Osasunak, aspaldiko partez, zorion pixka bat banatu zuen atzo zaleen artean. Mailaz jaitsi eta bulegoetako udako kalbario guztiaren ondoren, taldearengan sinesteko arrazoiak eman zizkien Sadarreko sufritzaileei. 2-0 irabazi zion Bartzelona Bri lehen jardunaldiko partidan, eta badirudi ez duela arazorik izango maila berrira egokitzeko.
Ninok sartu zituen bi golak. Aurrenekoa buruz, Oierren erdiraketa ona baliatuz (26. min), eta bigarrena Bartzelona Bren atzelarien huts larriaren ondoren (81. min). Bigarren Mailako goleatzaile onena izan ondoren fitxatu zuen Osasunak Nino, eta maila horretan gutxik bezala moldatzen dela erakutsi zuen. Lehen Mailan ez zuen distirarik izan, baina Bigarren Mailako futbol itxian artista da aurrelari beteranoa (34 urte).
Osasunak ondo jokatu zuen. Jan Urbani erasoan jokatzea eta estu presionatzea gustatzen zaio. Partidako lehen zazpi minutuetan hiru gol aukera garbi izan zituen Osasunak baina ez zituen baliatu. Partida luzatu hala sufritu zuen, bigarren zatiaren hasieran bereziki, baina behin bigarren gola sartuta, ondo kudeatu zuen abantaila. Helburuak finkatzeko goizegi da eta ikusteko dago Iruñeko taldeak zein maila ematen duen, baina lehen zantzuak baikortasuna zabaldu dute.
Alaves, hutsune askorekin
Alavesek gaur ekingo dio ligari, Leganesen zelaian (17:30), eta ez du partida erraza izango, Alberto Lopezek lau hutsune izango baititu. Julik, Jarosicek, Castillok eta Beobidek, arazo fisikoekin, ezingo dute jokatu. Arazo larria da, Alaves oraindik taldea osatzen ari baita, eta entrenatzaileak bigarren taldeko hiru jokalari sartu behar izan ditu deialdian. Bide horretan Bobley Anderson iritsi daiteke aurki, Malagak utzita.
Hutsuneak zama dira, baina Gasteizko taldeak ilusioz lepo ekingo dio sasoiari. Ez da ilusio faltsua, denboraldi-aurreko partidetan emaniko irudi onean oinarrituta baizik. Besteak beste Realari eta Eibarri irabazi dio.
Osasunak 2-0 irabazi dio Bartzelona Bri Ninok sarturiko bi golei esker
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu