90. minutuan 2-1 galtzen ari zen Osasuna, gaur, Cadizen (Espainia). Aurrekariak ere ez ziren onenak: aurtengo lehen bi partidetan golik sartu gabe zen Jagoba Arrasateren taldea, eta ordura arte sartutako bakarra penaltiz sartu du Kike Garciak 30 minutu lehenago. Futbolean, ordea, edozer gerta daiteke: Osasunak bi gol sartu ditu hurrengo bost minutuetan.
Berdinduta hasi da neurketa. Antzeko jokoa duten bi talde dira Cadiz eta Osasuna, eta nahiago dituzte joko zuzena eta kontraerasoa baloi jabetza baino. Baloi jabetza, gaur, Osasunarentzat izan da, baina kontraerasoan onena Cadiz izan da lehen minutuetan; hala iritsi da gola 16. minutuan. Ruben Garciak baloi bat galdu du zelai erdian, kontraerasoa bikain gidatu du Salvik, eta haren erdiraketa bultza besterik ez du egin behar izan Alex Fernandezek. Markagailu horrekin iritsi dira atsedenaldira.
Bigarren zatian eskuak eta VAR sistema izan dira protagonistak. Hurrengo hiru golak, Cadizen bat eta Osasunaren bi, penalti puntutik iritsi dira, hirurak area barruan baloia eskuarekin ukitzeagatik seinalatuak. Osasunaren lehena Kike Garciak sartu du, eta gutxi geroago Alex Fernandezek Cadizena. Hortik aurrera, atzean sartu da etxeko taldea, eta erasora jokatu dute nafarrek. Kostata, baina penalti moduan iritsi da saria berriz. Bigarrena Roberto Torresek sartu du, 91. minutuan.
Gol erabakigarria ere askotan errepikatu den jokaldi batean eskuratu du Osasunak, atera duen 11. kornerrean. David Garcia izan da golegilea, buruz, eta behar bezala ospatu dute jokalariek, gogoz. Gauzak hala, porrotik gabe iritsi da geldialdira Osasuna, eta lehen hiru puntuak poltsikoratuta.
Cadiz: Ledesma; Akapo, Perea (Haroyan, 45'), Fali, Espino; Alarcon, Salvi (Osmajic, 78'), Iza, Alex Fernandez; Lozano (Cala, 45') eta Negredo (Andone, 68').
Osasuna: Herrera; Vidal, Aridane, David Garcia, Manu Sanchez (Cote, 87'); Oier (Ibañez, 74'), Brasanac, Torro (Barbero, 87'); Ruben Garcia (Torres, 74'), Javi Martinez (Chimy Avila, 61') eta Kike Garcia.