Osasunak ezin izan zuen ezer egin Granadaren aurka. Atsedenaldira iritsi aurretik jada ihes egin zuten hiru puntuek, andaluziarrek hiru gol sartu baitzituzten Osasunaren ezintasunari aurre eginez .
Lau minutu iraun zuen Osasunak golik sartzen ez ziotela. Minutu hartan baloi arriskutsu bat galdu zuen Aridane atzelariak. Soldadok baloia berreskuratu, eta gola sartzeko pasea eman zion Machisi: 0-1. Erreakzionatzeko imintzioa egin zuen Osasunak, eta izan zituen gola sartzeko zenbait aukera. Rober Ibañezek lehenik eta Enric Gallegok gero. Gallegok sarera bidali zuen baloia, baina arbitroak balio gabe utzi zuen. Jokoz kanpo zegoen Osasunako jokalaria. Aukerak bai, baina ezin asmatu. Kontrara, Granadak gutxirekin sartu zuen bigarrena. Zelai erdian baloia berreskuratu, eta zuzenean Machisi. Hark ez zuen barkatu: 0-2. Atsedenaldia iritsi aurretik iritsiko zen Foulquierren gola ere: 0-3.
Bigarren zatian, Osasunak ezin izan zuen ezer egin, eta markagailuan gerturatzeko aukera baino gertuago egon zen 0-4koa. Aukerarik garbiena Sergio Herrera atezainak ekidin zuen, Soldadoren jaurtiketa geldituta. Osasunak, aldiz, jaurtiketa bakarra egin zuen bigarren zati osoan.
FITXA
Osasuna 0: Sergio Herrera; Nacho Vidal, Aridane, David Garcia,
Estupiñan; Rober Ibañez (Merida, 61 min.), Oier, Darko, Iñigo Perez
(Arnaiz, 61 min.); Ruben Garcia (Adrian, 71 min.), Gallego.
Granada 3: Rui Silva; Victor Diaz, Duarte, German, Carlos Neva;
Gonalons, Yangel Herrera (Eteki, 86 min.); Foulquier, Carlos Fernandez
(Puertas, 69 min.), Machis (Fico, 78 min.); Soldado.
Golak: Machis 0-1 (4 min.), Machis 0-2 (28 min.), Foulquier 0-3 (41 min.)
Epailea: Sanchez Martinez. Txartel horiak: Osasunako Nacho Vidal, Rober Ibañez eta Fran Meridari; eta Granadako Yangel Herrerari.