Urtebete eskasean beltzetik zurira igaro da Urdaibai. Aurreko denboraldian ohorezko txandatik kanpo ibiltzera kondenatuta egon zen. Nahi eta ezinean ibili zen. Sasoi honetan, baina, Jon Elortegik Bou Bizkaia ontziaren norabidea zuzentzea lortu du, baita haren kuadrillari indarra eta kemena helaraztea ere. Ontzirik azkarrena izan da erlojupekoan gaur, Bilbon, eta hala, sasoiko bigarren trapua astindu du Josu Andoni Barturen patroiak. Bizkaitarrek argi erakutsi dute aurreko astean Orion (Gipuzkoa) gertatutakoa ez zela ezustekoa izan.
Erlojupeko probak dakarren berezitasunaz gain, gaurkoan korronteak nahiko buruhauste sortu dizkie entrenatzaileei eta lemazainei. Nahikoa zen ontzia bi metro istriborrera edo ababorrera jotzea garaipenak ihes egiteko. Itsasgora 21:00etan izanda, ohorezko txandako taldeek aurrekoek baino haize eta korronte gutxiago izan dutela ere, Elortegik estropada aurretik marraztutako estrategia ongi bete dute Barturenek eta arraunlariek.
Korrontearen indarra ahula izan dela eta, ligako lau ontzi indartsuenak irteeran ez dira erabat istribor aldera joan. Orio eta Santurtzik egin dute irteerarik indartsuena. Talde horiek zerbaitegatik daude Eusko Label Ligako lehen bi postuetan. Lehen ziabogara segundo berean iritsi dira San Nikolas eta Sotera ontziak. Iker Zabalak Eneko Gonzalez jarri du txopan estrenekoz, Asier Zurinagaren ordez. Bigarren txandakoei ateratzen zieten aldea handia zen benetan: Oriok Hondarribiari hemezortzi segundo atera dizkio luze bakar batean. Bitartean, Urdaibai bi segundo atzetik zegoen, baina burua hotz zuten Elortegik eta bere kuadrillak. Aurkaria alboan ez izateak, lan hori egitea eskatzen du: ontzi barruan kontzentrazioa mantentzea, eta arraunketa ez galtzea.
Guggenheim museoaren parean, Nerbioi ibaiak egiten duen meandroaren forma horretan, Oriok Santurtzirekiko segundo bateko aldea zuen. Urdaibaik bere lana egiten jarraitu du, eta oriotarrengandik bi segundo atzetik zihoan. Bien bitartean, Donostiarrak zortzi segundoko galera zuen. Haizeak behera egin du, eta estropada eremua leunagoa zegoen. Kanpoko ziabogako bandera, esaterako, guztiz eroria zegoen. Baina ohorezko txandako arraunlariek burua beste nonbaiten zuten, eta aldeak ohi baino txikiagoak izan dira ontzien artean. Hirugarren ziabogara hurbiltzen ari zirela, Urdaibaik susperraldi txiki bat izan du, eta Santurtziren pare jartzea lortu du. Bi ontzi horiek eta Orio segundo batean iritsi dira azken maniobrara.
Azken txanpa ikusgarria
Bermeotarrek bazekiten Orio eta Santurtzi estututa garaipena lortzeko aukera izango zutela. Aurreko astean, azken luzea ikusgarria egin bazuten, gaurkoan zer esanik ez, eta ur geldoetan, gainera. Azken bi minutura arte minutuko 37 paladako erritmoan zihoazen. Urdaibaik atzetik zituen Orio eta Santurtzi liderra, baina konfiantzaz beteta ziren. Barturenek Luis Gonzalez eta Mikel Calleja hankekoei paladak sarritzeko eskatu eta herio bizian zeharkatu dute helmuga. Ez San Nikolas ontziak, ez Soterak, ez dute bermeotarren denbora hobetu.
Zierbena izan da azkarrena bigarren txandan, bosgarren eginda. Bizkaitarrek Hondarribia izan dute aurkari zuzena. Lehen ziabogan bi ontzien artean segundo bateko aldea egon da, Zierbenaren alde. Bigarren luzean, Juan Zunzunegiren taldeak beste estutu bat eman eta bi minututan Ama Gudalupekoa traineruari bi segundo atera dizkio. Alde hori izanda, Zierbenak nahikoa izan du estropada kudeatzeko. Amaieran bost segundoko abantaila atera dio Hondarribiari.
Lehen txandako garaileak, Aresek egin du bederatzigarren. Galiziarrek estropada oso serioa egin dute, eta euren txandan hasieratik amaiera arte nagusi izan dira. Ondarroak eta Kaikuk lehia oso estua izan dute: segundo eta erdi Bizkaitarra ontziaren alde. Amaieran, Aresengandik hamar segundora geratu da. Azken postuan, berriz, Zarautzek amaitu du.
Orio, nagusi
Oriok denboraldiko laugarren trapua astindu du gaur, eta erlojuaren aurka ere ontzirik indartsuena dela berretsi du, Bilboko estropada irabazita. Hala, zazpi estropada igarota, Xanti Zabaletaren taldeak ondo bideratua dute Euskotren liga berriz irabaztea. Izan ere, bost estropaden faltan, bost puntuko errenta dute donostiarrarekiko. Bigarren aldiz jokatzen zen Bilboko estropada emakumezkoetan. 2016an izan zen azken aldiz, eta hor San Juan nagusitu zen.
Sailkapena atzetik aurrera hartuta, Hondarribia izan daerlojupekoari ekiten aurrena, ondoren Donostiarra eta azkenik Orio. Arraun ez daaritu. Arraunlariek atzo pasatu zituzten Osakidetzak agindutako COVID 19ko testak, eta ezusterik ezean bihar jakingo dituzte emaitzak. Negatiboak izanez gero, entrenatzen hasi ahal izango dira berriro, eta datorren ostiralean jokatuko den Euskadiko Txapelketan parte hartu.
Hasi eta buka nagusitu da Txiki ontzia. Aurreko igandean etxeko estropada ez irabazi izanaren arantza kendu nahi zuten oriotarrek. Gainera, ligaren erdia igarota, jakitun ziren puntu bakoitza are eta balio gehiago hartzen doala estropadaz estropada.
Ibaiko uraren sakonera eskasa izan arren, arraunkera bizia erakutsi du Oriok hastapenetik. Denboraldi osoan zehar hala egin du, baina ibaian izanda, are agerikoagoa izan da hori. Donostiarra eta Hondarribia indarrez atera dira, baina berehala ezarri du bere legea Oriok.
Lehen luze horretan Hondarribia izan da istriborrenera joan dena. Donostiarrak eta Oriok, berriz, nahiago izan dute erditik joan, eta Nadeth Agirrek gidatutakoa izan dira korronteak ondoen baliatu dutenak, eta itsasadarrean hoberen moldatu direnak.
Ziabogara iristerako alde polita zuen jada Oriok. Zazpi segundo ateratzen zizkion Donostiarrari etea hamaika Hondarribiari. Azken horietan leku aldaketa dezente egin zituen aurreko igandekoarekin alderatuz. Arraunlari berdinak aritu diren arren arraunean, hiruk baino ez dute egin leku berean. Horrekin joera aldaketa bat biltzen dute gipuzkoarrak. Baina ez da hala izan. Donostiarrak lan ona egin du, baina oraindik ez ere ez dela Orio bezain ontzi batua antzeman da.
Itzuleran gauzak ez dira aldatu. Alderantziz. Paladaz-palada, eta hazea alde, Orio aldea handitzen joan da, eta azkenerako bikoiztu egin du lehen luzean ateratako errenta. Hamahiru segundo atera dizkio Donostiarrari, eta 23 Hondarribiarri. Bihar, Lekeition (Bizkaia) izango dira Eusko Label eta Euskotren ligetako estropadak, 11:40etatik aurrera, itsaso zabalean.