Denboraldiaren aurrean jakina zena erakusten ari da Orio. KAE1 ligan ez du aurkaririk, eta ezuste handirik ezean, liga irabaziko du. Bi estropada jokatu dituzte, eta bietan erraz irabazi du. Gaur du lidergoa sendotzeko beste aukera bat. Donostian izango da hirugarren jardunaldia (17:00). Faborito bakarra dago, indartsuena delako, eta gainera, oso gustukoa du eremua.
Lehia bigarren posturako egongo da. Hor bai daudela estu kontuak. Santurtzi eta Elantxobe berdinduta daude, eta Isuntza hiru puntura daukate. Hiru horiek eta Orio lehiatuko dira txanda nagusian. Jaitsierako lehia ere interesgarria dago. Azkena, Santoña, eta azken-aurrekoa, Getaria, lau punturen baitan daude.
Gipuzkoako Liga aurretik
Donostian bertan, beste estropada bat ere izango da jokoan (16:30). Emakumezkoak ariko dira arraunean, Gipuzkoako Ligako hirugarren estropadan. Sei traineru izango dira uretan, erlojuaren aurka, binaka: Zumaia eta Getaria-Tolosa, San Juan eta Orio, eta Hibaika eta Hondarribia.
Joan zen asteburuko bi estropadak, Euskotren ligarako sailkatzekoak, puntuagarriak izan ziren Gipuzkoako Ligarako, eta Zumaia eta Getaria-Tolosa berdinduta daude sailkapenean. San Juan doa hirugarren, eta gero, Orio, Hibaika eta Hondarribia daude.
Oriok KAE1 ligako lehen postuan sendotzeko beste aukera bat du gaur, Donostian
Hirugarren estropada jokatuko dute, eta aurreko bietan oriotarrak izan dira irabazleak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu