetan burumakur bukatu du txapelketa garrantzitsuena, eta iragan binakakoaren esperientzia txarraren ondoren begiz jota du buruz burukoa. Bidea luzea egiteko gai da, finalerdiak lau aldiz jokaturikoa da, eta ez du ustekabekorik ametitu nahi. Ez behintzat teorian berak baino gehiago jokatzen ez duten pilotarien aurka, eta atzo Merino gaztea maila oan emanda kanporatu zuen. Hurrengo oztopoa Bengoetxea VI.a izango du, final-laurdenetan.
Merino partidarik jokatu gabea zen binakako txapeldun izan zenetik. Buruz burukorako dohainak baditu, baina atzo bere jokoa ez dena egiten saiatu zenean lurperatu zuen bere burua. Jokaldiak aurrean bukatzen saiatu zen, dejadekin gehienetan, eta behar baino huts gehiago egin zituen. Batzuetan tantoa galdu zuen eta beste askotan aukerako pilotak utzi Gonzalezi. Erabaki txarrak hartzearena Azkainekoaren gabezi bat izan bada, atzo Merino ibili zen galduta. Gonzalezek bere bizitzan ordu gehiago sartu ditu buruz burukoa prestatzen, eta hor egon zen aldea.
Lehen tantoa, halere, Merinoren dejada batekin iritsi zen. Lehen erdia orekatua izan zen, polita. Merino luze jokatzen saiatu zen eta Gonzalez ezker boleaz defendatu zen. Agerikoa zen nor zen aurrelaria eta zein atzelaria, hala ere gazteak lotsagabe xaxatu zuen beteranoa aurrean tantoa bilatu, eta lortuz. Bitxia bada ere, oreka Merino aurretik jarri zen unean bukatu zen (9-10).
Merinok onartu zuenez 9-10ekoarekin eginiko hutsa izan zen garestien ordaindu zuena. Gazteak dejada harroa bota eta Gonzalezek tantoa egin zion. Hortik aurrerakoak askoz bizkorrago garatu ziren. Gonzalezek, gustuko pilotarekin, tartetxoa ireki zuen, besteak beste saketik eginiko bi tantori esker (16-11). Merino ezker paretan mina egiten saiatu zen baina Azkainekoa airez defendatu zen. Nabarmentzekoa, halaber, aurrelaria ia tanto guztietan oso ondo kokatu zela.
Partida oso aldapa gora zegoen, eta Merinok ez zuen arriskatzea baino beste biderik. Sakea eta bere pilota nola edo hala berreskuratzeko irrikan, tantoa bukatzen saiatu zen eta zorteak bizkarra eman zion. Hiru saiakera, eta hiru huts jarraian. Gonzalezek esku eskura zuen garaipena (19-11). Dena erabakita zegoela Merinok emaitza atontzea lortu zuen, baina partidari buelta emateko aukera urrunegi zuen. Urtebete barru, eskarmentu eta prestatzeko denbora gehiagorekin, Merino kontuan hartzeko pilotaria izango da buruz burukoan.
Bi txapeldun ohi, aurrez aurre
Juan Martinez de Irujok eta Abel Barriolak txapelketako bigarren faseko hirugarren partida jokatuko dute gaur, Eibarko Astelena pilotalekuan (17:00, ETB1). Biak dira txapeldun ohiak, halere Irujo ageri da faborito garbi. Binakako txapelketatik kanporatu zutenetik ondo prestatzeko aukera izan du eta entrenamendu asko egin ditu. Barriolak, aldiz, bigarren partida du, iragan astean Beginori 22-13 irabazi ondoren. Manomanistan bi aldiz jokatu dute elkarren aurka, eta partida bana irabazi dute. Azkena Irujok, 2010eko final-laurdenetan (22-12). Irabazleak Xala izango du aurkari.
Bigarren fasea bihar bukatuko da, Tolosako Beotibar pilotalekuan (16:30), Julen Retegi eta Mikel Olaetxearen arteko partidarekin. Retegi da faborito eta Olaetxeak Albisuri irabazi zion pasa den astean (22-21). Irabazleak AImar Olaizola izango du aurkari final-laurdenetan.
Bestalde, asteburuko jardunaldia herenegun hasi zen, eta Asier Olaizolak 22-9 irabazi zion Aritz Lasari Ezkabarten (Errioxa, Espainia). Goizuetakoa gehiago izan zen, eta eskuinez agindu zuen. Heldu den astean Bengoetxea VI.aren aurka jokatuko du.
Gonzalez 22. Merino II.a 14
Ordu gehiago sartu dituelako
Gonzalezek serio jokatu du, eta buruz buruko jarduna hobeto ezagutzen duelako kanporatu du Merino
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu