Herriko lixibarriko estalpean lehen oharra: «Ez dut memoria onik». Finaletako bideoak ikustea ez du oso gustuko: «Batzuetan oso gogorra da». Halere, aitortu du Lasarekin jokaturikoa behin baino gehiagotan ikusi duela. Argazkiak pasatu ahala, memoriarena berretsi du: ordena ez du garbi eta emaitzak gutxitan asmatu ditu. Irabazitakoak argiago ditu.
2001EKO 2. MAILA, BURUZ BURU
Xala16 Berraondo22«Bi urte neramatzan bakarrik ezkerparetan jokatzen»
«Gaztea nintzen, eta hura nuen ezkerparetako lehen finala. Bi urte lehenago ez nuen ezagutzen ezkerpareta; denbora gutxi neraman jokatzen. Pauso bat izan zen, partida askoko txapelketa —zazpi guztira—. Garai haietan, asko entrenatzen nintzen; ordu asko sartzen nituen Pampirekin. Astebururo borrokatu egin behar nuen. Ezin nuen imajinatu urteekin beste finalak etorriko zitzaizkidala; nire buruan, eskaileran igotzea zegoen bakarrik, ikaragarri entrenatzea… Zaila zen etorkizunean pentsatzea. Berraondo pilotari ona zen. Askotan jokatu nuen haren aurka. Ongi jokatzen zuen buruz buru, eskuin kolpe bizia zuen eta dejada ongi botatzen zuen. Pilotaria zen».
2002KO BINAKAKOA
Xala-Lasa III.a22 Olaizola I.a-Ruiz19«Oskar Lasa anaia nagusi bat bezalakoa izan zen niretzat»
«Txapelketa garrantzitsua izan zen niretzat. Enpresak konfiantza eman zidan, eta polemika sortu zuen, Eugi kanpoan utzi zuelako, eta hura kexatu egin zen. Arrazoia izango zuen ziur asko, eta nik baino gehiago jokatuko zuen orduan, baina halakoetan enpresak agintzen du eta isildu egin beharra daukazu. Gogoratzen naiz Oskarrek izugarri jokatu zuela txapelketa hartan, eta anaia nagusi bat bezalakoa izan zela niretzat. Oskarrekin harreman oso ona dut, eskiatzera elkarrekin joan izan gara, oso jatorra da... Finalarekin ez naiz askorik oroitzen. Asierrek pilotakada hartu zuen buruan, eta gero ia buelta eman zion partidari».
2004KO BURUZ BURUKOA
Xala12 Martinez de Irujo22«Goizegi iritsi zitzaidan»
[Ez zen oroitzen.] «Galdu nuelako ahaztua nuen! [barrez]. A zer-nolako ilea nuen! Presio handia sumatu nuen egun hartan: Ipar Euskal Herriko lehen finalista… Berak nik baino gehiago jokatu zuen. Partida erdialdera arte berdinduta egon ginen, eta joan egin zen. Aurretik, finalerdietan, partida garrantzitsua irabazi nion Olaizola II.ari; agian, garai haietako nire partidarik onena. Esperientzia falta izan zitzaidan finalean; ez nengoen buruz buru jokatzera ohituta. Goizegi zen niretzat. Baina, tira, iritsi egin zitzaidan. Beste pilotariek 15-16 urterekin finalak jokatzen zituzten afizionatuetan eta ohituagoak zeuden jendearekin eta presioarekin, baina nik bide hori egin gabe nuen».
2005EKO LAU T'ERDIKOA
Xala5 Olaizola II.a22«Galdu dudan okerrena»
«Oroitzapen txarra dut… Aste txarra pasatu nuen, urdaileko arazoekin, eta ez nengoen ongi. Ez nuen ez jokatu, ezta izerdirik bota ere. Aimarrek oso partida ona jokatu zuen, eta nik… nik ez nuen ezer egin. Galdutako final guztiek ematen dute min, baina agian hura izan zen gogorrena. Egun hartan ez nuen ez jokatu, ezta borrokatu ere. Borrokatuz galtzen baduzu, tira, baina bera askoz gehiago izan zen, eta nik ez nion ezta aurre egin ere. Horregatik egin zidan hainbeste min galtzeak».
2007KO BINAKAKOA
Xala-Martinez de Eulate22Olaizola I.a-Beloki18«Hondoa jota nengoen... eta burua altxarazi zidan»
«Hori bai izan zela ona! A zer-nolako oroitzapenak… Ni gogor borrokatu nintzen, eta txapelketaren aurretik moral aldetik nahiko ahul nengoen. Irabaztea ona izan zen, eta ongi ospatu genuen. Peiorekin oso gustura jokatu nuen. Oso pilotaria zen; bi eskuekin saihesten zuen aurrelaria. Motibazioz, jokoz eta denarekin hondoa jo nuen, eta final horrek burua altxarazi zidan. Txapel onenetarikoa izan zen. Denak dira onak, baina bat aukeratzearren, hau aukeratuko nuke. Une zailean nengoen, eta poz handia eman zidan. Hura izan zen nire binakako txapelketarik onena».
2010EKO BINAKAKOA
Xala-Zubieta22 Gonzalez-Laskurain14«Aitor izugarria da, moral handikoa; beti da baikorra»
«Aurreko urtean, Aitorrekin bukatu nuen txapelketako lehen fasea, eta EPELek asmatu zuen tantoak zenbatzeko moduaren erruz finalerdietatik kanpo gelditu ginen. Berriz ez du erabili, eta horrek agerian utzi du hanka sartu zuela. Erabaki hark asko amorrarazi ninduen, ni ligara deitu eta zenbatzen ikasi behar zutela esatera iristeraino! 2009an finalerdietan sartu izan bagina, ezustekoa eman genezakeen. Gero, 2010ean, berriz ere elkarrekin aritzeko aukera eman ziguten, eta oso pozik nengoen. Aitorrek txapelketa bikaina jokatu zuen. Atzelari bikaina da eta moral harrigarria du; beti da baikorra. Binakako txapelak bereziak dira, binaka irabaztean besteak ere poz berdina sentitzen duelako».
2010EKO BURUZ BURUKOA
Xala13Martinez de Irujo22«Buruz buruko taktika eta jokoa argiago ikusten nituen»
[Ez zen oroitzen.] «Nik irabazitakoetan bakarrik pentsatzen dut eta… Juanen aurka, Gasteizen. Ongi irabazi zidan. Berak asko jokatu zuen, eta nik, gaizki ez. Buruz buruko joko eta taktika 2004an baino argiago zeuden nire buruan, esperientzia handiagoarekin. Gauza batzuk falta zitzaizkidan, baina hobeto ikusten nuen neure burua. Txapelketa hartan, indar aldetik ere besteen maila nengoen, eta teknika aldetik ere denak maila bertsuan geunden. Garai hartan, Justo Lillorekin prestatzen hasia nintzen eta indartsuago sentitzen nintzen. Adina ere garrantzitsua da, beste pilotariek 15-20 urte artean izandako tartea falta izan zitzaidalako eta nik profesionaletan ikasi behar izan dudalako finalak jokatzen. Horregatik uste dut hainbeste kosta izan zaidala finaletan nire maila ematen hastea».
2011KO BINAKAKOA
Xala-Beroiz14Olaizola II.a-Begino22«Abel Barriolak behar zuen nire alboan jokatzen»
«Pena izan zen. Mikelekin ez dut inolako arazorik, baina final hartan Abel Barriolak behar zuen nire alboan. Txapelketa handia jokatu genuen, eta nahiko nuke berriz ere berarekin jokatu. Finalean hamalauna egon ginen, eta tanto gogor-gogor batean bolea bat zabaleko txapara joan zitzaidan, eta erabakigarria izan zen. Eurek euren pilota atera, saketik tanto pare bat egin eta aldea ireki zuten. Hortik aurrera Olaizolak erabaki zuen».
2011KO BURUZ BURUKOA
Xala22 Olaizola II.a19«Amorruak ez zidan utzi behar bezala gozatzen»
«Egun garrantzitsua izan zen. Finala ia galdua nuen, eta buelta eman nion, gantxoak sartuz. Argazkian negarrez nagoela dirudi, baina ez da hala: Photoshopekin manipulatu dute [barrez]. Amorrua nuen barnean, agian gehiegizkoa. Gero bukaeran hainbeste amorrua nuen, ez dakit honezkero pasatu zaidan, eta ez zidan utzi behar bezala gozatzen. Oraindik ez dut ahaztu, eta, agian, mesede egiten dit, jende askok esaten didalako ez dudala jeniorik. Oraindik ere bi sentimendu ditut: oso pozik irabazteagatik, baina nik nahiago nuen pasatu zen guztia pasatu gabe irabazi izan banu».
2012KO BINAKAKOA
Xala-Laskurain Titin III.a-Merino II.a«Nire txapelketarik onena izan ez arren, finalean naiz»
«Laskurainek eta biok ez dugu biok batera partida onik jokatu. Batek ongi jokatu duenean, besteak egin du kale, eta alderantziz. Nik uste dut finalean lortuko dugula. Iaz txapelketako pilotari onenaren saria eman zidaten eta finala galdu egin nuen. Nik nahiago dut okerrago jokatu eta irabazi. Ez da nire txapelketarik onena izan, baina hala ere finalean naiz, eta hori ez da seinale txarra. Txapelketa arraroa izan da. Asko hitz egin dut pilotei buruz, baina pilota oso txarrak izan ditugu gure jokorako. Aurkariek euren pilotak izatea, eta zuk zureak atera eta hala ere lan handia egin behar izatea… Horregatik izan ditugu partida kaskar batzuk».