Futbola

Osasuna-Athletic gaur, Espainiako Kopan

Final-zortzirenetako joanekoa jokatuko dute (21:00). Real Unionek 0-1 galdu zuen atzo Betisen aurka.

2009ko urtarrilaren 8a
19:14
Entzun
Espainiako Kopako final-zortzirenetako joanekoa jokatuko dute gaur (21:00), Iruñean, Osasunak eta Athleticek. Jose Antonio Camacho Osasunako entrenatzaileak Ligari ematen dio lehentasuna. "Koparen balioa ez da berdina lehendabiziko kanporaketa hauetan edo finalerdietan edo finalean zaudenean, baina logikoa denez lehentasuna Ligak dauka", zioen atzo.

Igandean Sevillan hasieratik jokatu zuten lau jokalari deialditik at utzi zituen atzo Camachok: Plasil, Font, Azpilikueta eta min hartuta dagoen Kike Sola. Gutxienez lau aldaketa egongo dira nafarren hasierako hamaikakoan, ondorioz. Masud, Juanfran, Ezquerro eta Portillo izan daitezke berritasunak. Dena dela, posible da atean Robertoren ordez Ricardo aritzea eta atzealdean, aspaldiko partez, Josetxok jokatzea.

Athleticek serio ekingo dio Kopako kanporaketari. Entrenatzaile eta jokalari zuri-gorriek "ilusio handia" dute lehiaketa horretan. Fran Yeste ez da gaur Iruñean izango, deialditik kanpo geratu baita.

Real Union (Irun, Gipuzkoa) da Kopan segitzen duen beste euskal taldea, eta atzo etxean 0-1 galdu zuen Betisen aurka (Damiak sartu zuen gola, 11. minutuan). Aurreko kanporaketan Real Madrili nagusitu zitzaion Real Union.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.