Futbola

Orekatu du multzoa

Athleticek 1-0 irabazi dio Rapid Vienari, Europa ligako multzoen faseko bigarren jardunaldian, eta hiru punturekin daude lau taldeak. Beñatek sartu du partidako gol bakarra.

jarraia127248.jpg
unai zubeldia
2016ko irailaren 29a
23:25
Entzun

Gola, penaltia eta jokoz kanpokoa. 45. minutuan. Jokaldi bakarrean. Epailea non zegoen ez zekiela. Eta jokalariak eta zaleak ikusten ari zirena sinetsi ezinik. Tony Chapron frantziarrak kontrola galdu zuen Athleticen eta Rapid Vienaren arteko Europa ligako multzoen faseko bigarren jardunaldiko lehen zatiko azken jokaldian, eta gutxitan ikusten den ikuskizuna eskaini zuen. Jokoz kanpoko argian jaso zuen pasea Williamsek, jokoz kanpoko argian ukitu zuen Adurizek baloia oin puntarekin, sareetara bidali zuen baloia Williamsek...

Eta hor sortu zen saltsa. Zaleak gola ospatzen, eta epailea, marrazaina eta bosgarren epailea elkarrekin hizketan. Jokalariak bero-bero. Eta erabaki zaparrada segidan. Gola bertan behera utzi zuen lehenengo, baina penaltia adierazi zuen, atezainak Adurizi egindakoa. Rapid Vienako jokalarien haserrea jarraian. Hiru minutuko nahasmena. Eta epailearen azken erabakia: ez golik eta ez penaltirik; jokoz kanpokoa.

Batere beharrik ez zeukanean, partida erotu egin zuen epaileak, eta bero samarra izan zen bigarren zatia. Tony Chapronek, oinarrian, asmatu egin zuen jokaldi horretan, jokoz kanpoko argiak zirelako biak, baina zelaitik kanpoko argibideren bat jaso zuen itxura eman zuen epaileak, eta, gaur-gaurkoz, ezin da halakorik egin. 0-0ekoarekin amaitu zen lehen zatia, baina, merezimenduei tokia eginda, Athleticek golen bat sartzeko nahikoa meritu egin zuen lehen 45 minutu horietan.

Bi jokaldi izan ziren argiak lehen zatian: 24. minutuan Beñatek jaurtiketa bikaina egin zuen area ertzetik, ezkerrez, eta are erantzun hobea eman zion Strebingerrek, baloia kornerrera bidalita. 30. minutuan, berriz, Beñatek berak atera zuen falta eskuin erasoan, eta Yerayk zutoinera bidali zuen burukada. Beste behin ere, partida handia jokatu zuen harrobiko erdiko atzelari gazteak. Bi jokaldi horietan sortu zuen arriskua Athleticek, baina erabat nagusi izan zen jokoan. Horixe falta izan zitzaion lehen 45 minutuetan, nagusitasun hori arrisku jokaldietan islatzea.

Aldaketak, eta gola
Lehen zatiko azken jokaldian gertatu zena sinetsi ezinik zelairatu ziren bi taldeetako jokalariak atsedenalditik bueltan. Rapid Vienako atezainak berak ere ezin zuelako sinetsi epaileak penaltia baliorik gabe utzi izana. Presio lan berberarekin ekin zion Athleticek partidari, eta 59. minutuan iritsi zen saria, San Jose eta Muniain zelairatu berritan. Beñatek area ertzean jaso zuen baloia, aldaratze batean, eta eskuinkada indartsuarekin bidali zuen baloia sareetara, atzelari baten gorputza ukitu ondoren.

Lasaitasunaren gola izan zen, lehen jardunaldian Sassuoloren zelaian 3-0 galdu ondoren, zuri-gorriek ezin zutelako hutsik egin atzo etxean. Genkek 3-1 irabazi zion Sassuolori, eta, ondorioz, lehen bi jardunaldiak igarota, hiru punturekin daude F multzoko lau taldeak. Golak ematen duen ohiko indarrarekin, Adurizek eskura izan zuen 2-0ekoa, area barruan kontrolatutako baloiarekin, baina geldiketa ederra egin zion Strebingerrek. Williamsek eta Ricok ere aukera on bana izan zuten ingurua lasaitzeko, baina gol bakarrarekin amaitu zen partida. Epaileak adierazitako jokoz kanpoko harrigarriari iskin egiteko gai izan zen Athletic azkenean, eta bizi-bizirik dago Europan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.