Intentsitate handiko derbia jokatu dute Osasunak eta Alavesek Sadarren eguerdian. Lehen Mailara igotzeko lehian daude bi taldeak, eta nabaritu da hori zelaian. Intentsitateaz gain, polemika ere izan da zenbait jokalditan.
Babazorroak jarri dira markagailuan aurretik. Juliren jaurtiketak zutoinean jo, eta baloia Raul Garciarengana iritsi da, hark sareratuz (18. minutuan). Gol eztabaidagarria, Osasunako jokalariek falta eskatu baitute, Alaveseko jokalari batek Nauzet atezainari heldu diolakoan. Epaileak ez du hala ulertu, eta ontzat eman du gola.
Sei minutu geroago, ordea, zeharo aldatu da partida; Morak Roberto Torresi eginiko penaltia ikusi du epaileak, eta Alaveseko jokalaria egotzi du, bigarren txartel horia erakutsita. Berdinketaren gola egin du Torresek, eta hamar jokalarirekin aritu da ia 70 minutuz Alaves. Errazago aritu dira etxekoak orduan, eta Urko Verak jaurtiketa gurutzatu baten bidez egin du 2-1ekoa. Atsedenaldira joan aurretik egin du Ninok gorritxoen hirugarrena. Bigarren zatian ez da markagailua aldatu.
Alaves bigarren postuan dago sailkapenean, eta postu horretan liga amaituz gero, zuzenean igoko litzateke Lehen Mailara. Osasuna, berriz, garaipenari esker, bosgarren postuan da, hirugarren sailkatuarekin 46 puntura berdinduta.