Egoera ez da larria. Bi jardunaldi bakarrik jokatu dira, eta bi partidetako bat lau onenen artean sartzeko hautagaiaren aurka galdu da, etxetik urrun. Alegia, Malagakoa aurreikusteko moduko porrota izan zela. Ez da komeni emaitzari buelta gehiegi ematea. Baina zer gertatzen da jokoarekin? Hutsak edo hobetu beharrekoak aipatzearekin bat, hausnarketa sakona egitea komeni da, etorkizun gertuan arazo potolo bilaka daitezkeenak saiheste aldera.
Baskoniak gabezia handi bat du, eta gabezia horren ondorioz sortzen dira beste arazo guztiak, edo gehienak. Ez da saskibaloi aditua izan behar gabezia hori pibot sendoen falta dela esateko. Kontua ez da Splitter joan zelako negarra egiten segitzea. Joan zen, eta horrek ez dauka bueltarik. Eztabaida bestelakoa da. Ondo estali al du Baskoniako zuzendaritzakbrasildarrak utzitako zuloa? Barac eta Haislip nahikoak al dira zulo hori estaltzeko? Itxaron beste erremediorik ez dago, Haislipek beste bi aste egingo dituelako osatzen. Florent Pietrus eta Dejan Musli ez dira eztabaidan sartzen. Pietrus aldi baterako dagoelako, eta Muslik nekez izango dituelako bilakaera ona edukitzeko moduko minutuak.
Teletovic eta Bjelica ere 4 postuan joka dezaketen jokalariak direla dio Ivanovicek, piboten taldea osatua dagoela esateko, baina Teletovic hegaleko garbia da, defentsan pibot petoak zaintzerakoan izerdia botatzeko gogo handirik sumatzen ez zaion jaurtitzaile petoa. Bjelicak hiru posizioetan joka dezake. Eskolta da, hegalekoa, eta hegal-pibota ere bai, 2,09 delako luzean. Ezer gutxi erakutsi du, eta aste dezente eman ditzake oraindik antzera.
Nori begiratu behar zaio orduan? Stanko Baraci. Kroaziarrak ematen diolako oreka taldeari. Ezin zaio eskatu Splitterren lan bera egitea, ez baita justua, baina bere zenbakiak hobetzea eskatu behar zaio. Erregulartasuna, adibidez. Partida batean 17 puntu sartzea eta hurrengoan lauhutsaren hurrengoa da. Barac 2,17 da luze, eta kementsuago egin behar ditu blokeoak, hobeto lagundu blokeoa eta jarraipena, eta saskipean kemen handiagoarekin jardun.
Oreka bilatu behar du Baracek bere jokoan, baina oreka aurrena bere buruan. Konfiantza falta baitu aurkari gaiztoen. Bestelakoan ulergaitza da sarri saskipean erakusten duen jarrera, izutu eta saskipetik urrunduz aurkaria baino gehiago denean. Baracek oreka hori lortzen badu, asko hobetuko du bere jarduna Baskoniak, eta horren jakitun izan behar du pibotak.
Oleson, Ribas, Teletovic...
Beste taldekide askok ere bai. Baracek baino soldata mamitsuagoa daukate Teletovicek eta Olesonek, eta pattal ekin diote. Alaskakoak batez ere. Ikur izan zedin fitxatu zuen Kerejetak, eta denboraldi honetan ez du lesioen aitzakiarik. Ondo jokatzen hasi behar du, eta azkar. Teletovicen lehorteak erremedio zailagoa du, jaurtiketak sartu edo ez, 10-12 sartzen jarraituko duelako partida bakoitzean. Batzuetan asmatu egiten du, eta hori arrazoi nahikoa da etxeko zaleek kontuak ez eskatzeko. Pau Ribasek ere bere jarduna hobetu behar du. Logan, San Emeterio eta Pietrus kontu eskatze ariketatik salbu geratzen dira, oraingoz.
Kanaria Handiari buruz hitz bi. Gutxirekin asko egin dutelako berriro. Jaycee Carrolli eutsi diote, eta Taurean Green joko antolatzailea fitxatu. Savane izarrak Xavi Rey izanen du laguntzaile sasoi honetan. Etxetik urrun asko jaisten du bere maila, baina ez lokartzea komeni.
C. L. BASKONIA-KANARIA H.
Caja Laboral. Ribas, Huertas, Logan, Oleson, San Emeterio, Teletovic, Bjielica, Florent Pietrus, Musli eta Barac.
Kanaria Handia. Taurean Green, Bellas, Carroll, Kloos, Beiran, Bramos, Jim Moran, Victor Baldo, Watson, Savane eta Xavi Rey.
Sailkapena. Baskonia 6. postuan dago: 1-1 (+38). Kanaria Handia 11. da: 1-1 (-3).
Lekua. Fernando Buesa Arena (9.753 ikusle).
Ordua. 18:00.
Oreka, jokoan eta buruan
Neurria ematen ari ez diren kideen laguntza berreskuratu nahi du Baskoniak, Kanaria Handiaren aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu