Jose Luis Mendilibar Osasunako entrenatzaileak taldearen azterketa egin zuen atzo, denboraldi-aurreko lehen lan saioa amaituta. Baikor azaldu zen bizkaitarra. Lanean hasterako, aldaketa gehienak egin ditu jada Iruñeko taldeak. «Taldea aurreko urteetan baino osatuago dago», entrenatzailearen ustez. Dena den, zehaztu zuen «abuztuaren amaierara arte» ez dutela jakingo behin betiko taldea zein izango den, beti izan daitezkeelako aldaketak.
Taldeko jokalariekin, bi zalantza ditu Osasunak, Ibrahima Balderena eta Javad Nekunamena. Bi kasuotan azken erabakia «taldearen esku» egongo dela azaldu zuen. Baten batek taldea uzteak ez du kezkatzen: «Baditugu ordezkoak». Hortaz, badirudi Osasunak ez duela fitxaketa gehiago egiteko asmorik.
Lau dira orain arte Osasunak fitxatu dituen jokalariak: Sisinio Gonzalez Sisi, Fernando Maceda Nano, Alejandro Arribas eta Emiliano Armenteros. «Laurak nahi genituen jokalariak dira, eta gurekin dauzkagu». Gainera, azaldu zuen horietako birekin «aspaldi» lortu zutela akordioa, eta beste biek Iruñera etorri nahi izan dutela, «beste eskaintza batzuk izanda ere». Horregatik, adierazi zuen klubak izango duela «zerbait ona» jokalariek hautu hori egiteko.
22 edo 23 jokalari izan nahi ditu Mendilibarrek. Taldea osatzeko, harrobia baliatuko du. Bigarren taldeko lau jokalarik egingo dute denboraldi-aurrea haren aginduetara, eta horietatik «gutxienez bi edo hiru» lehen taldearekin geratzea nahi du. Osasunak 24 jokalarirekin ekin dio denboraldi-aurreari. Sisi da arazo fisikoak dituen bakarra, eta Mendilibarrek dio «denbora gehiago» kostako zaiola taldera itzultzea. Lesioa zuen bestea Masud Shojaei da, baina irandarra gainontzekoekin ari da lanean jada: «Berak baino beldur handiagoa dute medikuek». Atzoko saioetan taldekideekin batera aritu zen Masud, «aurreikusita ez zegoen arren».
Denboraldi berriari begira, Mendilibarrek uste du lehenengo helburua «prestaketa on bat» egitea dela: «Sasoi betean egon beharra daukagu». Horretarako, denboraldi-aurre on bat egin beharko du Osasunak. Alabaina, urtero «oso antzekoa» izaten dela ziurtatu zuen. Ligako egutegiari dagokionez, ez du begiratu nahi aurreneko partidatik harago: «Deportivoren aurkakoa baino ez dut buruan». Taldearen xede nagusia zehazterakoan, oso argi du zein izango den jomuga: «Mailari eusten saiatuko gara, eta ez dugu sailkapenean gorago begiratuko».
Presidente aldaketa ere izan zuen hizpide prentsaurrekoan. Ziurtatu zuen Miguel Artxankorekin baduela harremana, eta presidente berriak kluba «ondo» ezagutzen duela. Entrenatzaile bizkaitarrak uste du «aldaketa batzuk» izango direla taldea zuzentzeko moduan: «Bere marka bereizgarria jarri nahiko dio Osasunari». Haatik, ez du aldaketa nabarmenik espero, gauzak «nahiko ongi» daudelako.
Osasuna, azken ukituen zain
Jose Luis Mendilibarren arabera, aurreko denboraldietan baino «osatuago» dago taldea; aldaketa gutxi aurreikusi dituEntrenatzaileak dio helburua mailari eustea dela, sailkapenean gorago begiratu gabe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu