Alferkeria goratzeko erabiliko dut nire gaurko lehen pasartea, zuen baimenarekin. Ederra da gero ordutegirik gabe bizitzea, errutina ikaragarria den lanbidean. Presarik gabe jaiki, lasai-lasai gosaldu, lasai jantzi, entrenatzera irten, 14:30ean mahaian bazkaldu (ikusgarria!), siesta, masajea, osteopataren bisita, hoteleko igerilekuan taldekide eta laguntzaileekin solasean egon, etxekoekin mintzatu, afaria, gauean beste masajetxo bat, oheratu aurretik... Sentitzen dut gehienei inbidia pixka bat ematea, baina 10 egun ibili garen bezala ibilita, merezi genuela uste dut.
Pentsa zenbatekoa izan den lasaitasuna, galdu egin naizela Grenoblen. Taldekideek ordubete eskas egin dute entrenatzen eta niri gehixeago ibiltzea gustatzen zait, bi ordu eta erdi edo, hankak ondo askatzeko, gehiago izerditzeko, hurrengo etapari hobeto ekiteko. Bakarrik ibili naiz ordu eta erdi eta bueltakoan galdu egin naiz Grenoblen. Hara eta hona ibili naiz bueltaka eta eskerrak hiria ezaguna dela niretzat, Dauphine-Liberetik-eta. Umore pixka bat tentsioa askatzeko, algaraka aritu gara hotelean, iritsi naizenean.Tourra handietan handiena dela ere esan izan dizuet, baina leku aldatzeei dagokionagatik ez dakit ba, horrela den. Etapa 17:00etan bukatu genuen. Presaka, dutxatu eta aireportura joan ginen ziztu bizian. Han zer dagoen badakizue. Zuek hona, besteak hara, maletak, igo... 400 bat kilometro daude Mulhousetik Grenobleraino, ordu erdi hegazkinean, baina 20:30ak pasata heldu ginen hotelera. Autoan etorri ziren laguntzaile zenbait 21:00ak aldera. Ez dakit pena merezi duen hegazkineko prozesu guztia pasatzea, autoan antzeko denbora pasatzen bada!Aurrerantzean zer gertatuko den jakiteko irrikan zaudetela suposatzen dut. Irakurle askoren ilusioa zapuztuko dut, baina nire ustez Armstrongek irabaziko du zazpigarrena eta nagusi izango da. Zergatik egingo du kale aurten, aurreko sei urteetan egin ez badu. Gerardmerrera bidean denok harritu ginen Discovery Channel taldeko inor ez egotea aurrean, baina irakurketa interesgarri bat badu horrek. Eta egun hori taldearen egun txarra izan bazen, zer?Zaila da nola jokatu asmatzea. Parekotasuna handia da eta egun 30-40 lagunek eusten diote mendate gainean erritmo ito-itoari. Oso-oso ona izan behar da Armstrong atzean uzteko.
NIRE TOURRA
Ordutegirik gabe bizitzea, bai ederra!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu