Orio eta Zumaia. Bi klub horiek ariko dira San Miguel ligan datorren denboraldian, biak izan direlako bi onenak igoerako eta jaitsierako kanporaketan joan den asteburuan. Igandean, Portugaleten, bezperan Bermeon izandako emaitza bera izan zen, eta Oriok aurrea hartu zien zumaiarrei, Santurtziri eta Amegroveri. Ez zituzten kontu asko egin behar izan sailkapena zehazteko, puntu banaketak argi esaten zuelako Gipuzkoako biak izan zirela bi azkarrenak.
Larunbatean, nahiko erabakita geratu zen kanporaketa, eta herenegun, bezperakoa berretsi baino ez zen egin. Gainera, ibaian izanda estropada, ez zen alde handirik espero batetik bestera, eta oso zaila zeukaten Santurtzik eta Amegrovek larunbatekoa iraultzea. Orio gaindiezina zela argi geratu zen Bermeon, eta igandean, Zumaiak hasieratik gauzak bere lekuan lagatzeko asmoa azaldu zuen. Lehen bi luzeetan, oriotarrek segundo bakarra atera zioten, eta horrek adierazten zuen lehia erabakita zegoela kanporaketari zegokionez. Santurtzi eta Amegrove sei segundotik atzera ziren aurreneko bi luzeetan: zortzi eta zazpi segundora Oriotik, hurrenez hurren.
Hirugarren luzean, handitu egin zituzten aldeak oriotarrek. Zumaiari bost ateratzen zizkioten, hamabi eta hamahiru Santurtzi eta Amegroveri. Azken luzean, berean segitu zuten kontuek, eta oriotarrek eta zumaiarrek ederki ospatu ahal izan zuten saria lortzea. Garaileak zortzi segundo atera zizkion bigarrenari, hamabost Santurtziri, eta hamazazpi Amegroveri.
Horrenbestez, Orio liga nagusira igo da, urtebete behean aritu eta gero. Gutxi iraun du tristurak, denboraldi bakarra nahikoa izan duelako onenen artera itzultzeko. Ez da ezustea izan, hori lortzeko taldea osatu zuelako sasoiaren hasieran. Ez du hutsik egin.
Zumaiak beste urtebete gehiagoz segituko du elitean. 2005ean igo zen, eta harrezkero onenekin da. Zortzigarren denboraldia osatuko du. Nabarmentzekoa da klub horren filosofia, etxeko arraunlariekin ari delako lanean, oso talde gaztearekin. Ia urtero jotzen dute jaitsitzat, baina aurtengoan ere ez dute asmatu aurreikuspenek. Datorren urtean ere San Miguel ligan izango da.
Azkenekoa, Hondarribira
Igandean, Portugaleten bertan, San Miguel ligako azken estropada jokatu zuten, eta Hondarribia izan zen azkarrena. Kaiku zen faboritoa, eta estropadaren erdiak ere uste hori indartu zuen, baina azken bi luzeetan, gehiago izan zen Hondarribia, eta sasoiko bere seigarren bandera irabazi zuen. Tiran izan zen hirugarren. Liga hasi zuen bezala bukatu du atzoko garaileak: trapua astinduz.
Orio eta Zumaia ariko dira San Miguel ligan datorren urtean
Orio maila nagusira itzuliko da iaz jaitsi eta gero, eta Zumaiak zortzigarren sasoia beteko du onenekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu