Osasunak ez dio emaitzari eutsi, eta zaildu egin zaio kanporaketa

Juanfranek 68. minutuan sartu du gola, gorritxoek alde zuten partida, baina bi minutura berdindu du Saul Deportivokoak (1-1)

Erredakzioa
Iruñea
2010eko urriaren 29a
00:00
Entzun
Bi minutuan ikusi ziren atzo partidako jokaldirik ederrena eta partidako jokaldirik traketsena. 68. minutuan ikusi zelako Juanfranen gol ederra, eta 70.ean Vadoczen oparia. Ez zuen Osasunak emaitzari eusten asmatu, eta sari handi samarrarekin doa Deportivo etxera. Joaneko partida bana berdintzea sari handia baita Espainiako Kopan.

Partida irekia eta, uneka, baldar samarra jokatu zuten atzo Osasunak eta Deportivok. Golik gabe amaitu zen lehen zatia, eta egindako jokoaren eta sortutako gol-aukeren isla da hori. Osasunak ez zuen jokorik ongi antolatzen asmatu, eta zailtasun handiak izan zituen Deportivoren defentsa jendetsua gainditzeko. Izatekotan, Lotinaren taldeak izan zituen aukera gehiago Lopo, Riki eta Pablo Alvarezen eskutik.

Nahi eta ezin horretan, ordea, Osasuna izan zen asmatzen lehena. Ederra izan zen Juanfranen jokaldia. Atzelariari izkin egin eta jaurtiketa bikaina atera zuen. Lasaitu ederra hartu zuten jokalariek eta lasaitu ederra ordurako txistu hotsa entzuten ari zen Camacho entrenatzaileak ere.

Bi minutura eten zen dena berriz. Vadockzek sekulako akatsa egin zuen atzean eta Saulek baliatu zuen ederki. Berriro bueltatu zen nahia eta ezina, eta berriro txistu hotsa. Eta izan zituen Deportivok aukera gehiago ere, baina ez zituen gauzatu. Gaitzerdi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.